Burdinbideak orbain

1864an iritsi zen “txu-txu” hotsa Gasteizera. Hiria zabaltzeko hauspoa izan zen trena eta egungo Dato kalea eraiki zuten geltokia Plaza Berriarekin lotzeko. Inork ez zuen orduan esperoko mendea igarota burdinbideak iraganeko orbainak izango zirenik.

Trena hirian sartzea pribilegioa zen orduan, modernitatea, alegia. Gaur, abantaila txikia eta oztopo handia. Gasteizko trenbidea behingoz lurperatu egin nahi dute. Hiriaren hegoaldea banatzen du, unibertsitate eremua hiriaren bihotzetik aldendu. Hiria ebakitzen du, alferrikako muga sortu.

Orbain fisikoak deserosoak dira, bai, baina orbain historikoak ondare kuttunak dira.

Garapen industrialaren urte horietan, XIX. mende amaieratik XX. mende laurdenera, trena zen bizileku batzuk herri, letra larriz, izendatu zituena; Zumarraga, Altsasua, Irun. Beste batzuk, ordea, ibilbidean ahaztu zituenak, herrixka bilakatu zituen. Asto eta gurdien eskualdean, trena errege. Ez zuen alferrik Alfontso XIII. erregeak zabaldu Urolako burdinbidea, 1926an.

Urolako burdinbidea pasealeku erosoa da orain, urrezko aroko distira galdu du. Orain dela hamarkada bat zubi asko herdoilak janak ziren, Zestoatik Iraeta aldera zihoana, adibidez. Segurtasun hesiak ere Urola ibaiko urak eraman zituen. Tente zeuden egitura urriak bultzadatxo bihurria nahikoa zuten zubitik askatzeko. Horrek ere bazuen dekadentziaren xarma.

Baina, sasiek jandako trenbideen aldean, nahiago erlojua izoztu zitzaien geltoki bakartiak.

Badakigu nondik nora joaten ziren, zein mendi magal inguratzen zituzten, zein geltokitan itxaroten zuten. Nolakoa zen mundua urte horietan? Ezin jakin, aspaldi egin zuen alde trenak eta bere munduak.

Iraultza gertatu eta ajeaz esnatu diren geltokiak, aro zaharreko orbainez josita dauden bidexkak.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra