Larrazkeneko uzta Oibarren

Larrazkeneko uzta Oibarren –

Oibarren eta bere inguruko lurretan aspalditik bizi da jendea (erromatarren aztarna ugari aurkitu dira), eta seguraski, garai hartako eta egungo pertsonak lotzen dituzten harietako bi dira mahatsa eta musika. Bietatik ugari izan genuen pasa den larunbatean ospatu genuen ikasturte honetako lehen Baserriko Uztan: Mendiko Upategiko ardoa, eta Fermin Balentzia eta Jesus Ayesaren musika.

Larrazkeneko uzta Oibarren

Eguzkia goran eta mahastiak beheran zirela hasi zen jendea puntual iristen udazkeneko uzta jasotzeko plazara, 10:30ak aldera.  Dena prest zeukaten jada Victorino eta Imanol anfitrioiek; bai haiek, eta bai EH Kolektiboko zein Goiabe jantoki ekologikoko adiskideak bezperatik aritu ziren lanean jo eta su hori hala izan zedin (zuritu zuten borraja kantitatea dela eta Nafarroko Gobernua deliberatzen ari omen da estatua bat merezi duten edo ez).

Imanolek upategiko mahastietara eraman ginduen, Mendikotik hamar minutu eskasera oinez. Bidean udazkeneko prendak janzten hasiak dauden mahastiak eta azeitunaz betetako olibondoak gurutzatu genituen. Besteak beste, azaldu zuen Oibar, pixkanaka, mahatsarekin izan duen harreman historikoa eteten ari dela, eta mahastizain batzuk erretiratu eta gero ez dutela erreleborik jaso. Horretaz gain, nabarmendu zuen duela urte batzuk garnatxa mahats-mota asko sartu zela, jendea frantsesa zen edozerek liluratzen zuelako, baina akaso, ez dela barietate onena lur hauentzako. Azken urteetan erabili den makinariari dagokionez, aitortzen du lan batzuk asko errazten dituela, baina gaur-gaurkoz ez dutela oso garbi ikusten mekanizazio horrek mesede egiten dienik, ezta termino ekonomikoetan ere (makinak mantentzeak kostu handiak dauzka). Aipatu zigun nola gaixotasun batek eragina izan duen mahasti zonalde batzuetan, eta nahiz eta azukrearekin eta bestelako erremedio batzuekin aurre egin, ez dutela lortu gaitzak atzera egiterik; paradoxikoki, bake santuan utzi dituzten mahastiak indartsu eta osasuntsu daude.

Upategira itzultzen bertako fasearen inguruan hitz egin zigun Imanolek: nola apartatzen duten mahatsa, nola jartzen den edukiontzi erraldoietan, denborak, faseak… Prozesu osoa ekologikoan egiteak baditu bere berezitasunak, eta horien artean, ekoizleak kontatu zigun edukiontzi erraldoi bakoitzari, beteta dagoenean, 150 arrautza zuringo botatzen dizkietela (arrautzak ekologikoak dira, noski). Zuringoek sare moduko bat osatzen dute ardotan, eta jaisten doazen eran sedimentu solido guztiak jaisten dituzte haiekin edukiontziaren hondoraino. Ez dakigu oso ongi zer egiten duten gorringoekin, baina badago pastel batzuk egiteko adina.

Jarraian, eta bisita gidatuari amaiera emateko, lehen kupelak egoten ziren aretora joan ginen. Imanolek esan zigunez, botilan oraindik kantitate esanguratsu bat saltzen duten arren, tendentzia berri bat sortzen (edo itzultzen) ari da: ardo gehiago saltzen dute granelean botiletan baino. Toki dezentetan saltzen dute: Ereindajan (Debagoienan), Hazparnen, Baxenafarroko txoko ezberdinetan, Maulen, Iruñeko dendan (Jose Maria Beobide kalean)… Bizkaian sartzea zaila egin zaie orain arte, dirudienez bizkaitarrek atxikipen handiagoa diotelako Errioxako ardoari… Areto honetan ikusi ahal izan genituen, besteak beste, Errigorako kaxetan geure etxeetara iritsiko diren milaka ozpin botila, Mendiko Upategikoak hauek ere.

Behin azalpen gosea amaituta, hamaiketakoa egiteko une aproposa zen: egundoko patata tortilla (saltsa pikante itzel batekin nahi izanez gero) eta gazta jateko, eta barazki salda, sagar zukua eta ardoa edateko. Une onenean iristen den hamaiketako batek sortzen duen giroan hasi ginen lehen gitarra akordeak entzuten.

Larrazkeneko uzta Oibarren
Ardoa eta Fermin Balentzia

Ferminek ez zeukan eztarria bere onenean, abisatu zuen aurrez; eta hala ere, hunkitu gintuen denok. Lauzpabost abesti jo zituzten lehenik (herrikoiak, Tafalla, Maravillas,…), eta ondoren Jesus Ayesak eman zion erreleboa. Ofizioz nekazaria den gizon honek harrituta utzi gintuen guztiok bere ahotsaren sendotasunarekin; tartean klarinete jotzaile eta trikitilari bat batu zitzaizkion. Ondoren, Fermin berriro itzuli zen festara, eta abesti ugari jo zituzten, ikusleen parte-hartze sutsuarekin. Kontzertua amaitzera zihola zirudienean, publikotik oihu bat entzun zen: “Alvarok kantatu nahi du!”. Alvarok bazituen 80 bat urte, eta bertakoek esan zigutenez, musikarengatik asko egin duen gizona da, Fermin eta Jesusen adiskidea aspaldidanik. Alvaro batu zenean, askok bizi izan zuten hunkiduraren in crescendo-ak gailurra jo zuen, eta guztien artean, amaiera borobila eman zioten emankizunari.

Egitarauko azken puntua falta zen, ordea: bazkaria. Goiabeko adiskideek dena prestatu zeukaten jada kontzertua amaitu zenerako: txitxirioak, sahieskia, borrajak, piperrak eta saltsa pikantea. Plater sendoa, eta bakarra; goxoa eta maitasun handiz prestatua, bai sukaldariengatik, eta bai ekoizleengandik. Postrean pastel zoragarri bat izan genuen (sobratutako 150 gorringoekin egina?).

Jakien zerrenda eta jatorria (dena ekologikoa):

  • Ardoa – MENDIKO UPATEGIA, Oibar
  • Txitxirioak – Fran Iriarte , Arripodas
  • Barazkiak: patatak, piperrak, borraja, porrua, baratxuria – EKOIZAR , Tafalla
  • Arraultzak – GUNEKO, Donamartiri
  • Ogia – Lakabeko okindegia, Lakabe
  • Postrea – Aramendia Gozotegia, Zangotza
  • Sagar zukua – Ekain, Zestoa
  • Olioa – BARDEA, Kaseda
  • Esnea – BEHIEKO, Anoeta
  • Kafea eta azukrea: Panela Bidezko Merkataritza , Kuba/Ekuador

Mahaian geundela garbi zegoen eguna ez zela bukatu, eta kafea iritsi baino lehen gitarra mahaira itzuli zen, eta kantuetako letrak idatzita zituzten orrialdeak ezker-eskuin banatzen ziharduen lagun batek.

Biba biba, arno una eta amodio! 

Larrazkeneko uzta Oibarren
Larrazkeneko uzta Oibarren  Larrazkeneko uzta Oibarren
Larrazkeneko uzta Oibarren  Larrazkeneko uzta Oibarren

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.