Lehen sektorearen korapiloak
Lehen sektorearen korapiloak –
Azken asteetan traktore uholdea izan da Europako zein Euskal Herriko errepide eta hirietan. Harrituta ere ikusi dugu nola, COVID garaian bezala, nekazaritzak eta elikadurak komunikabideetan lerroburuak hartu eta elkarrizketa eta tertuliak bete dituzten. Azpimarratu diren tituluekin nekazari eta abeltzainak kexu diren arrazoien zerrenda osatu daiteke: nazioarteko itunek sortzen dituzten desparekotasunak, lehengaien prezio altuak eta elikagaiengatik ordainsari duinak jasotzeko zailtasunak, banaketa enpresen botere-harremanak, administrazioaren gehiegizko kontrol eta oztopo burokratikoak, Europak ezartzen dituen baldintza ekologiko berriak, Agenda 2030, diru publikoa elikagai sintetikoen industriaren alde edota makro-proiektuetara bideratzea…
Ez dira ez kexak ez aldarrikatzaileak multzo homogeneo bat, horretaz ere hitz egin eta idatzi da. Baina, profiletan eta arrazoietan sartu baino gehiago, katramila horretan izaten diren korapiloei begiratu nahiko nieke, soka bereko hiru korapilo nagusi aipatuz: errentagarritasun ekonomikoa, sektorearen dibertsitatea eta etorkizuna.
Zerbait agerian utzi badu azken asteetako mugimenduak, lehen sektorean elikagaiak ekoizpen kostuen azpitik saltzen direla eta, oro har, irabazi maila oso baxua lortzen dela da. Asko eta maiz esaten da, euren jarduna nekazaritzara eta abeltzaintzara esklusiboki eskaintzen diotenek, eguneko argi ordu guztiak eskainita ere, lanbidearteko soldata minimora larri iristen direla. Azken hamarkadetan lehen sektorea gidatu duten politikak errentagarritasun ekonomikoa lortzea natura eta pertsonen bizi baldintzen gainetik jarri dute, eta irizpide bakarra bihurtu da edozein proiekturen biziraupena justifikatzeko. Europako Nekazaritza Politika Bateratuak eredu intentsiboa sustatu du, lur eta ondasun kolektiboen kontzentrazioa, agortzea eta kutsadura sustatuz, produktibitatea erdigunean jarrita. Euskal Herrian ere Europako laguntzetatik gehien jasotzen duen %10ak laguntzen ia %50 kontzentratzen du; muturreko eredu intentsiboaren punta-puntakoak dira. Dena den, asko eta asko dira dirulaguntzen menpeko, ekoiztea gero eta garestiago delako edozein eredutan jardunda ere, eta energiaren eta intsumoen merkatu espekulatzaileek ez dutelako eredurik diskriminatzen. Errentagarritasuna hondoratzen dute, era berean, merkatuen liberalizazioaren ondorioz kanpotik eta merkeago datozen elikagaiek. Lurralde horietan, baina, sekulako albo-kalte kolonialistak ordaintzen ari dira: kutsadura, baliabideen espoliazioa eta komunitateen kontrako neurririk gabeko bortizkeria. Errentagarritasunaren korapiloaren muinean nekazaritza ereduaren auzi zaharra dugu; eta, ez, ez da egia eredu guztiak elkarren ondoan bizi daitezkeenik. Izan ere, egungo nekazaritza politikak (Europakoak zein hemengoak), hau da, eskala handiko eta kapitalean oinarritutako ekoizpen eredu intentsiboa sustatzen duen horrek, tokian tokira egokitutako baserriak, komunitateak eta lurrari lotutako ekoizpen proiektu konbentzionalak zein agroekologikoak desegin egiten ditu, azken urteetako odolustea horren lekuko.
Bigarren korapiloa: lehen sektorea ez da bakarra, ezta homogeneoa ere. Euskal Herrian ere errealitatea askotarikoa da. Badira agroekologia bide-egiaztatuaren alde egin dutenak, badira baserriaren ekoizpena monolaborantzan eta intentsifikazioan zentratu dutenak, badira modu tradizionalean eta dibertsifikatuaren alde (eredu mistoan, besteak beste) apustua egin dutenak… Adibide asko daude, muturrekoagoak eta hibridoak ere, eta guztiek dituzte kalean aldarrikatzen diren arazo komunak zein partikularrak. Korapilo honen bi hari muturrei helduta: batetik, administrazioak askotan ez ditu proiektu txiki eta ertain horietako asko bere aurreikuspenetan kontuan hartzen, ez dute euren formularioetako laukietan lekurik, eta ulertezintasun horrek jasanezinak diren zailtasunak sortzen dituzte, hainbat kasutan proiektuak uzteraino bultzatuz. Bestetik, sektorearen baitan dagoen hari muturra ere badago: ekoizle edo baserritar bakoitza bestearen aurrean legitimatu beharra, bestearen bideari irakaspen eta errespetutik ezin begiratzea, desberdin egiten duenari trufa egitea… Patroi zibilizatorio modernoak aise ezarri digu norberak bere burua bizirik ateratzearen eta arrakasta indibidualaren birusa. Argi dago estrategia kolektiboak ez direla bide errazena, aliantzak eraikitzea egoaren aurkako arte bat dela, eta sistema horretaz ere baliatzen dela.
Eta, hirugarren haria, etorkizunari buruzkoa. Behin eta berriz aipatzen da ez dela erreleborik. Datuak ikaragarriak dira. Sektorean jarduten dutenen adina eta ekoizpen proiektu berrien kopurua ez datoz bat, eta horrela, hamar urte barru ez da lurrari loturiko sektorerik izango. Politika publikoak eredu jakin baten aldeko apustua egiten dabiltza, gaur, orain eta hemen: makroustiategiak, haragi sintetikoa, hidroponia eta piszifaktoriak; hau da, nekazari eta arrantzalerik gabeko elikagaien ekoizpena. Horrek dituen ondorioak amaigabeak dira: osasunaren kaltea, ekologikoa, soziala, kulturala, baita ekonomikoak ere. Elikagaien ekoizpen bide horiek biodibertsitatean eta oro har lurrean, itsasoan eta pertsonengan dituzten eraginak jaso dituzte hainbat ebidentzia zientifikok, eta, inpaktu asko eta asko ezezagunak dira oraindik. Hala ere, lanpostuen eta irabazi ekonomikoen mantra faltsuak denaren gainetik pasatzen dira, eta Donostian Europako haragi sintetikoko lehen planta irekiko da, Tuestako udalerrian tomate hidroponikoen makronegutegien proiektuak martxan daude eta Basordasen eta Getarian piszifaktoria erraldoiak eraikitzeko bidean dira. Menpekotasun eta gastu energetiko handiko lau proiektu horietan soilik, EAEn lau urtean nekazaritza eta abeltzaintzan gazteen instalazioen programan haina diru publiko bideratu da. Galdetu beharko diogu geure buruari noren esku utzi nahi dugun etorkizuneko gure elikadura, gure lurraldea. Elikagaiak ekoiztea, tokiko lurraldea errespetatuz egiten denean, funtzio sozial bat dela jabetzen bagara, hau guztia euskal jendarte osoaren korapiloa da, ez lehen sektorean jarduten duen populazioaren ehuneko gutxi batena soilik. Baserriak hustuta imajinatzeko gai al gara? Eta, zer jango dugu? Zein elikadura eredu nahi dugun galdetzeak zein nekazaritza eredu eta lurralde nahi dugun galdetzea dakar.
Ikusten eta entzuten ari garen manifestazio eta aldarrikapenak, sokak momentu honetan duen tentsioaz eta ireki daitezken abaguneez jabetzeko balio beharko liguke. Izan ere, nortzuk eta zein norabidetan tira egiteko balio izaten ari dira mugimendu hauek? Jada entzun ditugu neurri fiskalak, ingurumenekoak eta burokratikoak malgutzeko asmo instituzionalak.
Eztabaida publiko eta irekia dirudien honetan, dauden korapiloak nahaspilatsuak dira jendarteak irizpide argiak izateko eta problematika honen gaineko balorazioa egiteko. Baina, Euskal Herrirako elikadura osasuntsua eta nekazaritza eta abeltzaintza proiektuentzat bizi baldintza duinak sortuko dituen estrategia kohesionatu bat jorratzeko urgentzia dugu. Premiazkoa da aliantzak eraikitzeko estrategia kolektiboa, errespetuzkoa, eskuzabala eta eraldatzailea adostea. Nago sektorearen etorkizuna lurrari lotutako nekazaritza eta abeltzaintzaren dibertsitatea onartzean eta batera borrokatzean erabakiko dela. Nahiz eta argi dagoen tirakada bakarrean ez garela horra iritsiko, beharrezkoa izango da baserritar eta ekoizleek desintentsifikaziorako dituzten zailtasunez eta bizipenez gehiago jardutea, tokiko elikadura beharrei erantzuteko harremanak gerturatzea eta eztabaidagune babestuak sortzea sektorearen biziraupenerako. Are gehiago, ekonomiaren birlokalizazioan arazo berdintsuak dituzten beste konplizeak zeintzuk diren identifikatu, eta soka berekoak diren tokiko merkatariekin, kooperatibekin edota autonomoekin norabide berriak eraiki beharko dira. Trantsizioa eman behar dela eta nola eman behar den ez da gai erraza. Ohikoa izan da goitik behera ezarritako estrategia industrializatzailea, askotan alderdikerien leialtasunez onartua. Baina, etorkizun burujabeagoa, duinagoa, iraunkorragoa nahi badugu, hori prozesu sakonetatik igarotzetik etorriko da.
Seguruena ez gaude erantzun eta aliantza horiek eraikitzeko punttuan, baina azken hamarkadetako ereduak porrot egin du. Berriz ere, beste askotan bezala, soka-lasterra egin eta hilzorira eramango gaituzten proposamen eta erabaki politiko urkatzaileen arriskua nabarmena da; maiz heldu zaio horri, eta irtenbide gabeko ziria da. Egungo krisi anitzek eta erabateko bidegurutzeak jendarteari bizitza ona zer den sakon galdetzera eramaten gaitu, eta komunitateari lotutako elikadura sortu nahi duen baserri eta ekoizpen proiektu orori, zer eraldatzeko prest dagoen hausnartzera.