Lehen emakume euskaltzaina

Lehen emakume euskaltzaina –

Iruñeko Bakea -edo Maria Paz- Ziganda Ferrer (1890-1966) izan zen Euskaltzaindiako kide izatera iritsi zen lehen emakumea. 1954ko otsailaren 26an euskaltzain urgazle izendatua izan zen eta.

Lehen emakume euskaltzaina

Bakea Zigandaren izena batez ere ezagutzen da Burlatan dagoen Iruñerriko ikastola garrantzitsu bati deitura ematen diolako; Paz de Ziganda ikastola deitzen da. Izenaren esamoldeari berari dagokionez, berriz, nahiz erdarazkoa izan den gehienik erabiltzen dena, Bakea ere idatzita dago, adibidez Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko 1966ko boletinean; horrek zilegitasuna ematen dio euskarazko deiera artikulu honen buruan erabiltzeari.

Sarean dauden entziklopedietan begiratuz gero, hiru edo lau zertzelada besterik ez da agertzen Ziganda andreari buruz. Esaten da Iruñeko familia aberats bateko alaba zela; euskal-zalea eta izadiaren maitalea zela, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko eta beste elkarteren bateko kidea egin zela eta bere testamentuan diru kopuru eder bat utzi zuela Iruñeko ikastolarentzat; edo zehazkiago esate arren, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak sustatutako ikastolarentzat.

Aldiz, ordea, entziklopedietan ez da aipatzen Bakea Ziganda 1954an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuenik. Euskaltzain oso izendatutako lehen emakumea Miren Azkarate da: 1992. urtea arte itxoin behar izan zen izendapen hori gauzatua izan zedin. Euskaltzain guztiok, nik neuk barne, jakina, autokritika zorrotza egin beharra daukagu ez bakarrik atzerapen onartezin honetaz, baizik eta baita ere gaur egungo egoeraz.

Ezin dena zalantzan jarri da urgazle eta ohorezkoen euskaltzain izaera. Alde batetik, izaera hori Euskaltzaindiaren Arautegian aitortua egoteaz gainera, litekeen eskubide akademikorik garrantzitsuena ematen zaielako Arautegiko 18. artikuluan, nahiz ez den errespetatzen. Eskubide hori da hitzez hitz, «Akademia gaiak aztertzen direnean, ohorezkoak eta urgazleak ere, joateko eskubidea eta hitza izango dute, baina botorik gabe». Euskaltzaindiko eztabaiden mailak asko irabaziko luke eskubide hori errespetatuko balitz; eta gainera, endogamiaren pobrezia ekiditeko bidea izango litzateke…

Ezin da ahaztu onartua eta aitortua dagoela euskararen batasunaren sustatzaile nagusiak Txillardegi eta Aresti urgazleak izan zirela, besteak beste. Aresti, esate baterako, Euskaltzaindiko bileratan egon izan zen; eta hori ez-ezik proposamen aurrerakoiak egin zituela ere jasota dago; adibidez, 1975 nazio-arteko emakumeen urtea zela eta.

Bakea Zigandak berak Euskaltzaindiak antolatutako bilera batean hitza hartu zuela dioen lekukotasun idatzi bat bada -Euskal Herriko Adiskideen Elkartako 1966ko boletinean dago-. Euskaraz eta adorez mintzatu zela dio lekukotasun horrek, nahiz bere ekarpena ez dagoen jasota.

Dena dela, ezin dugu lotsa besterik sentitu ikusita feminismoaren arloan euskaldungoan baino mende bat lehenago biztu zirela eztabaidak RAE edo gazteleraren akademian bertan. XIX. mendeko azken hamarkadan saiatu omen zen Emilia Pardo Bazan erakunde hartan sartzen. Ez bakarrik ez zuen lortu, baizik eta orduko matxitoek sekulakoak eta bi bota zituzten. Baina feminismo hitzaren sortzailetzat ere ezagutzen da, beste hainbat ekimen eta ahaleginen bultzatzailetzat bezala. Pazo de Meiras egin zuen, eta gordeta zituen jasotako maitasun kartak Carmen Polok errearazi omen zituen…

Kataluniako akademia den Institut d’Estudis Catalans delakoan 2021eko ekainaren 2an Teresa Cabré andrea izan da lehendakari aukeratua. Bozketan parte hartzeko eskubidea 284 akademikoek zeukaten, eta 216k bozkatu dute, Cabré andreak %91 bozka jaso dituelarik. Orain arte -eta zortzi urtez- akademiako burua izan den Joandoménec Ros i Aragonés jauna ez zaio karguari atxiki, eta berrikuntzari bidea eman dio erakundearen eta katalanaren mesedetan. Horrekin ez dut esan nahi haiek gauza guztiak ongi dauzkatenik, baizik eta eman dituzten urrats batzuk eredugarriak direla; adibidez, hautesle kopurua, karguen iraupen muga, feminismoa serio hartzea eta abar.

Arlo askotan daukagu zer eta non ikasia. Lehenik gardentasuna. Hurrena, aniztasuna. Eta horretarako, euskaltzain zenbaki-dunak (osoak beharrean, deitura horrek faunako konnotazio itsusiak dauzka eta) ugaritzea. Gizon eta emakumeen kopurua berdintzea. Baina eman ditugu ere aurrera-pauso ikaragarriak, adibidez literaturan, non emakumeen gehiengoa gero eta nabariagoa eta garrantzitsuagoa den.

Euskararentzat erronkak ez dira nolanahikoak, baina arriskurik zailenetan egin du aurrera euskarak eta Euskal Herriak.

Lehen emakume euskaltzaina  Lehen emakume euskaltzaina

Idazlea eta euskaltzaina

3 pentsamendu “Lehen emakume euskaltzaina”-ri buruz

  • Aitor Unanue 2021-09-29 15:31

    Interesgarria oso artikulua, ikastolaren izenaren atzean zegoen emakume ezezaguna bezala, niretzat bederen. Badu Gaizkak Itxi liburuak en atal berri baterako gaia aukeran.
    Badugu bai zer gainditua berdintasunean, hasi ikastolako eskolaz kanpoko kirol jarduera generoz bereizgarritik eta …
    Mila esker idatzi izanagatik.

  • Iñaki Erroz 2021-09-30 09:12

    Paz de Ziganda ikastolako zuzendari moduan eskerrak eman nahi diot Patxiri
    idatzitzako artikulu interesgarri honen harira , eskerrik asko!
    Iñaki

  • irene lopez-goñi 2021-09-30 11:50

    Hagitz interesgarria Patxik idatzitako artikulua. Piskanaka lortzen ari gara gure historia eta emakumeen lana ezagutzen. Estimatua dago!