Lehen donostiarra, orain #Torostiarra
Lehen donostiarra zena #Torostiarra da orain, toroak (eta toreroak) agudo bueltatu baitira gipuzkoar hiriburura. Aurtengo Aste Nagusian, abuztuaren 13tik 16ra Ilunbeko zezen plazan… fiesta y olé!
EAJ agintera heldu bezain agudo, eta uztaila heltzearekin batera -berria ekainaren 19an eman zuten jakitera, eta atzo egin zuten `feria´-ren aurkezpena-, pozez zoratzen iragarri dute choperatarrek berria: “Los toros vuelven a San Sebastian”.
“Ilunberen berreskuratzea” ospatzeko, sekulako feriatzarra aurkeztu dute, punta-puntako `mataor´-ekin; parte hartzaileen artean euskal herritar bat dela, Pablo Hermoso de Mendoza errejoneatzaile nafarra.
Abuztuaren 15ean gainera, eguerdiz eta abonuz kanpo, errekortariak izango dira; gurasoek seme-alabak eraman ditzaten zaletzera!
`Fiesta´ arrakastatsua ziurtatzeko, sarrerak merketu egin dira -bataz beste %20an-; deskontuak daude azken ferian abonatu izan zirenentzako, 25 urte azpikoentzako… Gazteek, esaterako, 10 eurotan dituzte!
Afixa deigarriak
Zezenak Donostiara itzuliko direla ospatzeko Ilunbe kudeatzen duen enpresak publizitate kanpaina berezia egin nahi izan du, beraiek aitortu dutenez:
Berritzaile izan nahi eta baita lortu ere! Twitter-en izaten ari den aipamen mordoa ikusita. #Torostiarra traola erabiltzeko proposamena egin, eta mezu mordoa jaso dituzte, -Euskal Herritik kanpoko bibak, gehienak-.
Beste batzuk, @Txapisotegik esaterako, urrutirago joan eta zera proposatu du: “jarri #TORzureherriari #Torostiarra: Torordizia, Errentoria-Torereta, Getoria, Torosa, Torio, Itsasontoro, Tormaiztegi, Ezkio-Itsastoro…”. Adi egon beraz, zezenzaleok.
Afixak tranpa txiki bat egiten du -azpian alternatiboak dituzue-. Zezenak aipatzen baititu baina ez zezenketak, ezta hauetako protagonista diren toreroak ere, adardun animaliak ezpataz hilko dituztenak.
Gainera, “Zezenak Donostiara itzuliko dira” euskaraz idaztea ere bagenuen arren, Ilunbe zezen-plazako webgunea ofizialean, www.sansebastian.choperatoros.com, eta atzo aurkeztu zituzten afixetan (ZUZEUko azalean eta lerro hauen ondoan duzuenean), begira eta begira aritu garen arren ez dugu euskaraz hitz bakar bat ere aurkitu -udalak ez al du eskumenik kontu hauetan?-. Ez da horren zaila ba: San Sebastián = Donostia, agosto = abuztua, Semana Grande = Aste Nagusia, toros = zezenak!
Choperatarrek adierazi dutenez, lau afixa egin ditute eta bi aurkeztu. Guk gehiago ere baditugu, herritarren proposamen modura:
Zezenketak Donostiara bueltatzearekin, Luistxo Fernandez-ek (ironikoki) twitter bidez gogorarazi digunez -bide batez etorkizunean zinegotzi abertzale izateko aukera galduz-, gurean hain garrantzitsuak diren tradizioetako bat berreskuratuko dugu!
Berri ona…
Alde batera salatzekoa da, Olano eta Goia hor egonik, afixak euskaraz ez egotea, baina beste alde batetik nahiago hola, euskararik gabe zezenketak: utikan denak, Olano, Goia, Chopera eta Manolete guztiak!
Zezenak kendu eta politikariak jarriko nituen nik. Orduan bai joango nintzela ni Ilumbera. Nazkagarriyak.