Euskalkiak: elkar ezin ulertu? Ikusi bideoa!

Euskalkiak: elkar ezin ulertu? Ikusi bideoa! –

Ahotsak egitasmoaren ataritik jasoa.

Euskalkiek euskara izugarri aberasten dute, baina zenbaitetan ez da erraza elkar ulertzea… Ala bai? Gazteen iritziekin osatutako bideoa daukagu sarean.

Desberdintasun handiak al daude euskalkien artean? Ulertzen al dugu elkar? Zein oztopo ditugu? Zer egin ulermena bideratzeko? Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako Iparraldeko zein Hegoaldeko gazteen testigantzak batu ditugu bideo honetan.

Euskararen eta euskal kulturaren historia ezagutaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikastetxeetan erabitzeko, DBHko Euskara eta literatura ikasgaian, proposamen pedagogikoak ere gertatu genituen, eta fitxa sortu genuen Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin genuen bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. “Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan” proiekturako hain justu.

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 100 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako.

Euskalkiak: elkar ezin ulertu? Ikusi bideoa!Euskalkiak: elkar ezin ulertu? Ikusi bideoa!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

15 pentsamendu “Euskalkiak: elkar ezin ulertu? Ikusi bideoa!”-ri buruz

  • Ez ditut gazte hauek ulertzen. Hainbeste kostatzen al da euskara estandarrean aritzea? Arima saltzea al da euskara batuan aritzea?
    Nik ikusten dudana beste kontu bat da. Gazte askok ez dakitela ez euskalkia eta ez batua. Dena dela ez dut orokortu nahi kontu hau, beharbada nire inguruan gertatzen dena besterik ez da eta.
    EUSKALKIAK BAI ETA BATUA ERE BAI.

  • Peru_Gabiriko 2020-06-21 14:03

    Eskertzekoa da, A jauna, zure iritzia hemen plazaratzea. Nirea erantsi nahi diot zureari.
    Ez dakit zein den zure ingurua, nirea Bilboko Ezkerraldea da. Espero dut inorentzat mikatzegi ez izatea

    Arazoa ez da hemen euskalkia vs batua.

    Perzepzio hori faltsua da. Ohartemazu beste honakontan:

    1.-Batuaz mintzo diren gazte eskolatuek gaztelaniaz pentsatzen dute. Edo nahi bada, gordinago esanda: euren gaztelania (nahiko erkina, bestalde) euskal hitzez mozorrotzen dute euskaraz ari direnean. Sintaxiari erreparatu besterik ez daukazu.

    2.- Euskalkiz mintzo direnek, gazteek alegia, zinez euskara pobrea egiten dute, behin eta berriz hiztegi mugatu baten inguruan. Hori bai, tokian tokiko fonetismoaz jantzirik, besteren belarrietan euren hotsak “guay” entzun daitezkeelakoan. Baina beren euskara, hala ere, oso pobrea, ahula eta inula da.

    3,- Ikusentzunezko mundu globalizatuan, oro har, hitzak beren indarra eta majia galduz joan dira, irudiaren mesedetan. Hori ez da hemen bakarrik gertatzen, fenomenu orokorra baita belaunaldi berriengan. Mundu zabalean gertatzen ari da.

    4.- Euskara batu-estandarrak izugarrizko mugak ditu gure barneko bulkoak, barne-adierazmenak espresatu ahal izateko. Zaharrengan ere ikusten dugu hori. Psikoanalisiak, Ikuspegi Lacanianoak, ondo azalduko luke hori guztia.

    Gure logos-a berreskuratu beharrean gaude. Hori da orain guretzat behinena.

    Ados? Bazauzte?

  • Peru_Gabiriko 2020-06-21 14:10

    Beraz, esan nahi nuena beste hau da:

    Kontua ez da Euskara batua vs. Euskalkiak
    baizik eta Euskara ona vs. Euskara eskasa.

    Gaizki esanak barkatu. Ongi izan.

  • Benat Castorene 2020-06-21 16:05

    Ez Peru ez duzu gaizki hitz egin. ( gainera gaizki hitz egiten duzunean ez duzu barkamena galdegiten…)
    Uste dut gehienek sofritzen dugula euskararen eskas hura. Haundienek ere. Eskas politikoa soziala eta pertsonala ere da denek baitakigu orai ez dela euskararen jatorrizko akats baten gatik.
    Egunero eta denerako euskaraz mintzatuko litzatekeen komunitate baten falta dugu.
    Baldintza sozio politikoak hobetzen diren artean, borroka da gure hizkuntzari nahi dugun guzia erran arazteko. Denbora aurkitzen dutenentzat, estu gero ta konplikatuagoen itzulpena egiten saiatzea ariketa eraginkorra litzateke..
    Euskalkiak batuaren kontra jokatzeak ez du gure arazoa larriagotzen baizik. Inkontziente izan behar ginateke hori egiteko.

  • Peru_Gabiriko 2020-06-21 19:06

    To, ez nuen uste erantzuna Ipar aldetik etor zitekeenik. Ni hemengoentzat ari bainintzen, Hegoalde honetako haurride euskaldunentzat.

    Castorene jauna, zabalegi joko luke, nire ustez, zure erantzunean ukitzen dituzun pundu guziak hemen bederazka zuritzeak.

    Hel diezaiogun, nahi baduzu, lehengo eztabadaren hariari. Euskara Batua, oraindik egin gabe dago, zenbaitek bestela uste badu ere.

    Egin gabe dago. Prozesu betean aurrera doa egunez egun, eta bere ibilbide laburrean ikusi diozkagu han-hemen ahulguneak eta gabeziak.

    Euskalkiek elikatu behar dute gure euskara batua. Iturri guztiak on dira gure itsas-laku hori hazten joateko. Badugu lan, bai, oraindik denen beharrean baitago…

    Agur bero bat Bilbotik

  • Benat Castorene 2020-06-21 21:07

    Ez zinuen pentsatzen gu ere, hegoalde horretako haurrideak ez girenok, interesatuak izan gintezkeenik ala???
    Alta batuaren interesetariko bat da preseski denok senti eta izan gaitezen orobat Euskal Herriaren haurrideak.
    Bestetik ene iduriko ez da euskalkia bera problema baizik beren euskalkia gaizki dakitenak eta apropos erabiltzen dutenak besteek konpreni ez dezaten.
    Ezfortzu tipi bat egin nahi badu bederen ondarrotarra ere ulergarria da guretzat.
    Azkenean Ak kasik bezala erran nezake BATUA BAI ETA EUSKALKIAK ERE BAI
    Goraintziak lapurditik

  • Peru_Gabiriko, euskara batua egin gabe dagoela diozunean, zertaz ari zara zehazki?

  • “4.- Euskara batu-estandarrak izugarrizko mugak ditu gure barneko bulkoak, barne-adierazmenak espresatu ahal izateko”

    Bizitza guztia berdin: tentelkeriak sinesten eta etengabe errepikatzen euskara batua dugula arazo!

    Zer moduz komuneko ispiluan idatzko bagenu autore hark esan zuena? “euskaldunek dute errua eta ez euskarak”.

  • Arazoa da ezjakintasuna. Gure historiaz ezer gutxi dakligun bezala, gure hizkuntzaz are gutxiago dakigu. Gutxi dakigu euskaltzaleok, eta ia ezer ez euskaltzale ez direnek. Normala da. Españolen eta frantsesen menpe bizi gara, gizarte erabat erdaldunduetan, eta eremu gehienetan euskararen presentziarik gabekoetan.
    Gazteek ez dute errurik batere. Euskaldunok ere gutxi. Egoera honen ardura zapaltzen gaituztenena da.
    Guri dagokigu harrotasuna berreskuratzea, gure hizkuntzaz eta kulturaz janzten ahalegintzea, euskaraz bizitzen saiatzea… Baina horretarako botere-eragileei exijitu behar zaie era berean. Unionistei hortzak erakutsi, eta gure agintari Cantabriazaleei kontuak eskatu, ustez “ko-agintean” urte asko daramatzate eta (hauteskundez hauteskunde autodeterminatzen garela ez dute ba esaten?).
    Ezker abertzaleari ere, egiten duena baino askoz gehiago exijitu behar zaio. Hasteko eta behin, lehen lerroko hautetsi erdaltzaleek jokabidea alda dezatela.
    Gazteei eman bakea. Euskaltzale sanoak izan daitezen nahi badugu, geronek ditugu lanak gure jarduna zuzentzen.

  • Peru_Gabiriko 2020-06-21 23:49

    Gure euskara batu hau ez dago oraindik egina, gilentxo.
    Gure eguneroko zereginetan hamaika adibiderekin egiten dugu topo egunero.
    Barkatu, baina berriro ere psikoanalisiara jo behar dut esaten ari naizen hau frogatzeko.

    Hizkuntzak ez dira elkarrekin komunikatzeko bakarrik sortuak izan. Geure buruarekin hitz egiteko, egiten ditugun gauzak eta pairatzen ditugun egoera psikotiko guztiak geure buruari hitzez adierazteko ere balio dute.

    Gure kasuan, euskalkiek ematen diguten “irraia” edo energeia psikiko gozo hori oraindik ez digu ematen euskara batuak. Txandaketa prozesu hori oraindik garatu gabe dago. Oraindik ez da heldu puntu horretaraino gure euskara estandarra.

    Beste gauza bat, honi lotuta (beharbada)

    Euskaltegietatik ateratzen diren euskara tituludun gehienek (nire ustez, kontuz) oraindik ez dute ikas-prozesu hori muturreraino eraman. Ez dute ezagutzen euskararen indarraren muina, atzizkietan eta hitz-elkartuetan datzala batik bat. Tresna sortzaile hori eurentzat arrotza da, C1 tituluaren jabe izan arren.

    Nik gilentxo, gabeziak ikusten ditut, eta pare bat adibide ipini dizkizut. Nire iritzia da, hala ere. Ez daukazu barnegi hartu beharrik Ongi izan

    psikoanalitikoa da lehenengoa.

  • Peru_Gabiriko 2020-06-21 23:55

    Meredith, oraintxe irakurri dut zure iruzkina, nire bidali eta berehalaxe.
    Tentelkeria iruditzen zaizu esaten ari naizena??
    Bale, bale, ados. Zuk ikus…

  • Euskaraz fisikaz eta kimikaz aritu ezin zitekeela beste haren diskurtsoaren usaina nabari dut batzuetan…

    Ez dakit zer uste duen jendeak dela euskara batua. Har ezazue aberats eta bizitzat duzuen hizketa-jardun bat, jarri adizki estandarrak, bihurtu -ixa, -iya, ie eta horrelakoak -ia amaiera….. eta gisa horretako bizpahiru gauza eskasekin, euskara batukoa da hizketa-jardun hori.

    Aldaketa eskas horiek kentzen diote aberastasuna eta bizia euskara (batua)ri? Ez dut uste… Non eta aberastasuna eta bizia ez ditugun lotzen partikulartasun emozionalarekin.

    Euskara pobrea izan daiteke batua, baina euskara oso pobrea egiten dute herri hizkera biziz egin uste duten asko eta askok.

    Goian batek dioen bezala, arazoa ez du euskara (batua)k, arazoa hiztuna izan ohi da normalean.

  • Hala da. Hiztunok dugu arazoa. Ez batua, eta ez euskalkiak ez dira arazo.
    Erdal elebidunak gara gero eta gehiago, españolez euskaraz baino hobeto moldatzen garenak, izan batuaz, izan euskalkian.
    Hori ezin da konpondu jendeari ahaleina eskatuz soilik. Euskaldunoi tresnak eskueran jarri behar zaizkigu, eta hori agintarien ardura da.
    Gazteek ez dute errurik. Espainiarren eta frantsesen hizkuntz politika ankerra eta EAJ-PSEren hizkuntz politika mengela dira arazoa. Ezker abertzalea eta euskalgintza antolatua nora begira ari diren jakitea ere ez legoke gaizki…

  • Esan gabe doa, bestaldeko euskaldunak frantsesez moldatzen direla hobeto…

  • Batua ez da arrotza, batuak ez du teleberrian erabiltzen duten erritmo astun hori izan behar. Aurreko mezuetan esan duten bezala, aldaketa gutxi egin behar dira euskalki batzuetatik (erdialdekoak) batura igarotzeko.

    Arrotzagoa iruditzen zait erdarakadaz betetako euskara txar hori (euskalkian eta batuan).