Larunbatean Mintza Eguna izango da Elgoibarren
Mintza Eguna, Euskal Herriko mintzalagunen jaia, Elgoibarren izango da larunbat honetan. Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dute eguna, Elgoibarko Udalaren, euskaltegien eta beste zenbait kultur eragileren laguntzarekin. Esan bezala, zortzigarren edizioa ekainaren 1ean izango da, eta Euskal Herri osoko 300 mintzalagun inguru elkartuko dira Elgoibarren.
Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Urtero herri desberdin batean izaten da Mintza Eguna, baina mintzapraktika programak martxan dituzten eragile guztien arteko lankidetzari esker burutzen da.
Egitasmo horiek euskara elkarteek, euskaltegiek eta euskalgintzako beste zenbait eragilek kudeatzen dituzte. Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateaz gain, ikasturteari bukaeragoxoa eskaintzen dio jaiak. Elgoibarko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko, eta mingainak dantzan jartzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Elgoibarko Izarrak 50 urte; mintzapraktika egitasmoek 20
Urtero bezala, bazkalostean sari banaketa izango da. Mintzapraktika egitasmoen bueltan lan berezia egin duten mintzalagun eta elkarteei omenaldi xumea da saria. Aurten, besteak beste, Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Donostiako Bagera elkarteak jasoko dute zilarrezko pina. Izan ere, Elgoibarko elkarteak 50 urte bete ditu, herrian euskararen alde lanean. Aitzakia polita, zortzigarren Mintza Eguna bertan ospatzeko.
Bestalde, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartea izan zen mintzapraktika programak martxan jarri zituen lehena, eta 20 urte beteko dira aurten, hain zuzen ere, lehen taldeak abiatu zirenetik. Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarte eta mintzapraktika egitasmoetako dinamizatzaileek lanaren aitorpena egin nahi diete bi elkarteei, Mintza Egunean saria emanez.
Gainontzekoan, mintzalagunei elkarrekin egoteko eta Elgoibar ezagutzeko aukera eskaini nahi die Mintza Egunak, eta horren araberako EGITARAUA osatu da:
11.00 Ongi etorria eta hamaiketakoa Maalako parkean
12.00 Ibilaldi gidatua Pello Arrieta historialariarekin
13:30 Mintza Kalejira, dultzaineroekin
14:30 Bazkaria Maalako parkean
16.30 Sari banaketa eta bertsolariak
17:30 Euskal Erromeria MP5 taldearekin
Aipatzekoa da antolaketan herriko berbalagunek izan duten inplikazioa. Horrela, egitasmoko hartzaile ez ezik emaile ere badira. Horren adibide, gainontzeko mintzalagunei jaira hurbiltzeko egindako bideo gonbidapena, hemen ikusi daitekeena.
Mintzapraktika egitasmoak
Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Gaur egun 5.500 mintzalagun daude Euskal Herri osoan, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo inguruko eskualdeak).
[…] Larunbatean Mintza Eguna izango da Elgoibarren […]