Laila Peak

http://alteretaego.wordpress.com

22_arankorum
Argazkia: Arankorum
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2012/02/03
Latitudea: 42º 58,749´ N
Longitudea: 2º 24,038´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: Peleng 8mm f/3.5 Fisheye
Distantzia fokala: 8mm
Irekidura: f8
Esposizio denbora: 1/40? + 1/160″ + 1/640″
Sentikortasun eskala: 150 ISO
Flasha:
Oharrak: esposizio desberdinetan ateratako eta gainjarritako hiru argazkiz osatutako Tarte Dinamiko Handiko irudia (HDR)

Alter dixit.

Duela hilabete edo, Alex Txikon lemoaztarraren telefono deia jaso nuenean, ez nekien oso ondo non sartzear nengoen. Bere proiektu berria oso aurreratua zuela azaldu zidan eta bere taldean, beti onenak eramaten saiatzen denez, ni ere egotea gustatuko litzaiokeela.

Tipo xelebrea da Alex. Abenturazalea, aurrez, ezagun nuen aurrera eraman dituen beste zenbait proiektutatik. Pertsonak harritu ninduen eta, batez ere, munduari begiratzeko duen beste era horrek.

Laila Peak (6096 metro, ustez) zen bere erronka berria, Karakorum mendilerroko tontor ikusgarria, munduko haur guztiek marraztuko luketen mendia,. Bere motxilan bederatzi zortzimilako dituen batentzat itu xumea dirudi. Baina, orain arte, bi espediziok bakarrik lortu dutela tontorra zapaltzea kontuan hartuz, hamar bat lagun guztira, aukeraketaren zergatiaz ohartu nintzen. Gainera, neguan inork ez duela helburua lortu ere kontatu zidan.

Gestio batzuk egin eta behar nituen bi baimenak lortu bezain laster, etxeko eta laneko nagusiena, telefono deia bueltatu eta baiezkoa eman nion. Helburua betetzeaz haratago, lortutakoa ondo saltzea omen da gaur eguneko alpinismoaren lege nagusietako bat. Eta horretan lagundu nahi ditut Alex, Sebas, Juanjo, Ramón eta Josema.

Bidaia duela hamar egun hasi bagenuen ere, atzo iritsi ginen Kanpamentu Nagusira. Bailarari izena ematen dion Hushe herrixka atzean utzi genuenetik, besteentzat, egun biko ibilalditxoa izan da; niretzat, aldiz, egun biko kalbarioa. Nik, jada, ez dut gorago jo behar. Inoiz igo dudan tontorrik garaiena baino bi aldiz altuera handiagora nago, 4160 metrora, eta etxetik 6606 kilometrora.

Gauza askok eman diete atentzioa kontu hauetara ohituak ez dauden nire begiei. Tipo hauek darabilten mendiko materiala, gizakiok hotza jasateko erakutsi dezakegun gaitasuna, Gondogoro-ko glaziar honetan harribitxiak bila dabiltzan meatzari baltiarrak, gauetako tertulietan (eta nirea baino ingeles landuagoan) kontatzen dituzten istorioak…

Baina gauza guztien gainetik, gehien harritu nauena da Baltistan (Pakistango Kaxmir) eta Euskal Herria zeinen antzekoak diren. Eta ez diot politikoki, alde estetikotik baino. Sarri esan izan ohi da nazionalismoen aurkako txertorik onena bidaiatzea dela, beste lurralde batzuk ezagutzean norberarenari diogun atxikimendua kolokan jartzen delakoan. Niri, behintzat, kontrakoa gertatu zaidala uste dut.

Deserritutako askok euren begiak itxi eta sortu diren lurraldea ikusteko gaitasuna dute. Nik, ordea, nire begirada inguruko mendietara luzatzen dudan bakoitzean Laboaren kantuko gure bazterrak bezalakoak baino ez ditut ikusten.

Agian, oxigeno faltaren zehar-kaltea edo izango da… auskalo. Saiatuko naiz, hemendik aurrera eta, ahal dela, era objektiboago batean, hemen ikusten dudana zuenganatzen honako helbide honetan: http://alextxikon.com/blog.

inshallah  Hala bedi!

 

PD: Badakit, Loiun hegazkina hartu aurretik hala helarazi didazuelako, zenbaitsuk proiektu honetan murgilduta nabilenaren duda daukazuela. Zuontzat, sinesgogorrak, eta lehen aipatutako herrialdeon arteko antzekotasuna erakusteko, gaur bertan Kanpamentu Nagusitik ateratako argazki bat eskegi dut.

Ego dixi.