“Lasai eta indartsu noa kartzelara”

Lasai eta indartsu noa kartzelara –

Duela ia urtebete idatzi nuen sarrera hau: “ez ditugu spraiak entregatuko“. Orduan Laudioko bi gazte espetxera joateko arriskuan zeuden margoketa batzuk zirela eta. Gaur egun, nahiz eta askok modu horretan saltzen duten egoeraren larritasuna azpimarratzeko, inor gutxi dago espetxean edo espetxera bidean margoketak egiteagatik, edo txiokatzeagatik, edo antzerkiengatik.

Espetxeratzen dituzte euskaldun engaiatuak direlako, maite dutelako gure herria eta egunero dihardutelako lanean. Hori horrela zen duela 60 urte, duela 20 eta baita gaur egun ere. Bitartekoak aldatu dira, eta horrek bihurtzen du ataka bera are eta irrigarriago, nahiz eta begi bistakoa izan erroa bera dela: militante independentistak kartzelara sartzeko estatuak ahal dituen amarruak erabiltzen jarraitzen du; eta gure testuingurua zein den aintzat hartuta, beste esaldi hau gehitu dakioke: “normala den bezala”.

Julen Ibarrola kartzelara doa. Urtebete. Duela ia urtebete aipatu genuen laudiotar gazteen afera, eta urrun dagoen egun bat dirudi gaurtik begiratuta. Julen kartzelara doa, urtebete, errotulki batekin pintaketa bat egiteagatik. Spraitik errotulkira igaro dira, baina berdinetan gaude: Julen kartzelara doa militantea eta independentista delako. Alfredo Remirez ez dago espetxean txiokatzeagatik, militantea izateagatik baizik. 300 euskal preso politikoak espetxean dauden zio beragatik, kasuan kasu, ekintzak ekintza, garaiak garai.

Aiaraldeko atarian elkarrizketatu dute.

Estatua sarekadetatik atxiloketa hauek egitera igaro da. Ez gaitezen engaina: lehen 30 gazte eramaten bazituzten kolpe batean, orain tantaka ari dira, banan-banan: oreretarrak, Altsasu, Erreharria, barañaindarrak, Loiolakoak, Usurbilgo Martin, Ernaiko 50ak, Nafarroako brindisak, dozenaka isun, ehundaka espediente…


“Lasai eta indartsu noa kartzelara, badakit herri osoa dudala atzean”

Lasai eta indartsu noa kartzelara

Izar Mendiguren Cosgaya 2018-02-06 19:29   POLITIKA  AMURRIO

JULEN IBARROLAri (Amurrio, 1993) urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, errotulki batekin pintaketa bat egiteagatik. Terrorismoa goratzea leporatzen diote.

Errotulki batekin egindako margoketa bat dela-eta espetxeratuko zaituzte. Zelan zaude?

Ba beno, zer esango dizuet! Egia da egoera askotan handi geratzen zaidala, baina orain garrantzitsuena familia, lagun eta ingurukoekin egotea da; indartsu eta batuta egotea. Urtebete eman beharko dut kartzelan, espetxean hamarkadak daramatzaten euskal herritar ezberdinekin alderatuta, gaitzerdi.

Terrorismoa goratzea leporatzen dizute…

Bai, terrorismoa Euskal Herrian gazte mugimenduan parte hartzea da, ikastetxean hezkuntza herrikoi eta euskaldun baten alde lan egitea, greba orokorretan piketeetan parte hartzea… Ezin da gutxiago espero Audientzia Nazionala bezalako salbuespenezko auzitegi batengandik. Herrien askatasunaren aurka lanean egoteko sortua izan zen 1977an, Franko hilda zegoela, baina oso ondo lotua utzi zuen.

“Urtebete eman beharko dut kartzelan, espetxean hamarkadak daramatzaten euskal herritar ezberdinekin alderatuta, gaitzerdi”

Negargarria da 2018an oraindik ere frankismoaren ADNa duen auzitegi batek euskal herritarrak epaitzen eta zigortzen jarraitzea… Hemendik Auzitegi Nazionalari esan nahiko nioke aski dela, garaia dela disolbatu eta armak entregatzeko.

Zein izan da epaia atera arteko kasuaren ibilbidea?

Duela 3 urte edo hasi zen prozedura: errotulki batekin margoketak egiteagatik auziperatu nindutenean. Auzitegi Nazionalean deklaratu eta epaitu ostean, urtebeteko kartzela zigorrarekin kondenatu naute.

Aurretik ere Auzitegi Nazionalean egona naiz Amurrioko beste gazte batekin, margoketak egiteagatik inputatu gintuzten orduan ere, baina absolbitu egin gintuzten. Gure aurkako froga bakarra Laudioko komisaldegian ezagunak ginela izan zen.

“Landazuriko okupazioan parte hartzeagatik jada kondenatua egotea hartu dute nire zigorra ez suspenditzeko aitzakia moduan”

Gaztetxearen okupazioagatik ere kondenatu zintuzten, ezta?

Bai. Horren aurretik Amurrioko Gazte Asanbladako hainbat kide zigortu gintuzten “Landazuri” gaztetxearen okupazioagatik; hori hartu dute gainera nire zigorra ez suspenditzeko aitzakia modura… Tamalez ohituak gaude Euskal Herriko gazteok holako egoerak egunerokotasunean jasatera.

“Julen Libre!” plataformaren arabera, herri mugimenduetan aritzeagatik kartzelaratu nahi zaituzte. 

Bai, argi eta garbi dago erabaki judizial honen atzean erabaki politiko bat dagoela eta erabaki politiko hori militantzia politikoa zigortzea dela. Zenbat ustelkeri kasu ikusten ditugu egunero telebistan? Zenbat eraso sexista jasaten dituzte emakumeek egunero? Zenbat lan erailketa daude urtero Euskal Herrian? Zenbat jende bizi da kalean eta errekurtsorik gabe gure herrietan? Zenbat lagun utzi dituzte banketxeek etxerik gabe eta kalegorrian? Zenbat gazte daude muturreko egoeretan bizitzen, edo modu oso prekario batean lan egiten soldata miserable baten truke? Non daude honen erantzuleak? Kartzelan? Ez, jakina. Guzti horiek kartzelan egotetik urrun daude, eta saritu egiten dituzte gainera.

Nik badakit zergatik noan kartzelara, eta oso harro nago egindako lanaz; ez nintzateke hain harro egongo kalean egon eta aurreko galdera guztien erantzulea izango banintz…

Zein da, zure ustez, atxiloaldiarekin bilatzen duten helburua?

Helburuak argiak dira: alde batetik, datozen gazte belaunaldiei beldurra zainetaraino sartzea; ez konprometitzea, indibidualistak eta sumisoak izatea. Eta, bestetik, urteetan zehar herriko gazte mugimenduan egindako lana zigortzea. Inozoa izan behar da ni kartzelan sartzeagatik hau lortuko dutela pentsatzeko…

“Nik badakit zergatik noan kartzelara, eta oso harro nago egindako lanaz”

Elkartasun keinu ugari jaso dituzu herritar eta eragileen aldetik…

Bai. Egia esan, sekulako indarra ematen dit elkartasun uholde honek, momentu baxuenetan egindako lanaren berrespenera narama. Lasai eta indartsu noa kartzelara, badakit herri osoa dudala atzean, horrek emango die min gehien. Eskerrak eman nahi dizkiet niri elkartasuna helarazi didaten guztiei, plataforman egunero lanean daudenei eta lagunei; lan handia egiten ari dira eta oso eskertzekoa da.

Igandean bukatuko zaizu ziegan aurkezteko epea. Zein mezu nahiko zenuke zabaldu?

Lanean jarraitzea. Badakigu Espainian jarraitzen dugun bitartean holakoak gertatuko zaizkigula behin eta berriz. Nirea ez da kasualitatea ezta kasu isolatu bat, guzti hau estatu faxista baten katearen katebegi bat soilik da. Presoen egoera larria, pentsioen erreformak, hezkuntzaren pribatizazioa, gazteriaren prekarizazioa, 155. artikulua… hori da Espainiar estatua, ez gaitezen engaina. Guzti honi buelta emateko dugun tresna bakarra prozesu independentista bururaino eraman eta Euskal Herriaren bakea eta askatasuna eskuratzea izango da, horretarako edukiko ditugun zailtasun eta oztopo guztiekin, jakina.

Lasai eta indartsu noa kartzelara

4 pentsamendu ““Lasai eta indartsu noa kartzelara””-ri buruz

  • Kontuz ibili beharra ziok kalegunean pertsonak tiroz hil, bombak jarriaz lehertu edo estortsionatzen dituztenen horien aldeko mezuak idazterakoan.

    • Zuhaitz Ordoki 2018-02-11 09:19

      Arrazoi osoa daukazu, zeren eta orduan kalegunean pertsonak tiroz hil, bonbak jarri eta bota, estorsionatu, torturatu, gure herria okupatu eta bere errekurtsoak espoliatzen dituztenak etorri eta espetxean sartzen zaituzte

      • “Zu gehiago”ren, kasu honetan “haiek gehiago”ren dialektika? ez, mesedez… hire errekurtsoak behintzat nahikoa espoliatuta zeudekela garbi erakutsi dek.

        • Zuhaitz Ordoki 2018-02-16 17:05

          Ai xapito… Zapaltzailearen estrategiak ez luke ezertarako balio zapalduen artean zu bezalako jenderik ez balego. Pozik, gazte euskaldun bat gehiago kartzelara bidali dutelako?

          Errekurtsoz aberastuta al zabiltza? Demostratu, mesedez. Oraingoz Television Españolako tertuliano karka eta kasposoenaren erretolika besterik ez dizut entzun: tiroak, bonbak, estorsioa… Hori izan da arazo nagusia herri honetan? Tiroak eta bonbak egon dira batzuk ero psikopata hutsak zirelako? Edo arrazoi politiko batzuk zeuden atzean?

          Hemen ezker abertzaleko gazteak bidaltzen dituzte espetxera: txiokatzeagatik diote noizbehinka, margoketak egiteagatik beste batzuetan; militante politikoak izateagatik orokorrean. Eta zu, TVEko zure diskurtsito horrekin, zeure etxeari harrika, jendeak bere iritzia emateagatik kartzelan egoteari zilegitasuna ematen.

          Agian egunen batean diskurtsito hori zeure kontra itzuliko zaizu. Badakizu, jendea dagoelako espetxean erabakitze eskubidea bera defendatzeagatik, adibidez.