Lehiakide bila
Hizkamizka lehiaketan 5.000 euro irabaziak ditu Ioritz Berra donostiarrak eta ez dirudi horretan geratuko denik: abila da mutila eta denetarik daki, gainera.
Berdin da zer galdetzen zaion, geografia, kimika, literatura edo zurgintza, Ioritzek beti du erantzuna prest eta baten batek aurre egiten ez badio, saioarentzat dauden sos guztiak berarentzat izango dira.
Horixe da kontua, lehiakide bila gabiltzala Hizkamizkan lehiatzeko.
Gure proposamena hauxe duzu: etor zaitez gurekin lehiatzera eta geuk ordainduko dizkizugu gastuak (Donostia ingurutik 40€, Bilbo ingurutik 80€, Gasteiz/Iruñea/Baiona ingurutik 100€) eta, gainera, atsegin handiz artatuko zaitugu.
Galduz gero ere ederki igaroko duzu eta irabaziz gero, zer esanik ez.
Nahikoa duzu helbide honetara idatzi eta zeure izen-abizenak eta telefonoa ematea, gero geu jarriko gara zeurekin harremanetan: hizkamizka@eitb.com
Anima zaitez!
(Facebook eta Twitterreko gure kontuetan ezagutuko dituzu gure gora behera guztiak)
Habila da mutila bai. Jakintsua ez dakit.
gauza bat da Jokoak ematen dituen pistekin erantzuna jakitea, beste bat da, berez jakitea.
Saber y Ganar bezalako programa batean ikusi nahiko nuke.
Joxean, arrazoi duzula uste dut. Ematen diren pistak kenduta ikusi egin behar zenbat galdera asmatuko lukeen Ioritz horrek. Neuk ere berak beste badakidala iruditzen zait, baina ez naiz ausartzen telebistan azaltzen. Joxean, zergatik ez zara zeu apuntatzen? Gustura ikusiko nuke zuen bion lehia!
Oso errez hitz egiten duzuela iruditzen zait. Abila da, bizia, eta pistak ezinbestekoak izan arren dakien hori azkar ekartzen du behar duenean. Ez da kasualitatea hainbeste programatan irautea.
Zergatik gutxiesten dugu hemengo jendea beti, eta goretsi, esaterako, Saber y Ganar edo Pasapalabra bezalako lehiaketetako lehiakideak?
Niri bereziki atentzioa eman didana Ioritzen adinean daukan erreferentzia ezberdin kopurua da. Alde ederrean geundeke euskal gazteriaren lagin arrunta balitz. Animo Ioritz! Arruinatu zak ETB!
Ioritz Berra ez bere benetako izena. 10R1-TZ deitzen da… Errobota da.
Androide kabroia, akatuko zaitugu!
Joan telebistara eta eman ezazue aurpegia!!!!
Ba niri Ioritz hau makina bat iruditzen zait. Argi dago jakintza maila itzela duela hainbat gaitan, batez ere Euskal Herriko gaietan duen ezagutza aipagarri iruditzen zait, geografian etabarretan… aupa hi!
Ni sofan jartzen naiz egunero, adi-adi, beraren kontra lehian. Eta nahiko berdintsu gabiltza, baina azkenean beraren alde, eta hori bertan egoteak eragingo lidakeen urduritasunik gabe… Ni ez naiz ausartuko, ez horixe!