Lehen prozesioan

Lehen prozesioan –

Eta gauzak hala, 2003ko uztailean lehen sanferminak iritsi ziren niretzat, zinegotzi bezala, jakina, eta, haiekin batera, nire lehenengo prozesioa. Nik, Iruñekoa ez izanik, lehendabiziko urte hartan, erabaki nuen parte hartzea sanferminetako ekitaldi guztietan edo gehienetan, behintzat, bai, ezagutzeko zertan zeutzan baino ez baldin bazen ere.

Lehen prozesioan
Arg: EITB

Garai hartarako, Riau-riau delako ekitaldia, aspalditik bertan behera utzita zegoen, beraz, inoiz ez nuen aukerarik izan bertatik bertara bizi ahal izateko, udalbatzako partaide moduan. Bezperetara, ordea, bai, lehen urtean, behinik behin, joan nintzen, jakiteko zein motatako zeremonia zen, eta, bide batez, lehen eskutik ikusteko zer-nolako moldaketak eginak zituzten San Lorenzo eliza barruan, esate baterako, gurpil aulkian joaterakoan. Hasteko, eliza hartara ere, nik bakarrik sartu behar izan nuen atzealdeko atetik, aurrealdeko sarrera nagusiak eskailera oso txar bat zeukalako, eta, gaur egun ere, berdin-berdin dauka.

Gero, eliza hartan, gauza bitxi bat gertatzen zen, garai hartan behinik behin, nik ez nekiena, eta, zera da, gaizki ez baldin badut gogoratzen behintzat, alegia, bezperak bukatu ondoren, ohitura omen zen, hantxe bertan, elizako sakristian, alkatea eta gainerako zinegotziak mokadutxo batzuk eta edaritxoren bat hartzera joatea. Baina, zein zen kontua?, bada, kontua zen, sakristia hartaraino iristeko, lehenago gainditu behar zirela hiruzpalau maila, baina ez denak elkarren jarraian, ez, baizik eta bat hemen, beste bat aurreraxeago eta halaxe hurrenez hurren. Nire itxaropena zera zen, han, behin arrapalak egiten hasita, ganorazkoak eginen zituztela, hau da, sendoak eta behin betirakoak, porlanezkoak edota harrizkoak, baina ez, zurezko behin-behineko arrapala mugikorrak jarri zituzten eta kito, hantxe bukatu zen dena. Alegia, ni edo gurpil aulkian zebilen beste zinegotziren bat ez zihoan bitartean, kendu egiten zituzten; hortaz, nik hantxe hartu nuen neure markatik kanpoko lehenengo ustekabea. Helburua ez nuen lortu, zeren eta nire nahia baitzen, San Lorenzo elizako oztopo arkitektonikoak desagerraraztea, nire aitzakia zela eta, baina, ez, argi eta nabarmen gelditu zen bezala, nire jomuga ez nuen inola ere erdietsi, esan nahi baita, sarrera nagusia ez zutela ukitu, atzekoa utzi zutela berdin edo berdintsu, eta, azkenik, barruko mailak, zeuden bezala-bezalaxe laga zituzten; arrakasta itzela nirea!

Done Saturdi elizarekin ere, beste horrenbeste gertatu zen, hau da, hainbat eta hainbat aldiz saiatu nintzen aurreko sarrera nagusia egokitu zezaten, dibertsitate funtzionaleko mota guztietako pertsonak sartu ahal zitezen, baina bai zera!, jaramonik ere ez! Atzeko aldean, bazeukanez gero nolabaiteko sarrera egokitua, agintari ziztrin haiek hauxe esaten zidaten zeharka, hots, hitzik esan gabe, Barcinak eta abarrek: “Hi, bigarren mailako herritar zoritxarreko hori, hoa eliza barrura atzetik barna eta bakarrik gainera, nahi baldin baduk, hire moduko jendilajearekin, alegia, gu gabe!”. Eta hau, urte batean eta baita hurrengoetan ere, baina, han, inortxo ere ez zen lotsagorritzen, hots, ez udalbatzakoak, ez Elizakoak.

Baina, bueno, jarrai dezagun une batez, nire lehen prozesio xelebre haren istorioarekin, uztailaren zazpi hartan. Ohiko ibilaldi eta geldialdi guztiak burutu ondoren, jota ospetsua barne, noizbait, Curia kalearen hasierara iritsi eta gainditu genuen, ohiko oihu eta garrasien artean. Han, bereziki, eskuin alderdi politikoetako pertsonak jarri ziren urduri eta artega, ohitura den bezala, baina, bueno, hura ere gaindu eta aurrera gindoazen aldapan gora, harik eta, Curia kaleko malda erdia baino gehiago igota geneukanean, nire gurpil aulki motorduna zeharo gelditu eta blokeaturik geratu zen arte. UPNko eta CDNko zinegotzi guztiak, aida batean, urduritu eta sosegurik gabe jarri ziren; istant batean. Baita alkate andrea ere; segurtasunik gabe sentituko balira bezala, eta, pentsatuz, ziur aski, ni nahita zerbait arraro egiten ari nintzela, prozesioa izorratzeko.

Udaltzainek arrastaka eraman nahi zuten aulkia katedral aldera, ni gainean nintzela, baina ezin; aulkiak bakarrik 120 bat kilo zituen, gehi nireak, eta, gainera, aldapan gora, malda dezentearekin eta atzeko gurpilak arrastaka zihoazela.

Nik gutxien espero nuenean, aulkiak matxura elektroniko bat jasan zuen eta horrexegatik gelditu zen erabat blokeatuta, ez aurrera eta ez atzera. Ni, inguruko jendeari, saiatu nintzen azaltzen gertatzen ari zena, baina, Pamplonesaren musikarekin eta jendetzaren burrunbarekin, inork ez zidan entzuten, eta, inork ez zidan arretatik jartzen; denak asaldatuta jarri ziren ziztu bizian, eta, han, anabasa izan zen nagusi, batez ere, UPNko eta CDNko partaideen artean.

Azkenean, kale hartako egoera pixka bat baretu, eta, ulertu zutenean ohiko matxura bat, besterik ez zela izan, nik ez beste guztiek prozesioan jarraitu zuten Iruñeko katedralaren aldera, eta, era hartan, katedralaren barruan zer zeremonia edota erritu egiten zen, jakin gabe gelditu nintzen.

Jarraian, udaletxeko funtzionarioren batek, beste norbaiten laguntzarekin, udal-plazaraino eraman ninduen, gurpil aulkiaren motorra itopuntuan ezarri eta gero, lehenik, beherantz, eta, geroago, gorantz.

Hantxe bukatu zen, bada, nire lehendabiziko prozesioa zinegotzi moduan, hau da, ibilbide osoa burutu gabe. Dena den, hurrengo urteren batean, eta, aulkian inolako matxurarik eduki gabe, animatu nintzen sartzera katedraleraino, baina, han ere, ez zitzaidan oztopo arkitektonikorik faltatu izan, alegia, pertsona batzuek lagundu behar izan zidaten sartzeko eta ateratzeko.

Behin udaletxe plazan nintzela, taxilari bati deitu eta etxeraino eraman ninduen, baina gerokoa ere ez zen oso erraza izan, alde batetik, aulki elektronikorik gabe gelditu nintzelako, sanferminetako martxa arrunta jarraitzeko, zinegotzi gisa, eta, bestetik, Iruñeko jai ospetsu haiek izanik, ikusi behar nuelako, ea zer-nola moldatzen ote nintzen, aulki motorduneko matxura-konpontzailea aurkitzen; auskalo zer gertatuko ote zen!

Gerora ere, nik uste dut, pertsona batek baino gehiagok jarraituko zuela pentsatzen, gertaera hura nahita izan zela antolatua nire aldetik, prozesioa leherrarazteko; oker dago! Baina, bueno, norbera libre da pentsatzeko nahi duena.

Lehen prozesioan Lehen prozesioan Lehen prozesioan Lehen prozesioan Lehen prozesioan

Auritz. Idazlea