Larunbat honetan, 3D party solidarioa Errenteriako Don Bosco Institutuan

Noiz eta non: Ekainak 7, larunbata (10:00-18:30) – Don Bosco GLHBI (Errenteria).

Antolatzaileak: Errenteriako Don Bosco GLHBI, GAZE Programa eta Gurutze Gorria.

Datorren larunbatean, ekainaren 7an, Errenteriako Don Bosco Institutura gerturatzen bazarete, ekimen berezi batean parte hartzeko aukera izango duzue. 3D inprimagailuak erabiliz, Robohand egitasmoan oinarritutako low cost esku robotizatuak egingo ditugu (inprimatu eta muntatu), helburu solidario batekin. Gurutze Gorriak, munduko herrialde guztietan ditu ordezkaritzak, eta bertako jendearekin egiten dute lan. Haiek arduratuko dira larunbatean muntatuko ditugun esku horiek -protesi gisa erabil daitezkeenak- behartsuenen artean banatzeaz. Pertsonen kontrako minek eragindako lurraldeetara bideratuko dira esku robotizatu horiek.

CARTEL (imagen web) 3D party solidarioa3D Party Solidarioa iragartzeko kartela

Euskal Herriko maker komunitateari luzatu genion, orain aste batzuk, 3D Party Solidario honetan parte hartzeko gonbidapena, eta oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. 30 inprimagailu inguru dira, dagoeneko, ekimenean izena eman dutenak, eta hori asko da! Guinness errekorra, Texasen (AEB) ezarri zuten orain gutxi: 102 inprimagailu aritu omen ziren, aldi berean, piezak inprimatzen.

Parte-hartzaileen artean, enpresak edo elkarteak (Plabs 3D, Tumaker, Arteklab, Bizi 3D, Burutek, Dinitek, Domotek, Hirikilabs, Hirude, RepParts 3D, Undo Prototipos...), heziketa zentroak (Don Bosco GLHBI, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Eibarko Armeria Eskola, Irungo Bidasoa GBLHI, Zumarragako UGLE, Orioko Herri Ikastola…) zein partikularrak izango dira; denetik, beraz. Edonola ere, sarrera librea da, eta ekitaldian interesa duen edonor ongietorria izango da Don Boscoko gimnasioan.

30 inprimagailutik gora espero ditugu 3D Party Solidarioan. Horien jabeei, izen-emate orri bat betetzeko eskatu diegu, eta bertan, izen-abizenak eta kontakturako telefono bat adierazteaz gain, euren 3D inprimagailuari buruzko xehetasunak eman dizkigute: inprimagailu modeloa, zein motako filamentua erabiltzen duten (ABS, PLA…), etab. Inprimagailuarekin datozen lagunei, otordutxo bat eskainiko zaie. Eta noski, materiala ere antolakuntzak jarriko du: filamentua, torlojuak, sokak, erremintak… Plabs 3D enpresak filamentua ipiniko du, eta TKNIKAk finantzatuko ditu erremintak eta torlojuak.

Lau inprimagailuz osatutako taldeak egingo ditugu, eta behin piezak inprimatu ostean, eskuak muntatzeko 3 ‘txoko’ ezberdin atonduko dira. Txoko bakoitza, zeregin zehatz batera/batzuetara zuzenduta egongo da: zulaketa eta hariztaketa; material termoplastikoaren prestaketa; eta materiala, ordezko piezak eta aholkularitza. Aipatutako txoko horietan, GAZEko zein UGLEko ikasleak arituko dira dinamizatzaile lanetan.

Jardunaldia borobiltzeko, arratsaldeko 17:00etan, Don Boscoko ekitaldi aretoan, 2 hitzaldi eskainiko dira (IKUS egitaraua).

EGITARAUA

10:00 Ate irekiera eta inprimagailuak prestatzea.

10:30 Piezak inprimatzen hasi.

12:00 Eskuen muntaketa lanei ekin.

14:00 Bazkaria.

15:00 Eskuen muntaketa lanekin jarraitu.

17:00 Hitzaldiak (ekitaldi aretoan):

Victor Barahona Permacultura Aralar > “Hardware librea eta maker mugimendua”.

Gurutze Gorria > “Pertsonen kontrako minek biztanleria zibilarengan duten eragina”.

Informazio praktikoa; egitaraua, izen-emateak, nola iritsi, planoa, etab.:

http://www.donbosco.hezkuntza.net/web/guest/Robohand

 

· Don Bosco GLHBI > Carlos Lizarbe: jc.lizarbe@fpdonbosco.com / 943 510450

· GAZEko Idazkaritza Teknikoa> Leire Cano: gaztekinzale@gmail.com / 943 018395

 

3D inprimagailua, 3D inprimagailuak, 3D inprimaketa, 3D party solidarioa, Carlos Lizarbe, Don Bosco, Don Bosco GLHBI, Errenteria, esku robotizatua, esku robotizatuak, Eskua, eskuak, GAZE, GAZE Programa, gurutze gorria, Leire Cano, maker, pertsonen kontrako minak, protesi, protesia, protesiak, Robohand

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude