Larunbatean hasiko da XII. Paxaka txapelketa. Baina zer da Paxaka?

laxoa1Heldu den larunbatean hasiko da Iruritan XII. Paxaka txapelketa. Zortzi hirukote ariko dira elkarrekin lehian, ligaxka sistema bidez, eta finala otsailaren 4an edo 11n jokatuko da. Partiden gaineko informazioa bildu du ttipi-ttaparen webguneak. Baina zer da Paxaka?

Baztan eta Malerrekan oraindik jokatzen den pilota jokoa da Paxaka, Laxoatik eratorria. Laxoa da gaur egun jokatzen diren pilota modalitateen artean zaharrenetakoa. Plaza luze batean (jatorrian belarrezkoa, antzinago harrizkoa) bi talde elkarren lehian aritzen dira. Taldeetako bakoitzean lau jokalari aritzen dira, eta pilota alde batetik bertzera botatzen dute, larruzko eskularruekin (zesta-puntako saskia baino motzagoa).

Jokoa ikusgarria da hagitz, eta Ipar Euskal Herriko jokoen antzekoa da. Sakea botarri baten gainean egiten da, eta tantoak tenisaren antzera kontatzen dira. Bizia bai, baina ulertzea ere kostatzen dena. Bertaratzen denak, hasieran, derrigorrean, bertako norbaitengana hurbildu behar du, eta azalpenak aditu.

Artzainek sortu omen zuten jokoa, pilota-soro izeneko zelaietan. Herrietara jaitsi zen ohitura gero, eta XIX. mendearen erdiko aldean, Euskal Herriko kirol nagusia zen. Geroztik, gainbeheran izan da, eta ia-ia desagertzeraino heldu da. Espainiako Gerra ondotik, txapelketak desagertzearekin, ia erabat desagertu zen. 1960an berreskuratu zen jokoa. Azkeneko urteetan, baina, ahalegin handia egiten ari da Laxoa elkartea pilota joko honen zabalkundean eta sustapenean.

Laxoa udako sasoian jokatzen da, aire librean egiten baita. Paxaka, honen modalitate modernoagoa da, pilotalekuetan egiten dena, estalpean. Horregatik, talde bakoitzean lau pilotarik jokatu beharrean hiru aritzen dira. Negu partean entrenatzeko eta jokatzeko balio du modalitate honek, eta horretarako sortu zen.

Hurrengo asteetan, beraz, jokoan ikusi nahi dituenak aski du Iruritara hurbiltzea. Laxoaren gaineko informazio gehiago nahi duenak, blog honetan aurkituko du (eguneratua ez dagoen arren, informazio ugari du).

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.

Zer duzu buruan “Larunbatean hasiko da XII. Paxaka txapelketa. Baina zer da Paxaka?”-ri buruz