Langabetu guztiak Anoetako Estadiora
Zenbakiak, goizero zenbakiak. Hotzegiak direla esan ohi da. Horien atzean dauden aurpegiak, bizitzak edota historiak ezin imajinatuzkoak direla ere sarri aipatzen da. Baina zenbakiekin bonbardatzen jarraitzen gaituzte.
Gaurkoan berriz langabeziarenak, jada Hego Euskal Herrian 191.322 langabetu inskribaturik dagoela iragarriz. Errazegia litzateke langabetu horietako baten eguneroko bizitza gogorrari Tartaloren begirada botatzea eta hortik gainontzekoak ondorioztatzea. Alta, nor gara gu horietako bakoitzaren bizitza pertsonala eta sufrimendua hain era errazean irudikatzeko? Nekez imajina edo senti dezakegu adibidez seme alabak izan ditzakeen langabetu baten bihotz urratuaren mina. Idatzi bai, baina sentitu ziur ezetz.
Dena dela, zenbakiak besterik gabe botatzen dizkiguten honetan bada egin dezakegun beste ariketatxo bat, bestelako begirada bat. Demagun langabetu guztiak hurrengo astean Donostiara joateko gonbidatzen ditugula: Anoetako Estadiora.
Bertan 32.000 lagun inguru sartzen dira, beraz Hego Euskal Herriko langabetuek astelehenean hasi eta larunbata bitartean egunero Anoetako estadioa bete zezaketen. Alegia, sei aldiz bete daiteke Anoetako estadioa! Astelehenetik, larunbatera. Imajina dezagun arratsaldero, bete betea!
Ea protestan ikusten dituen Tartaloren begi bakarrak? Ez noski, protestan ez. Aitzitik, bakoitzarentzat estadioaren aulki bakoitzaren gainean egon beharko lukeen gutun azala jasotzen imajinatzen ditu, besterik ez. Bai, gutun azal bana, bakoitzak 11.627 euro barnean dituena. Alegia, hurrengo astean, egunero, Anoetako estadioa bete zitekeen larunbata bitartean. Egunero bertan eseriko liratekeen guztiak aipatu dirua har zezaketen eta urtea amaitu bitartean hilero mila euro luze izango lituzkete etxean bere seme alabekin, senar edo emaztearekin egun bizi diren baino askoz ere lasaiago bizi ahal izateko. Hilabete batzuetan bederen.
Nork jarri ditzake ordea diruz betetako gutun azalak? Tartaloren begi bakarra ez al da konturatzen gobernuak, instituzioak eta udalak defizita jaisteko ahaleginetan ari direla merkatuak berriz ondo funtzionatu dezan! 426 euroren diru laguntza amaitzera doan honetan nork jarriko ditu bada aipatu 11.627 euroak 191.322 langabetuentzat?
Hona hemen Tartaloren bestelako begiradak eskaintzen digun aukera: aipaturiko 11.627 euroko zifra hori ez da hala nolakoa. IBEX-35-ean kotizatzen duten enpresek, alegia estatu espainoleko enpresa nagusiek 50.000 miloi euroko etekinak izan zituzten 2010. urtean. Horiek, izan dira krisiaren aurrean hartutako neurrien onuradun nagusiak eta langabetuak berriz neurri horiei esker ondorio kaltegarrienak pairatzen ari dituztenak. Eta 50.000 miloi horiek estatuko 4,3 miloi langabetuen artean banatuz aipaturiko 11.627 euroko zifra ateratzen da.
Horixe da ba Tartaloren begiradak imajinatu duena, sei egunez estadioa beteta, denak hurrengo hilabetetarako sosa hartzen eta gutxi batzuk eskuratu dituzten etekin ugariak askoren artean banatzen. Irreala? Demagogia? Sinpleegia? Tartalori irrealagoa eta lotsagarriago iruditzen zaio oraindik orain merkatuak funtzionatzen duela esatea, krisia eragin dituen neurri berdinekin krisitik aterako garela sinestea, alternatibarik ez dagoela entzutea! Hori bai sinplea, hori bai demagogikoa! Eta zuk zer deritzozu?