Lehena, jendea
Lehena, jendea –
Eztabaida hemen dago, bagenekien etorriko zela, konturatu garenerako mahai gainean dago eta, seguru, berriro ere berandu gabiltza. Nola esan genuen? Izurritea pasako da, gero krisialdi ekonomikoaren kontua etorriko da, ea ez den gertatzen berriro betikook ordaintzen dugunik. Izurritea pasa ote den, auskalo, honez gero ez baitakit rebroterik izango ote den edo etengabean rebrotez rebrote ibiliko ote garen ez dakit noiz arte.
Harira, nork ordainduko du krisia? Horrela, oso modu zabarrean esanik, besteak beste krisia nolakoa izango den eta noiz arte zabalduko den ez baitakigu. Ekonomialariarena eginez, ez dut uste krisia aurrekoaren bezalakoa izango denik, hau da, agian ez da horren luzea izango (beno, etengabeko krisian bizi garela onartuta), inpaktua askoz biolentoagoa izan da eta berreskurapena ere agian azkarragoa izango. Baina argi dago gertaturikoa zorraz samurtzen ari garela eta zor hori baten batek eta noizbait ordaindu beharko duela.
Erantzun politikoki zuzena aurrekoan aipatzen nuen gehiengo erraldoi horren ahotan dabil: “gehien dutenek ordain dezatela”. Bale. Zer ari gara egiten horrela izan dadin? Ezer gutxi, logikoa, neurri handian, mobilizazioak apalak dira, zirkunstantziek beharturik, … baina aurrekoan nioena berresten dut: mobilizazioak egitera mugatzen bagara, gureak egin du. Erakundeen jarduera eta beren erabakiak eraginkorki eta seko ez baditugu baldintzatzen, eskas ibiliko gara. Fiskalitatea. Txirringa-martxekin ez dugu kapitalismoa geldituko. Hala!, jarraituko dugu honen inguruan.
Gaur asuntoaren beste alderdi baten inguruan egin nahi baitut hausnarketa. Politikoki zuzena dena baino, agian ondokoa da lelo egokia: “gertaturiko hori denon artean ordainduko dugu, gehiago duten horiek gehiago jarri beharko dute, eta besteok ere gure ekarria jarriko dugu, … agian bestela”. Ezen eta mila aldiz errepikatu baitugu pandemiarekin batera zentzu komunitarioa berpiztu dela, ahantzita genituen jarrerak berreskuratu ditugula, elkartasuna ikusi dela, … Eta hauxe da nire tesia: aldarrikatzen dugun “kapitalismoak ordain dezala” hori nagusi dadin, ezinbestekoa da lelo hori sostengatzen dugunok ereduzko izatea, agertzea.
Badakigu zein zaila den honen bezalako trantzeetan jendeak eskuzabaltasunez jokatzea. Norberak bere ipurdia salbatzera jotzea tentaldia handia izaten da. Elkarrekin jo beharko genukeenon artean arrakalak agertzea erraza da. Aski du Urkulluk “begira, begira zein ongi bizi diren funtzionarioak” esatea, berauei soldatetan koxka ederra egiteko. Eta jendarteak gure ideiak benetan babestea, zaila.
Antidotoa? Eskuzabaltasuna eta ereduzkotasuna. Izan gaitezen gu gure ekarpena jarriko dugun lehenak. Nola? Arestian egin dugun bezala. Erosketak gure kaleko dendan eginez. Auzoko tabernek arnasa har dezaten lagunduz. Hurbileko baserritarren sareak gorpuztuz. Pandemia bitartean inkluso ekonomikoki lagundu diogun auzoari laguntza bera emanez. Areago, zergak ordaindu behar ditugunok ahalik eta lasterren dagokiguna ordainduz. Lotsarik gabe asistentzialismo pixka bat eginez, hurkoaz kezkatuz, eta, esan gabe doa, gaixotasunaren aurkako borrokan zorrotzak izanez. Sare komunitario horien filosofia egunerokora egokituz.
Eta, paraleloan, neurri politiko eta sozial zorrotzak bultzatuz. Sistemaren aurka, bai, goitik behera, baina sistemaren biktimak babestuz, orain eta hemen. Ez da humanitarismoa, edo bai, berdin dit, baina uste badugu jendeak, babestu nahi ditugun horiek, ez dietela gauza hauei erreparatzen, oker gabiltza.