“Kutsatuak”

maskarillaHauteskundeen atarian istorio berdina, berriz ere. “Kutsatuen” aurkako erasoaldia bete-betean egin dute Espainiako instituzioek, inpugnazioak horren froga. Poliziaren datu base erraldoiaz gain, hedabideek ere “kutsatuen” ehizan lagundu dute.

40.000 pertsona inguruk ezin dute Euskal Herriko hauteskundeetan parte hartu “kutsatuta” daudelako. Ez dute justiziarekin zorrik. Hala ere, hautagai zerrendetan izateak Bilduren 254 zerrendak baliogabetzea ekar lezake. Eta, bide batez, beste 3.743 pertsona kutsatu berri bilakatuko lituzke. Ur tanta kutsatu bat nahikoa da itsaso osoa zikintzeko, bai behintzat Euskal Herrian. Helburua: herritarren zati esanguratsu bat ordezkari politikorik gabe uztea.

Poliziaren kutsatuak

Auzitegi Gorenak esku artean dituen txostenen artean, besteak beste, “kutsatuen” azterketa irakur daiteke. Polizia txostenen arabera, “kutsatu” izateko bost modu daude: legez kanpoko alderdietako hautagai gisa aurkeztu izana, ETArekin zerikusia dutelakoan legez kanporatu diren elkarteetan ibili izana, terrorismoa goratzeko ekitaldietan parte hartu izana, eta Herri Programan lan egin izana. Gauzak horrela, Bilduko zerrendetako %10,44 “kutsaturik” dago, 3.743 pertsonatik 391.

Hau gutxi balitz, Espainiako Fiskaltzak inpugnazio txostenean herriz-herri eta pertsona bakoitzaren gaineko ikerketa abiatu ostean, askotariko kutsadura harremanak aurkeztu ditu. Legez kanpo utzi dituzten alderdien abalemaileak, Torturaren Aurkako Taldeko kideak, Poliziak istiluak egon direnean identifikatuak, Gazte Topagunean parte hartutakoak, Bruselan GaztEHerriak antolatutako manifestaziora joanak, Gazte Martxetan izandakoak, Ikasle Abertzaleaken asanbladan parte hartutakoak, legez kanpo gelditu diren alderdien hauteskunde ikuskatzaileak, Haikaldia 2001 ekitaldian izanak, Gudari Egunetan parte hartutakoak, autoritateari aurre egiteaz inputatuak, Jarrai-Haika-Segi auzian gazteen aldeko manifestua sinatu zutenak, eta, harrigarriena, Fiskaltzak pertsona batzuk “resulta ser militante de ETA” ere badio.

Baliteke orain bi urte izan balira hauteskundeak, Egunkariakoak eta Udalbiltzakoak ere tartean izatea.

Denboran atzera begirako datu mordoa ditu oraindik ere poliziak. Esaterako, hainbat hautagai 1990 urte aurretik HBren zerrendetan izana “kutsapenaren” froga gisa aurkezten dute inpugnazioek. Markak hausten ditu 1979an Arrasateko zerrendetan izan zen hautagaiak, orain 32 urtetik “kutsatuta” egotea posible den seinale.

Hedabideen kutsatuak

Poliziak lege irizpideak bete behar dituen bitartean (glup!), hedabideek askatasun osoa dute kutsatu eta demokraten arteko banaketa nahieran erabiltzeko.

Gara eta Egin egunkarietan ibili izana, esaterako, oso azpimarragarria izan da El Mundo egunkariarentzat. Ahaztua dute Egin itxi zutela ETAren pean egotea egotzita eta urte batzuk barru salaketa hura bertan behera gelditu zela.

La Razón egunkariak, bestalde, “kutsadura” genetikoa ezarri du. Hala, Bilboko hautagai bat 1968an Guardia Zibilak hil zuen ETAko kide Txabi Etxebarrietaren iloba dela jakinarazi zuten. Pertsona horren osabak Burgoseko Prozesuan abokatu lanak ere egin zituen. Eta hau guztia gutxi balitz, bere aita Herri Batasunan aritu zen. Odola gorria beharren beltza izango al du!

Adierazi EH eta Independentistak sareak ere ez dute itxura onik eta horren berri ematen du El País egunkariak. Bilboko beste hautagai bat Herritarren Zerrendako abokatua izateak ere susmoa piztu du.

Hedabideek tona bat “froga” erakutsi dituzte “ETA=Bildu” erakutsi asmoz. Horregatik, Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko kideak Bildu alderdia babesteko abestia egin izanak ondorio garbia du. AVT elkartetik azaldu zutenez, “behin betiko baieztapena da” Bildu ETAren parte dela frogatzeko.

Eta, azken adibidea, Ehiza 2.0 izenekoa: Facebooken “lagunen” artean espetxean egon direnak izatea. El País, dixit.

Milaka pertsonen atzetik zelatan dabilen estatuaren islada da ehiza hau. Kutsaturik baino, errotik minbiziak jota duen estatuarena.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu ““Kutsatuak””-ri buruz

  • Perla ederrak daude Fiskaltzaren txostenean, honaxe atentzioa deitu didaten batzuk (herriz herriko zerrendaketa egiten duenean):
    – Arabako independenteak independenteak dira, Bizkaikoak “supuestos independientes”, Gipuzkoakoak “supuestamente independientes” eta baita Nafarroan ere
    – Araba “Alava” da goiburuan baina gero “Araba/Alava” eta herriak ele bietan gehienak, Bizkaia ele bietan jartzen du (toponimia ofiziala euskaraz soilik izan arren orain), Gipuzkoa gazteleraz zuzenean eta baita Amezqueta edo Ikazteguieta baina gero Donostia soilik euskaraz, Nafarroa gazteleraz soilik, baina zenbait herri ele bietan edo euskaraz daude.
    – Hautagaitzen aldeko sinatzaileak kontuan hartzean, soilik D3M-ko sinatzaileak dituzte kontuan (beste hautagaitzen daturik ez al dute? edo horrekin nahikoa dute eta astirik ez dute izan?); EA edo Alternatibako militanterik etzuen sinatuko D3Mren alde? Eta baiezkoa bada, ez dute zehazten, horiek ere balio dute “kutsatzeko”?
    – Alternatibako militanterik ez da azaltzen (nik ez dut ikusi) baizik eta EBkoak. Zerrenda zahartuta dute? Nolatan dituzte EAko, Araba Baiko eta EBko militanteen zerrendak independenteak nortzu diren jakiteko?

    Gehiago ere egongo dira baina…

  • Perla ederrak ez ezik, hankasartzeak ere aurki litezke Fiskaltzaren txostenean. BILDUk Lekunberrin (Nafarroa) aurkeztu dituen bederatzi hautagaietatik, adibidez, bi jotzen ditu kutsatutzat, eta bi horietako bat legez kanpo utzitako alderdi baten zerrendaburua izan dela esaten du, LAIArena, hain zuzen. LAIA, ordea, legezko alderdia da, eta bi zinegotzi ditu Lekunberriko Udalean.