Liga baten azken notak
- Txapelduna. Batek baten aurreko ligako palmaresarekin parekatzen badu Bartzelonarena, bi tituluren hutsa nabarituko du (Champions Leaguekoarena bereziki), baina hori gabe ere denboraldi bikaina da Pep Guardiolaren taldearena. 99 puntu lortu ditu ligan eta partida bakarra galdu du.
- Filosofia. Pep Guardiolaren Bartzelonak utzitakoa tituluetatik haratago doa baina. Guardiolaren taldea filosofia baten arrakasta izan da. Atzo adibidez, Bojan, Pedro eta Messirekin jokatu zuen partida. Denak etxeko jokalariak ziren. Guardiolak fitxaketak egiteko eskatu zuen denboraldi hasieran eta bere fitxaketa sonatuena (Ibrahimovic) aulkian zegoen eta begiko defentsa behar zuena (Chygrinsky) harmailetan zen konbokatu gabe. Guardiolak bere etxeko baliabideak erabiltzen, bere filosofiari eusten jakin du, bere akatsak zuzenduz.
- Bigarrena. Real Madrilek egin ez duena. Madrilgo prentsan Mourinhoren izena bolo-bolo dabil, eta ez da seinale ona. 96 puntu lortu ditu eta ez da broma zuriena, baina talde handienek tituluak behar dituzte eta aurtengoan ere irabazien zakua hutsik dute. Real Madrilek fitxaketa, izen, komunikabideen zurrumurru eta zaleen kezka bizkorrekin jarraitzen du. Harrobiko jokalariek presentzia gutxi dute eta kritikatuenak dira. Entrenatzailea jopuntuan dago beti, liderra denean ere. Momentuko emaitzena baino gaitz larriagoa da zuriena.
- Biko liga. Biko liga izan da aurtengoa. Valentzia eta Sevilla espero baino urrunago geratu dira eta ez diete itzalik egin bi handiei apenas. Taldeen mailetan ere koska handia zegoen bigarren postutik hirugarrengora. Valentziak, gainera, aurten jokalari asko saldu beharko ditu bere zulo ekonomikoak estaltzeko eta horrek goikoekin zuen aldea handitu besterik ez du egingo. Sevillak entrenatzailearen postutik hasi beharko luke taldea berregiten. Izenak ugari dira eta interesgarriena Laurent Blanc da.
- Mallorca. Aurtengo sorpresa izan da. Futbolean dena ez dela dirua erakutsi du. Dirurik gabe, baina entrenatzaile on batekin (Manzano), jokalariei dakitena eskatuz ia Txapeldunen Ligan sartu ditu. Meritu handiko emaitza da irlakoena, baina lortutako sailkapen ona arazo ekonomikoek jazarri dezakete, UEFAk Europako txapelketetan jokatzen uzten ez badie.
- Athletic. Denboraldi haseran sinatuko lukete askok azkenean lortu duten postua. Egia da Europako postuetan sailkatzekotan izan dela, baina urrundik begiratuta, Caparrosek taldea finkatuta dauka, eta iragartzen diren gazte berriek neurria ematen badute, datozen denboraldietan gorago begiratzeko moduan izango da.
- Etxeberria. Azken urtetan berdegunean erreferentzia izateari utzi bazion ere, izenez eta izanez handia zen Gallo deitzen zutena. Larunbatean esan zion agur San Mamesi. Liga utziko duen izenetako bat izango da. Fitxaketen zerrenda bezain interesgarria izaten da urte sasoi hauetan taldea utziko dutenena.
- Osasuna. Kanpotik begiratuta, taldearen urte normal bat izan dela ematen du. Ez du ilusio handirik piztu taldeak eta ez du larritasunik pasa. Camachok normaltasuna eman dio taldeari, baina zerbait falta zaionaren sentipena dauka zalegoak. Zalegoaren eta Camachoren artean ez dago kimika onik gainera. Goian kalitate gehiago behar du goiko postuetara begira jarri nahi badu. Datorren denboraldian taldeak eman dezakeenari buruzko galdera asko daude. Zer fitxatzeko gaitasuna dauka talde gorritxoak?
- Behera begira bizi direnak. 11. postutik azkeneraino, behera begira pasa dute liga. Eta horietako asko arrisku bizian ikusi dira denboraldian zehar. Goitik ez bezala behetik oso parekatuta joan da liga. Espanyol, Osasuna, Almeria, Zaragoza, Sporting, Racing, Malaga… denboraldiaren uneren batean arriskuan egon dira eta ia azkenera arte ez dira lasai gelditu. Datorren urteko ligek ere antzeko soinua izango dute. Goiko kontuak bi (eta agian hiru) talderenak izango dira. Ez erotzeagatik 9-10 taldek jokatuko dute.
- Ordezkoak. Pozena bezala, sufrimendu eta tristezia jardunaldia izaten da azkena. Valladolid, Tenerife eta Xerezek bigarren mailan jokatuko dute datorren urtean. Clementeren datuak ez dira txarrak izan, gaitza Onesimoren emaitzak izan ziren eta zail zuen salbatzea. Barakaldokoak jarraituko duen airean dago. Oltrak zuzendutako Tenerifek joko desberdina erakutsi du eta atzo gol baten faltan egon zen une askotan beste urtebetez lehen mailan egoteko. Xerezekin Gorositok egin duen harrigarria izan da eta karanbola bat behar zuen arren, azken jardunaldira salbatzeko aukerekin heldu zen. Hauek bigarren mailara doaz eta hauen lekua hartuko dutenek, igo berrien zailtasunei aurre egin beharko diete datorren urtean. Reala hor izatea espero du honek.
Irudia | Bartzelona aurtengo txapelduna. Bestek badute zer ikasi. | Ezezaguna | LGPL