Loiolako belardi paregabeetan…
Gaur hasi eta etzira bitartean (abuztuaren 28tik 30era) Azpeitian, Loiolako basilikako barrutiko belardi paregabeetan Europako Sega Txapelketa jokatuko da.
“Txapelketa hau herri kirolen nazioarteko gertaeretan garrantzitsuenetakoa da eta Euskal Herriak bertan bere selekzioa eta ordezkaritza zuzena izango ditu“; Almitza Sega Elkarteak, ekimenaren antolatzaileak aurkeztu digunez.
Aurtengo txapelketan, sei herrialdek hartuko dute parte: Alemaniak, Austriak, Hego Tirolek, Suitzak, Esloveniak eta Euskal Herriak; selekzio bakoitzak hamabost segalari izango ditu. Guztira larogeita hamar kirolari inguru lehiatuko dira txapelketan -zehatz esanda, 61 gizonezkok eta 31 emakumezkok-. Aparte, epaile, kronometratzaile eta biltzaile taldearekin batera 350 lagun ingurukoa izango da guztira partaidetza kirol ekitaldian.
Almitza Sega Elkartearen esanetan, “Europako Sega Txapelketa kirol gertakizun bat baino gehiago da, lehiaz haratago, kulturartekotasuna eta herrien arteko harremana eta ezagutza bultzatzen baititu. Sega jokoa naturarekin harreman jasangarri baten eredu da.Gure kulturaren, bizimodu bat eta izateko era baten ikurra da. Gure herriaren bilakerari, garapenari lotutako jarduera da. Kirola izateaz gain, ondarea da eta bizitzeko era bati, kultura bati zor dio bere izaera”.
Sega jokoa, “bizimodu jasangarri baten ikurra da. Gizakiaren eta naturaren arteko lehia izanik, natur ingurunearekin lotura-zubia da. Paisaia egoki eta osasuntsuetan eta eremu irekietan garatzen da eta kirolariak zein ikusleak ekosistema horren parte bihurtzen ditu, gure inguruneak maitatu eta baloratzeko bidea emanez”.
“Euskal identitateari lotzen zaion jarduera da eta Europa osoko bizimodu baten sustratotik dator. Aintzinetik datorren sentimendu batekin konektatzen du eta kultur unibertso zabalago baten parte da”. Eta gainera, “genero ikuspegian eredu da!”.
“Ez du lehiakiderik beste kirolen artean, ez du antzekorik, berezia da, bakana eta bakarra da“.
Europako Sega Txapelketa
Lehiaketa Hego Tiroleko beardietan ospatu zen lehen aldiz 1969an, Alpeetan. Apurka-apurka, inguruko herrialdeak gehitu eta Europako beste herrialdeetara hedatu zen. 1996an, Almitza taldearen eskutik, Euskal Herria ere lehiaketa honetan ordezkaritza izaten hasi zen.
2003an lehenengo aldiz Euskal Herrian jokatu zen txapelketa, Seguran. Bi urte geroago, lehiaketak Europako Sega Txapelketa izena hartu zuen, eta aurten, 2015en, berriz ere Euskal Herrira dator, Loiolako basilikako belartzetara, Almitza Sega Elkarteak antolatuta.
Almitza Sega Elkartearen helburua “segalaritzaren sustapena, hedapena eta gizarteratzea da. Eta horretarako, lehia-jokoak antolatu, haur eta gazteentzako transmisioa bideratu eta nazioarteko ordezkaritza lanak burutzen ditu”. Almitza 1996an eratu zen Zaldibin, sega jokoaren bueltan talde gisa antolatuta; eta lehenengon jomuga Europako Sega Txapelketetan euskal ordezkaritza osatzea izan zuen. 2001etik, jada elkarte bezala egituratuta, federatuez gain sega eskolak kudeatzeaz arduratzen da, haur eta gaztetxoenak.
Abuztuak 28
19.00 AZPEITIKO UDALETXEA: Herrialde guztietako arduradunei harrera.19.30 MERKATU PLAZA: Musika animazioa eta otorduak.
23.00 MERKATU PLAZA: Dantzaldia.
.
Abuztuak 29
16.00 IKASBERRI: Gaztetxoen I. Europako Txapelketa.
18.00 KABALKADA AZPEITIAKO PLAZARA: Herrialde ezberdinen kultur erakustaldi handia.
19.00 MERKATU PLAZA: Herrialde eta segalarien aurkezpena eta sailen zozketa. Ekitaldiak eta jantoki irekia.
23.30 MERKATU PLAZA: Laket (kontzertua)..Abuztuak 30
10.00 LOIOLAKO BASILIKA: Meza.
11.30 BASILIKAKO BELARDIETAN: Gizonezkoak I. Txanda (Europako Sega Txapelketa).
13.00 BASILIKA GUNEA: Aisialdia, taberna eta jantoki irekia (atsedenaldia).
13.30 BASILIKAKO BELARDIETAN: Gizonezkoak II. Txanda (Europako Sega Txapelketa).
15.00 BASILIKAKO BELARDIETAN: Emakumezkoak (Europako Sega Txapelketa).
18.00 BASILIKA GUNEA: Kanpoko herrialdeen kultur erakustaldia.19.30 MERKATU PLAZA: Ekitaldi nagusia eta Sari Banaketa. Aisialdi eta jantoki irekia.
22.00 MERKATU PLAZA: Dantzaldia.