Kulturgintzatik (ere) Otegi askatzeko deia
2015eko martxoaren 24an “International Declaration to free Arnaldo Otegi & to bring Basque political prisoners home” ekimena aurkeztu zen Bruselan, nazioartean itzal handikoak diren izenek babestua (Bakearen Nobel saridunak tarteko).
Hogeita lau sinatzaile zituen taldeak; begiak mugimendua natural har dezan zineman minutu batek behar dituen fotogramak legez; ordenagailuen arkitekturan osotasuna deskribatzen duen bits kopurua adina, egunak dituen beste ordu; 24.
Gauzak horrela, eta aldarrikapenaren kateak aurrera egin dezan, gaur zortzi, maiatzaren 6an, Euskal Kulturgileen Deia aurkeztu zen Donostian; honakoan esparru ezberdinetako 24 sortzaileren sinadurarekin.
“Bakearen eta demokraziaren alde arriskatzen jakin zuen gizonaren berehalako askatzea” eskatu du kulturgileen taldeak, Bruselan Friendship taldeak egin zuen bezala.
“Free Otegi, Free Them All” (Euskal Kulturgileen Deia -24 sortzailek sinatua-):
Anari / Lorea Agirre / Ramón Agirre / Asier Altuna “Kixi” / Bernardo Atxaga / Josu Ximun Billelabeitia / Harkaitz Cano / Idurre Eskizabel / Telmo Esnal / Lander Garro / Ainara Gurrutxaga / Itziar Ituño / Miren Jaio / Ander Lipus / Maialen Lujanbio / Ines Osinaga / Jose Luis Otamendi / Galder Pérez / Danele Sarriugarte / Eider Rodríguez / Joseba Sarrionandia / Gorka Urbizu / Kirmen Uribe / Zaldieroa
“Inork egingo ez zuela zirudienean, hitzaren aldeko apustua egin zuen” Otegik, dio ekitaldiaren aurkezpenean irakurri zen agiriak, eta bide beretik, euskal kulturgileen deia aurkezteko hitzordua “Sorkuntza eta errealitatea” izenburuko mahai-inguru batek borobildu zuen DOKA antzokian.
Argia astekariko Lander Arbelaitz kazetariak lau euskal sortzaile gidatu zituen mahaiaren bueltan. Brusela eta Donostiako hogeita lauko bi taldeen arteko katebegi -nazioartekoena eta euskal kulturgileena-, Fermin Muguruza, eta Euskal Kulturgileen Deia egin zutenetako hiru sinatzaile, Harkaitz Cano, Eider Rodríguez eta Ramón Agirre.
Bertan esandakotik lagin modura, azken atal ezin interesgarriagoa dakargu plano fijoko bideoan, “euskal kulturgintza eta euskal gatazka” gaia ahotan hartuta.