Liverpool

Liverpool-en-ezkontza-2011-07-09Foro honetan bertan, iazko udan idatzi nituen artikuluak tentuz eta atentzio handiz segitu zenituzten irakurle finok akordatuko zarete, nola ez, ezkontzak eta “bankete izugarriyak” aipatu nituela despedidako azken artikuluan. Aurtengo uda-parteko idazketari hasiera emateko, zer hobea orduan utzitako gaiari berriro heltzea baino!

Zeinek esango zidan niri Liverpool-era gonbidatuko nindutenik ezkontza batera! Zarautzen ezagututako lagun inglesa, artean kaleko gitarrista eta tximaluzea, Zarautzen hainbeste urtean hain gustura bizi izan zena, inoiz edo behin Inglaterrara bueltatu eta ezkonduko zenik ez genuen berehalakoan pentsatuko. Baina guk aitzakia aparta izan, ezkontzara joan, eta bitartean lurralde haiek bisitatzekoa.

Eskritorea banintz, eta ez idazle hutsa, han egindako zortzi eguneko estantzia txukun asko esplikatzeko modua egingo nuke, esanaz ezkontza bera ez zela izan zentzu gabeko estanpa edo, nahiago baduzue, intentzio gaiztoz esanda, bodorrio horietako bat; eta, ezkontza ondoko egunetan egindako estantzian, ez nuke esango zentro-komertzialak bisitatzen aritu ginenik, sinpleegia litzatekeelako holakorik esatea, eta kontatuko nuke zerbezak edanaz bertako jendearekin hitz eginez eta haiekin loturak estutuz igaro genituela gure egun zein baino zein aberasgarriagoak –gizarteak ez baitu penalizatzen edatea, asko izanda ere, kausa on bat tarteko baldin bada–.

Eskritorea banintz, Liverpool-eko ezkontza behar bezala kontatzen jakingo nuke, poesia erabiliz, hasi zeremoniatik bertatik, soka-laukotea hasierako notak jotzen hasi zenetik, segi gero ezkonberriek “bai” esan zuten unea kontatzen, eta gero etorri ziren “bankete izugarriyak” eta ezkonberrien alde egindako speech hunkigarriak kontatzen. Zer esanik ez, euskaldunen presentzia goraipatuko nuke, esanaz txistu eta danbolina Zarauztik Liverpool-eraino eraman genituela eta, sorpresaz, protokolo guztiak puskatuz, ezkonberriei dantzan egitera ausartu ginela, ezkontzara joan ziren guztiak emozionatzeraino, eta “euskaldun hauek bai jende berezia!” esateraino. Ah, eta… harrotasunez, the best man deitzen ziotenak egindako speech luzearen ostean –esan dezadan, bide batez, euskaldunak izan ginela hitzaldi haren luzeraren inguruko apustua irabazi genuenak, gu bai azkarrak!, gau osorako potea geureganatuz–, euskara entzun ahal izan zela palazio erraldoi hartan. Eta, nahiz gure lagun eta koadrilako poeta euskaldunak esandako hitzetatik inglesek ezer ulertu ez –geronek ere, gutxi, metafora gehiegi!–, gure kulturaren aldeko oihua izan zela hura, “euskara jaldi hadi plazara” moduko bat.

Lastima eskritorea ez izatea… edo poeta, sikiera! Andregaiaren soinekoa eusten zihoazen neska-motzak, printzesak irudituko baitzitzaizkidan. Eta, ezkontza eta gero Liverpool inguruan egindako astebetean ikusitakoei, beste traza bat hartuko nieke, seguru. Esaterako, okzidenteko hiriburu gehienak berdintsuak direla ez nuke esan beharrik izango: alegia, soinu-jole errumaniarrak, Zarautzen nahiz Liverpool-en, errepertorio bera dutela; zapata pareak, bai han eta bai hemen, merkealdietan erositakoak behinik behin, den-denak Vietnam-eko, edo Bulgariako, edo… halako herrialderen bateko jendea esplotatuz eginak direla –hala ere erosi genituen bina pare, merke zeuden eta!–; eta gu bezalako turistak, kamera eskuetan alde guztietara begira, bazterrak ikusten gastatzen dituztela opor egunak, elizak eta gazteluak sokormiatzen.

Azken batean, ezkontzak ere ez dira hain diferenteak; ordutegiak dira xelebre antzekoak Liverpool-en –arratsaldeko hiru eta erdietan ezkontza, eta bost eta erdietan afaria!–. Eta speech-a egiteko ohitura hori, pelikula inglesetan ere sarritan ikusten duguna –gurean, hiru speech izan ziren elkarren segidan.

Kontua da zeren bila joan ginen hara. Bazterrak ikustera joan al ginen ba? Ez zait iruditzen, nahiz eta gaztelu eta elizaren bat edo beste ikusi genuen. Ezkontzako koadro, txapel eta jantzi xelebreekin txunditu al ginen, akaso? Ez zait iruditzen, nahiz eta haiei begirada bat eman eta geroni ere elegante asko jantzita joan, korbata eta guzti. Ez al ginen ba, lagun arteko konpainian, “konpañia noblean”, disfrutatzera joan? Hori da kontua.

 

Zarautz (1974). Xabier ingeniaria izateaz gain, idazlea eta folklorean aditua....

Zer duzu buruan “Liverpool”-ri buruz

  • Ez eskritore, ezta idazle ere… Hi artista haiz, Etxabe! Ingurukoak aspaldi konturatuta gaudek…