Lagun euskalduna
Badut lagun bat Espainiako bandera ikusten duen bakoitzean zorabiatzen dena; edo hori esaten duena gutxienez. Gorria eta horia elkarrekin ikustean zainak puzten zaizkiona, haserretzen eta ahultzen dena; edo behintzat, hala dioena, blokeaturik geratzen dela. Edozein inprimakiren nazionalitate-laukian espainiarra-ren alboan gurutze bat marraztu behar duen bakoitzean malko potoloen jarioa pairatzen duena; edo egunero hala kontatzen duena.
Badut lagun bat bere burua euskaldun, abertzale eta independentistatzat duena; ikurrina logelako paretan itsatsia duena; lauburua lepoan zintzilik daramana; euskaraz bizi nahi dut kantatzen duena kaletik; Mikel Laboaren Gure bazterrak buruz dakiena; nazio bat=selekzio bat lelopean defendatzen dituena euskal futbolariak; karpetak Euskal presoak etxera idatzita duten pegatinez josita dituena; bihotzak dioena plastikozko txartel hutsek diotena baino garrantzitsuagoa dela argudiatzen duena; euskararen herria defendatu beharra dagoela tinko oihukatzen duena.
Badut lagun bat ez dakiena ikurrina Arana Goiri anaiek sortu zutela Bizkaiko burujabetasunaren isla bezala, lauburua antzinako euskal esbastika dela, eta ezta ere Gure bazterrak olerkiaren idazlea ez dela Mikel Laboa, JosAnton Artze baizik; etxean, kalean, lanean, lagun artean erdaraz besterik ez duena egiten; Espainiar selekzioaren partidu guztiak ikusi eta komentatzen dituena; gizakien eskubideak babesteko manifestazio batera sekula joan ez dena; gauzak errazteko atzerrian Hi! I am Spanish esaten duena; nekea aitzakiatzat jarriz inoiz ez duena hauteskundeetan parte hartu.
Badut lagun bat Euskal Herriaren etorkizuna aldatuko duela uste duena; badut lagun bat ipurdia ez duena sofatik mugitzen; badut lagun bat bere burua independentistatzat duena; badut lagun bat lehenenik eta behin bere independentzia eskuratu beharko lukeena, inozokeria eta ezjakiteaz askatuz.