Langileon bizitzak etekin ekonomikoen gainetik jartzeko garaia

Langileon bizitzak etekin ekonomikoen gainetik jartzeko garaia –

Atzo goizean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU, eta CGT sindikatuak, Nafarroako Jauregiaren aurrean elkartu gara Nafarroa Garaian eta Euskal Herrian gertatutako azken istripu hilgarriak salatzeko.

Joan den maiatzaren 12an, eraikuntza lanetan ari zen langile batek istripu larria izan zuen Burlatako Iturriondo industrialdean. ZIUn hainbat egun igaro ondoren, bizia galdu zuen joan den ostegunean, maiatzaren 18an. Gaur elkartu garen sindikatuek elkartasun osoa adierazi nahi diogu bere senitarteko, lankide eta lagun guztiei.

2023. urtea hasi zenetik Euskal Herrian lanean bizitza galdu duen 21. pertsona izan da, 4.a Nafarroa Garaian. Hau gutxi balitz, joan den igandean lanera zihoan beste langile batek Argedasen izandako istripuan ere hil zen. Foru Erkidegoan, apirila arte ez zen lan istripu hilgarririk gertatu, baina azken hilabete eta erdian 5 izan dira horrelako ezbeharrak. Honek erakusten du laneko segurtasuna ezin dela ausazko kontua izan, eta prekarietateak uneoro jartzen dituela arriskuan langileen bizitzak.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eta patronalari, langileon bizitzak etekin ekonomikoen gainetik jartzeko garaia dela esaten diegu, eta horretarako prekarietatearekin amaitzeko beharrezkoak diren neurriak behingoz har ditzaten exigitzen diegu.

Lan egin nahi dugu, noski, baina gure bizitzak arriskuan jarri gabe. Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea!!

LAB – ESK – STEILAS – EHNE – HIRU – CGT

Langileon bizitzak etekin ekonomikoen gainetik jartzeko garaia

jartzeko garaia