Grezia eta ezker soberanista

Grezia eta ezker soberanista

Ipar Hemisferioaren 1991ko udan URSS behin betiko suntsitu zen. Estatu-kolpez, militar sobietiko batzuek saiakera egin ostean, Boris Yeltsin garaile atera zen. Erregimen burokratiko eta militarista, erregimen ademokratiko eta despotiko batekin ordezkatu zen. Historiaren norabidean aldaketa itzela ekarri zuen uda hark. 24 urteren buruan, aurtengo udak beste estatu-kolpe bat ekarri digu. Ez da 1991koa bezain ikusgarria izan, tankeak ez dira-eta kaleetara irten, baina ondorioek Europako egitura ere errotik aldatu dute.

Grezian, berriz, kolpistek irabazi dute. Aurretik, Grezian bertan, Italian, estatu espainiarrean, Portugalen eta Irlandan Europako benetako agintarien atzaparren urraketak ikusi genituen. Aldiz, oraingoan, landutako eszenografia europar guztiontzat egindakoa izan da, drama heleniko baten itxura harturik. «Eurotalde» delakoak Olinpoko jainko guztiahaldunen moduan aritu dira; aurre egitera joan zitzaien Tsipras presidenteari heroi zigortuaren rola egokitu zitzaion, eta herritarrek jainko berrien mendekua jasan dute.

zentauroak - Grezia eta ezker soberanistaAtenasko Akropolisaren tenpluan Atikako heroiak zentauroak akabatzen agertzen ziren. Mitoaren arabera, horri esker sortu zen Atenas. Egun, Pink Floyden kanta ezagun batek zioen bezala: heroiak mamu bilakatu nahi izan dizkigute, merkatuen, dirudunen eta trafikante mota askoren esanetara ari den Eurotaldeak Greziako independentziari amaiera eman baitio.

XIX. mendetik, Greziaren kokapen estrategikoak arazo ugari ekarri dizkio Heleniar Penintsulari. Historialari askok Greziako independentzia XIX. mendeko mugimendu iraultzaileen baitan kokatzen dute. Otomandar Inperioaren aurkako gerra luze eta odoltsuan Greziaren jatorri klasikoa aldarrikatuz eta berriz interpretatuz Estatu-Nazioa izaera hartu zuten. Grezieraz mintzatzen ziren guztiak elkartzea eskatzen zuten eta garai hartan, etsaiak otomanoak baitziren, Europako Estatuen elkartasuna lortu zuen aldarrikapen panhelenikoak.

Orain, berriz, Europako agintariek, Greziako herriari bizkarra eman ez ezik, labankada ere eman diote. XIX. mendeko iraultzen ikurretako bat izan zena «Ordena Berriaren» biktima bilakatu dute.

Drama heleniko berri honek bestelako ezaugarriak ere izan ditu, arestian nioen moduan, Europa osorako antzeztutakoa izan baita. Blog ezagun baten ohiko kolaboratzaile batek ederki adierazi zuen aurreko batean: «Greziako gertaera ezker osoaren porrota da, erreformistena eta iraultzaileona». Eurotaldeak, Grezia umiliatuz, Europako ezker osoari neurria hartu dio, alternatibarik ez dagoela jakinarazi nahi izan dio.

Sozialdemokratek, liberalek eta kontserbadoreek egindako sarraskia konpontze aldera, herritar askok Syrizan ikusi zuten itxaropena. Koalizioak hauteskundeak irabazi zituen. Uda honetako gertaeretan ere, Syrizak erreferendumean herritarren babesa jaso zuen, herriari hitza emanez, herriari galdutako burujabetasunaren apur batzuk itzuliz, Europa osoko sozialdemokrata, liberal eta kontserbadoreen mehatxua oztopatzeko ahaleginean. Ezustean, Greziako herritarrek ausardiaz erantzun zuten, zentauro berriak geldituko zituztelakoan.

Haatik, Transnazionalen gangster gorbatadunek ezin zuten horrelakorik onartu. Europako gobernu batek herritarrei erabakia hartzeko aukera ematea larrutik ordaindu beharreko bekatua zen. Angela Merkel, Jean François Hollandek lagundurik, izkinaren bueltan geratu zen zelatan. Itzulitakoan, zast! Tsipras mamu bilakatu zuten. Aurreko baldintzak gogortuz, Grezia, Argentinari gertatu zitzaion moduan, menpeko herria dela erakutsi diote gordintasun osoz: murrizketa berriak, BEZaren igoera, pribatizazioa, mailegu berria aurreko mailegua ordaintzeko…

Ezker subiranista izena Lizarra-Garazi eta Ibarretxeren planen hondarretatik jaiotako terminoa da. Egun, aldiz, Euskal Herriko testuinguruan erabiltzen den izenak inoiz baino zentzu gehiago hartu duela uste dut. Europan partitokraziatik XXI. mendeko kapitalismoaren esanetara dagoen burokratikokaziara iragan den honetan, Europako herrien ezkerreko korronte eraldatzaileek eta iraultzaileek pertsona eta herrien burujabetza aldarrikatu behar dugu, zorrotz. Aldarrikatu eta pertsona aske gisa jokatu, alegia.

Dagoeneko Europa ez da herritar askeen bilgunea, menpeko kontsumitzaile talde erraldoia baizik. Tsiprasen mugak gure mugak ere badira. Podemoseko buruak aitortu du, telebistan ahoberoarena askotan egiten badu ere, horrelako baten aitzinean Tsiprasek egin duena egingo lukeela. Konspirazioaz aritzea erraza litzateke; ez da hain sinplea, ordea. Ez Tsipras, ezta Iglesias ere ez dira sistemak asmatutako txotxongiloak. Aitzitik, honek adierazten digu, besteak beste, Europako jendarte zaharkituak eta erosoak ez duela indarrik talde antidemokratikoei aurre egiteko.

Egoera larria da, Euskal Herrian ere adarrak dituelarik. EH Bildu gobernuan egon den tokietan ikusi dugu. XXI. mendeko kapitalismoaren zerbitzariek gogor astindu dute. Merkelek eta Hollandek ordezkatzen duten interesekin estu lerrokatuta daudela erakutsi dute, eta herritar askok onartzen dute.

Lan handia dugu aurrean, hauteskundeak irabaztea ez dela aski ikusi dugu, bai Grezian, bai Euskal Herriko zenbait tokitan. Herritarrak birpolitizatu gabe, gure egunerokotasunean jokabidea aldatu gabe, boterean erroak eraldatu gabe, heroi guztiak zentauroen apatxetan mamu bilakatuko zaizkigu.

Testuinguru honetan, pertsona ezagun batzuek euskal ezker osoa zerrenda bateratuan elkarrekin joan dadin eskaera egin dute. Litekeena da artikuluan aipatzen diren kezkek eragina izatea proposamen hau plazaratzeko garaian. Ziur naiz lagun hauek bultzatzen duten xedeak bat egiten duela jende askoren kezkekin. Ondo aztertu beharreko proposamena da, baina Europaren eta euskal ezkerraren beharrak hauteskunde garaipenekin solik ez dira aseko.

Grezia eta ezker soberanista

Euskal Herria, grezia
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

2 pentsamendu “Grezia eta ezker soberanista”-ri buruz

  • Xabi Amedo

    Pablo Iglesias bai da espainiar eliteen txotxongilo bat. Bere ibilbidea aski obvioa da: herri zapalduak limurtzen famatu egin, telebista propioa, Intereconomia telebista ultraeskuindarrean nahi haina presentzia, eta espainiar ezkerraren momentu ilunenean armadura diztiratsuko zalduna balitz bezela telebista publiko eta pribatuek publizitate egin zioten.

    PSOE zaharkitua zegoen eta hau ordezkatzera etorri da, euskal eta kataluniar lurretan duen presentzia ikusi besterik ez dago. Podemos agertu bezain laster independentziarako intentzioak behera egin zuenean egunkari eskuindarren editorialak irakurri besterik ez dago; beraiek euskaldunok bezainbeste pozten dira Podemosen eraginaz.
    “El resultado de la encuesta complica la intención del soberanismo de convertir las elecciones del 27 de septiembre en un plebiscito sobre la independencia. El responsable del estudio, Jordi Argelaguet, afirmó que una de las razones que puede explicar la bajada del independentismo es que algunos soberanistas confían ahora en que, con la llegada de Podemos, haya un cambio profundo en la correlación de fuerzas en el Congreso y sea posible una reforma constitucional que permita un mejor encaje de Cataluña en España.”

    Tsiprasek greziar ekonomia saldu duen arren, greziarren oraindik beren estatua dute, eta Tsiprasek ez zuen nahi Greziak Europar Batasunaren haserrea jasatea. Egin duena antidemokratikoa da baina komenigarria greziarrentzat. Beraz, Tsipras inoren txotxongilo izatekotan greziar eliteena da, ez eurotaldearena.

    Tsipras eta Iglesias konparatzeko joera hau zentzugabea iruditzen zait. Hori bai, biek beren nazioa babesteko daude dauden lekuan. Euskal mafiosotxoek ezin dute Slavoj Žižek hilabete batzuetarako berriz inbitatu? Agian euskal eta kataluniar errealitatea hobeto ezagutuko luke, eta Iglesias jaunari keinutxoak egiteari utziko lioke.

    • Patxi Azparren

      Ezin ukatu Xabi. Pablo Iglesiasek keinu jakobino nabarmenak egin ditu. XXI.mendeko espainaiar nazionalismoa eta sozialdemokraziaren berasamtzaileetako bat dela esango nuke nik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude