Espaloia

Zinez gogorra da Bilboko Alde Zaharretik Santutxura Iturribide karrikan goiti joatea. Hamaika aldiz esanen zidaten Zabalbidetik hobeki dela, lasaiagoa dela malda, baina hala ere Iturribide hartu ohi dut etxerako bidean, beti. Egun gutxi dira aterkia eskuan igo nuela Iturribide. Zaparrada ari zuen, gogotik, eta urrats azkarrez igotzen saiatu nintzen, nahiz eta jakin banekien arnasestuka ailegatuko nintzela eskailera mekanikoetara. Bidean hainbat lagun gurutzatu nituen, baina bat batean barnetik izozturik utzi ninduen zerbait pasatu zen.

Esan bezala, Iturribide karrikan nenbilen urrats arinez. Halako batean, beltz bat topatu nuen nire norabidearen aurkara. Biak, bakoitza bere aldetik, joateko aukera bagenuen arren, espaloitik jaitsi zen niri tokia uzteko. Stop! Txunditurik nintzen, istorio hori kontatua zidaten lehenagotik. Lau segundo horietan denerako denbora izan nuen. Lehenbizi harritzeko, gero trabatzeko, eta, azkenik, zerbait erantzun behar niola pentsatzeko. Konturatzerako beltzak hartua zuen bere bidea, eta ni Karmelorantza abiatu nintzen berriro.

Egoera bitxi horrek Ferran Suayk idatzitako “Bahamarren edukazio ona” ipuintxoa ekarri zidan gogora.  Berak kontatzen duenez 70. hamarkadan Bahametako irletara bidaia egin zuten bi lagunek. Lehenbiziko egunean, karrikan tirriki-tarraka zihoazela, herritar beltz bat topatu zuten aurrez aurre. Oraindik inor paretik zetorrela konturatu baino lehen, espaloitik jaitsi zen bera, bi lagunei pasatzen uzteko. Bahametan igarotako egunetan behin eta berriz bizi zuten egoera hori, eta txunditurik ziren bertako biztanleen adeitasun, gizalege eta errespetuarekin.

Baina, lagun hauek gertutik behatu ohi zituzten bahamarrak, eta, orduan, konturatu egin ziren espaloitik soilik herritar beltzak jaisten zirela. Gainera, txurien aurrean baizik ez zuten jarrera hori azaltzen. Beltz batek beste beltz batekin topo egiterakoan ez zion batak besteari bidea irekitzen; espaloi beretik joaten ziren biak arazorik gabe. Orduan, zergatik jaisten ziren espaloitik? Bada, txuriak beltzen gainetik zirela uste zutelako, eta, beraz, errespetu berezia merezi zutela sinetsi zutelako.

Suayk, baina, beste zentzu batekin kontatzen du ipuina. Bahamarren istorioa gurera ekarrita alegia. Izan ere, pentsa dezagun Zuzeuko txoko honetan beharrean ostatuan gaudela trago batzuk hartzen. Bahamarren istorioa kontatu dizuet, eta denek pentsatuko duzue diskriminazio kasu argia zela bertako biztanleendako. Izan ere, kanpotarrei lehentasuna eman behar zieten, morroiak bailiran. Halako batean, atetik sartu da aspaldiko lagun bat. Barran garagardo bat eskatu, eta guregana gerturatu da. “Buenas noches”, agurtu gaitu. Eta hitz magiko horiek esanda, ordura arteko euskaldun koadrila, erdaldun bihurtu da. Bi hitz, soilik bi hitz aski dira konbertsio linguistikoaren miraria eragiteko.

Bi aukera ditugu, adiskideok: erdaldunei bide eman, edo espaloian gelditu. Euskal Herrian Euskaraz eragileak Euskaraz Bizi Eguna ospatuko du apirilaren 13an Agoitzen. Bahamandarrak gogoan izanen ditu EHEk, eta lema argiarekin azalduko du euskaraz bizitzeko harrotasun eta engaiamendua: “Ez zaitez espaloitik jaitsi, euskaraz bizi!”. Bide luzea dugu espaloian ibiltzeko.

Espaloia. Argazki moldatua: Inakihuarte CC

BARDO GORRI NAFARRA