Leonen orroa

http://alteretaego.wordpress.com

32_lotsagabekeria galanta!
Argazkia: Lotsagabekeria galanta!
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840px (3:2)
Sortze data: 2012/12/11
Latitudea: 43º 19,245´ N
Longitudea: 1º 58,911´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 24mm
Irekidura: f4
Esposizio denbora: 1/125?
Sentikortasun eskala: 2500 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Gustuko dut taberna batean patxadan eseri eta bertaratzen direnen egunerokotasunari erreparatzea. Pena bakarra da, Donostiakoetan, zail egiten zaidala San Miguel botilatxodunak aurkitzea. Keller-ekin konformatzen naiz holakoetan.

Izan ere trago bat jotzea, askotan, aitzakia baino ez da. Garrantzitsuena lekua eta momentua harrapatzea da eta, hortik aurrera, harrapakin egokia noiz agertu zain lasai itxarotea, lehoi apetatsua sabanako ur-putzuan bezalatsu. Lehen erronda bukatzear nengoela sartu ziren hiru Eudorcas thomsonii.

Eguneko hirugarren kafesnea hartzear dagoena artega dabil aspaldi honetan. Senarrak erretiroa hartu zuenetik, eta urte bete joan da jada, bere lehengo bizimodua botatzen du faltan, egunero. Aurrean duen lagunari laster aitortuko dion bezala, pasillo erdira botatako koltxoi bat iruditzen zaio, orain, noizbait horrenbeste maitatu izan zuena: komunetik sukaldera edo egongelatik logelara joan behar den bakoitzean enbarazu egiten dion zerbait. Beti erdi-erdian, eta txarrena da inork ez duela handik kentzeko ardurarik hartzen.

Dioena askorik axola ez zaionaren plantak eginez dabil eguneko lehen txakolina hartzear dagoena, benetan ere askorik axola ez bazaio ere: alabaren pentsamenduan dago. Bart gauean esan zion mutilarekin bizitzera joatekotan dagoela. Alaba bakarra, munduko galantena, hiru umeren aita den tipo batengana arrimatu zen  urte hasieran. Baina gaizki hartutako erabaki bat zirudiena, antza, etorkizuneko proiektu bilakatzear dago. Gainera, aitak ezkonjantzia ordaintzea nahiko du, ziurrenik.

Belén Esteban dute hizpide baina, ordua aurrera doan heinean, bestelako gaietara salto egiten hasiko dira, biak ala biak. Azkenengo saltoak karmeldarretan eurekin ikasitako hirugarren baten osasun egoerara eraman ditu. Bere penan dabiltza, behealdean aurkitu berri dioten aipatu ezineko gaixotasunaren harira. Hurbil dakusate, antza, loteria bezala noizean behin irten ohi den sari horietako bat eurei ere jausteko aukera, dezimorik erosteko inolako asmorik ez duten arren.

Baina hirugarrenak harritu nau gehien, Mauriziak. Ez du tragorik eskatzeko beharrizanik sumatu, azken finean, eskatu baitute bana bere lagunek. Are gehiago, lagunen tragoak horretarako baimen nahikoa bailira bezala, tabernariak doan eskaintzen duen zerbitzuetako bati probetxu ateratzen ari da. Aukeran, nahiago luke Diario Vasco, baina Deia dago libre gaurkoan. Goizerako, eta eskura zituen gauekotasun, maltzurkeria eta berariazkotasun guztiarekin, patrikan sartu dituen betaurrekoak ditu lagun.

Berdin zaio zertaz ari diren beste biak. Noizean behin, deskuiduan bezala, hitz bi ateratzen dira bere ezpainen erditik: lotsagabekeria galanta!

Berdin zaizkio, baita, berri bakoitzaren izenburuak edo berria laguntzen duen argazkiak eskaintzen duen informazioa: bere gogoeta beti bera da. Barcina andereak, loditzeko asmoz, urteetan zehar egin dituen dieta desberdinak; Nuñez Feijóo jaunak mutil koskorra zenean lagun artean ateratako argazkiak; betikoek eta betiko leloekin igarotako asteburuan betiko lekuan egindako manifestazioa…

Bitartean, eta leihoaren bestaldetik, hiruretako baten alaba pasa da. Ama ikusi ez duenaren plantak egin ditu…

Ego dixi.