Lizarrateko pasalekua. Arkeologiaren buruko mina

Lizarrateko pasalekua. Arkeologiaren buruko mina –

San Adrian Lizarrateko kobaAranzadi Zientzia Elkartearen dokumentu ofizialen arabera, San Adrian-Lizarrateko kobaren aztarnategian “egindako ikerketa arkeologikoetan Erdi Aroaren, XI.-XII. mendeen, aurreko okupazio baten lekukotasunak aurkitu dira. Gaurko ermitaren azpian, zeramikazko ontzien hondarrak, fauna, eraikin bat eta seguru asko sutegi bat izango zena”. Idatz lerro berean diote: “Datu hauek bat egiten dute toki hau Iruñeko erreinuaren muga zireneko garaiarekin”.

Ez dago zalantzarik Zientzia Elkarteak arkeologiaren eta datazioen gaitasun zientifikoarekin, baina, akats gordina bezain larria egiten da euskaldunon historiaren interpretazioarekin. Zeren eta XI-XII mendetan (1000 eta 1199 urte artean) Iruñeko erresumaren eta Gaztelaren arteko muga nagusia Miranda de Ebron eta harago zegoen eta ez Aizkorriko magaletan.

Dokumentu berean esaten denez “Ikerketa arkeologikoek eman duten ezusterik handiena San Adrian historiaurreko garaitik biziki okupatuta izan zela egiaztatzea izan da”. (…) “2008 eta 2011 bitartean egindako indusketek erakutsi dute (oraingo) Gipuzkoan ezagutzen den duela 3.500 urteko Brontze Aroaren okupazio garrantzitsuenetako bat”.

Hala ere, hasiera hasieratik baieztatzen dute: “San Adriango tunela historian sartzen da ofizialki Gaztelako koroak Europarekin lurreko komunikabidea bultzatzen duenean XIII. mendearen erdialdean. Beraz, galtzada ospetsuak eta San Adriango gazteluak data horietan dute bere jatorria”. Manipulazio historikoa ezin da zabarragoa izan. Zalantzarik gabe, San Adrian, Lizarrate euskaldunontzat, XIII. mendean sartzen da “ofizialki” Espainiako historian. Gurean, ordea, askoz lehenagotik dago. Esaten ez dena da, eta uste osoa dut apropos ezkutatzen dela, zer gertatu zen XII. eta XIII. mende horien artean. Alegia, zer gertatu zen 1200. urtean Iruñeko erresuman Gaztelako koroarekin.

Manu Ceberiok, San Adriango tunelaren arkeologia ikerketaren zuzendariak (Aranzadi) argi dauka: “Esan behar da Jakue Bidea leku askotatik igarotzen zela. XIII. mendean, Gaztela eta Frantzia Nafarroatik igaro gabe komunikatu ahal izateko, Gaztela eta Nafarroa gerran ari baitziren, bi aukera zeuden: San Adriandik ala Arlabandik. Azken hau luzeagoa baina leunagoa izanik erromes askok hartzen zuten. Bidaiariak asko ugaldu izateari esker fundatu ziren hainbat herri, Ordizia edo Tolosa esaterako”.

Berriro ere, ez ezagutza edo manipulazio historikoa nabarmen antzematen da. XII. mendetik XIII.era igarotzean, 1200ean, Gaztelako tropek Gasteiz setiatu eta errenditu ondoren, bai San Adrianetik bai Arlabanetik, biak ala biak Nafarroa zirela, lurralde hauek inbaditu eta okupatu egin zituzten. Egia da Ordizia, Tolosa edo Erraztiolatza bezalako tokiak populatuak eta garrantzitsuak zirela Jakue merkataritza bideari esker, baina, esan behar da, Gaztelak Nafarroari kendutako lurralde honetan erresuma berriak Erraztiolatza gainean Segura, Ordiziaren gainean Villafranca edota Tolosa (Berasibia) harresitu eta gotortu zituela jatorrizko Nafarroatik gelditzen zen lurralde subirano eta independentea, Nafarroa Garaia, inbaditzeko 1512an. Denok beharko genuke gure herriaren historiari buruzko ezagutza hobea, baita arkeologo batzuek ere.

Beñi Agirre

Gipuzkoako historia nafarra liburuaren egilea

Lizarrateko pasalekua. Arkeologiaren buruko mina

Euskara irakaslea