Loiolako kuartelen eremua hiriaren zerbitzurako berreskuratu behar da

Espainian derrigorrezko soldadutza amaitu eta hamar urtera, oraindik ere kuartel militarrek okupatuta daukate Loiolako lur eremu oso garrantzitsu bat. Donostiaren etorkizunerako ezinbestekoa da lur horiek berreskuratzea, Urumearen ardatzean proiektu estrategikoak garatzeko eta militarrek hipotekatzen dituzten terrenoak hiriaren zerbitzura jartzeko. Gure ustez, eremu horretan URUMEA XXI deitu diogun proiektua garatu behar da: gazteentzako etxebizitza gunea eta jarduera ekonomikorako espazioak uztartuko dituena. Hori da militarrak bidali eta donostiarren ongizaterako egin dezakegun gauzarik onena.

Atzo gauean, hauteskunde kanpainaren hasierarekin batera, azkenean Bilduk ere hauteskundeetan parte hartu ahalko duela jakin genuen. Albiste oso ona da hori, dudarik gabe, Euskal Herriarentzat. Aurrez argi asko defendatu eta aldarrikatu dugun bezala, donostiar eta euskal herritar guztiek izan behar dute hauteskundeetara aurkezteko eta nahi duten hautagaiei botoa emateko eskubidea. Atzoko albistea Groseko batzokian, kanpaina hasierarako elkartuta geunden lekuan bertan ospatu genuen cava edanez. Baina hortik aurrera, atzo bertan zerrendakideei eta alderdikideei esan nien moduan, proiektuez, ideiez, asmoez eta gure hiriaren etorkizuneko ereduaz hitz egiteko garaia da. Donostiar guztiei azaldu nahi dizkiegu hiri honen biharrerako dauzkagun proposamenak. Horietako bat gaur bertan aurkeztu dugu: URUMEA XXI proiektua.

 

Donostia urte gehiegiz bizi izan da Urumeari bizkarra emanda, hain zuzen ere datozen urteetako garapen urbanorako ardatz nagusi izango denari bizkarra emanda. Hiriak korridore estrategiko honen behar handia dauka etorkizunerako. Horregatik Loiolako kuartel militarrak hor erdian egoteak sekulako kaltea eragiten du, lur eremu hori Donostiaren zerbitzura jartzea erabat hipotekatzen duelako. Erabat onartezina da, zerbitzu militarra kendu eta hamar urtera, Loiolako terrenoek donostiarrok ikusi ere egin nahi ez ditugun kuartel militarrek hipotekatuta jarraitzea.

Gai honetan Odon Elorzaren gobernuak erabateko erresoluzio falta erakutsi du, eta Donostiaren interesak defendatzen aritu beharrean, Espainiako Defentsa Ministerioaren delegatua bailitzan jokatu du. Horren aurrean, EAJk ahal duen indar guztiarekin lan egingo du, bai hemen eta bai Madrilen, gehiago luza ezin daitekeen egoera hau desblokeatzeko. Baina ez da erraza izango; donostiarrok argi izango dugu Loiolatik militarrak ateratzea baino askoz gehiago beharko dugula. Ezinbestekoa izango dugu Donostiatik benetako apustua egitea eta donostiarren etorkizunerako hain beharrezkoa den gune hau gure zerbitzurako lortzea. Eta horretarako lana eta presioa irmoki, zibismoz eta kontzientziazio sozialez egin beharko dugu.

Baina lortuko dugu, eta behin lortutakoan ez dugu aitzakiarik izango gure proiektuak aurrera ateratzeko. Urumearen ardatza hiriaren garapen ekonomiko eta urbanorako polo berria izan behar da. Ardatz horretan sekulako aukerak daude, betiere osotasunean ulertzen baldin bada:

  • Tabakalerak, AHTren geltokiak eta autobusen geltokiak osatzen duten gunea diseinu integralarekin eraikitzea.
  • Mundaiz eta Tabakalera artean kokatzen den poligonoa jarduera ekonomikorako gune bihurtzea, Tabakaleraren eta AHTren geltokien gertutasunak aprobetxatuta.
  • Riberas Loiolaren eta Aldunaeneren eraikuntza amaitzea.
  • Kuarteletan “Urumea XXI” proiektua eraikitzea. Etorkizuneko proiektu urbano mixtoa da, zeinetan gazteentzat bizitzeko guneak eta jarduera ekonomikorako guneak nahastuko diren.
  • Txomin-enekoa desjabetzea amaitu eta urte honetan bertan hasi auzo berriaren eraikuntza.
  • Errepide zaharra (Sierra de Aralar – Aintzieta paseoa – Martutene paseoa) bulebaritzatu.
  • Ibai-paseoa Martuteneraino guztiz eraiki Urumeako ezker ibarrean, aisialdirako eta arraunerako Ibaialde zentroa barne, eta eskuin-ibarreko paseoa proiektatu lanak hasteko

 

Urumea XXI proiektua, Loiolako kuartel militarren lur eremuan garatzekoa

 

URUMEA XXI PROIEKTUA

Egun Loiolako kuartel militarrak dauden lurzoruaren kokapenak eta hedadurak leku ezin hobea egiten dute proiektu anbizioso bat garatzeko: Urumea XXI proiektua. Batez ere gazteentzat zuzendutako proiektu horrek jarduera ekonomikorako guneak eta etxebizitza guneak uztartu nahi ditu, polo moderno bat sortuta.

Baina proiektu hau garatu ahal izateko, Donostiak beharrezkoa izango du mobilizazio sozial handi bat egitea datozen urteetan. Eta mugimendu hori Donostiako Udalak lideratu behar du. Argi eta garbi utzi behar zaio Espainiako Defentsa Ministerioari Donostian gauzak asko aldatu direla, eta beharrezkoa duela bere etorkizun sozial eta ekonomikorako terreno horiek berreskuratzea.

Eneko Goia Laso naiz, 39 urteko donostiarra eta hiru umeren aita. Donostiarentzat etorkizuneko proiektua gidatzeko asmoz, Donostiako alkategai izateko erronka politaren aurrean nago.