“Lider gehiago eta politikari gutxiago”
Asteburuko elkarrizketa politikoetan ere atera da gai hau; baina hori gutxi balitz, eta gai honekin zer ikusirik batere izan gabe, Steven Jardingen La Informacion agerkarian emandako elkarrizketan ere irakurri ahal izan dugu.
Zer da lider bat baina?
Karismaduna, jendea erakartzeko gaitasuna izan eta egoera zailetan harengan fedea izateko moduko pertsona baldin bada liderra, nork betetzen du paper hori euskal politikagintzan?
Patxi Lopezen karisma eskasiarekin larrituta daude zenbait. Arnaldo Otegik kartzelan jarraitzen du, Urkullu bere alderdia zentralitate politikora gidatzeko lanean ari da eta, horretarako, PSOEren lehen bazkide bilakatu da honen kinka handieneko estualdietan.
Zapaterok bere alderdia minimo historikoetaraino jaitsi du eta Rubalcabak hartu du agintea PSOEren baitan.
Lider edo estadista papera nork hartu behar du une honetan ordea? Irlanda eta Hego Afrikako gatazkak hartu dira oinarri, baina han liderrek paper garrantzitsua jokatu zuten. Euskal Herrira Mandela, Adams eta antzerakoan unea heldu da, baina bilatzen hasita zail dago.