69 orduko lan astea, “malgutasunaren” izenean

69 orduko lan astea, “malgutasunaren” izenean –

Axier Lopezek Argia aldizkariko Begizta.net blogean.

69 orduko lan astea, “malgutasunaren” izenean
Koreako Sindikatuen Konfederazioko kideen protesta, Lee Jung-sik Lan ministroaren atzean, Seulen.

Erresuma Batuan 61 enpresak hartu dute parte lau laneguneko astea probatzeko proiektu pilotu batean. Behin amaituta, enpresa horien %92k lanaldia murrizten jarraitu nahi du, soldata murriztu gabe. Beste herrialde batzuetan ere aztertzen ari da lanpostuan pasatzen ditugun orduak murriztea, langileen osasun mentala eta bizi-kalitatea hobetzeko.

Baina leku guztietan ez doaz bide horretatik. Hego Koreako Gobernuak asteko lanordu kopurua 69ra igotzeko proposamena egin du. Yoon Suk-yeol eskuindarra buru duen gobernuak bere egin ditu enpresa-taldeen nahiak. Enpresariak kexu dira egungo baldintzetan zaila dela “epeak betetzea”, eta produktibitatea sustatu behar dela.

Hego Koreako egungo legeak 40 ordura mugatzen du lan-astea, gehi aparteko 12 ordu gehienez. Halere, sindikatu gehienek salatzen dute langileek presio iraunkorra jasaten dutela denbora gehiago lan egin dezaten. Financial Timesek jaso duen gobernuaren inkesta baten arabera, 2020an Hego Koreako langileen %40k soilik hartu zituzten urteko opor-egun guztiak. Ez dago soberan gogoraraztea, “nazio garatuen artean” suizidio tasarik altuena duela Hego Koreak, Estatistika Bulego Nazionalaren datuen arabera.

Eta bitxia bada ere, “denon hobe beharrez”, langile klasearen lan-baldintzak okertzea eskatzeko hitz magikoa bera darabilte enpresariek Euskal Herrian eta Korean: malgutasuna.

69 orduko lan astea, “malgutasunaren” izenean
Iazko abenduan sindikatuek antolatutako protesta bat.

.

Emakumeek gehiago lan egin eta gehiago zaintzeko

Hego Koreako Enpresen Federazioak azpimarratu du 62 orduz lan egiteak mesede egingo diola industriaren “lehiakortasunari”, eta enplegua sortzen lagunduko duela. “Sistema malgu honen bidez, arazo sozial larriak konpon ditzakegu, hala nola biztanleriaren zahartze azkarra eta jaiotza-tasa baxua – munduko baxuena du Hego Koreak–, eta emakumeek lan-ordutegia modu malguagoan aukeratzea bermatuko dugu”, esan zuen Lee Jung-sik Lan ministroak planaren aurkezpenean. Horren arabera, emakume langileek aparteko ordu gehiago metatu ahal izango lukete, eta trukean ordu libre gehiago hartu “familia-konpromisoei erantzuteko eta pertsonak zaintzeko”. Ezin argiago azaldu du ministroak: emakumeek lan gehiago egin lantokian, etxean ere lan gehiago egiteko aukera izan dezaten. Win, win. Confebasken amets heze korearra.

Koreako Emakumeen Elkarteen Batasunak, jakina, ez du enpresaburuek bezala proposamena baloratu: “Gizonek ordu asko egingo dute lan eta ez dute zaintza-ardurarik bere gain hartuko, baina emakumeek lan guztia egin beharko dute”. Koreako Sindikatuen Konfederazioak adierazi du erreformak legezko egingo lukeela goizeko 9etatik gauerdira arteko lanaldia, bost egunez jarraian, langileen osasuna eta atsedena kontuan hartu gabe.

Zorionez, gobernuaren proiektuak belaunaldi gazteenen eta sindikatuen erabateko aurkako jarrerarekin egin du topo, eta gobernuak atzera egin behar izan du. Langileen artean sortutako nahigabeak Yoon Suk-yeol presidentea iritziz aldatzera eraman ei du. Eta lehen malgutasuna ikusten zuen lekuan, orain 60 ordutik gorako lan-astea “gehiegizkoa” dela adierazi du. Hori ere malgutasuna, omen.

69 orduko lan astea, “malgutasunaren” izenean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.