Kubako zinema independientearen zikloa Artium-en
Kubako zinema independientearen zikloa Artium-en:
- Lotutako erakusketa: Ikonokrazia. Boterearen irudia eta irudien boterea kubako argazkigintza garaikidean
- Bartzelonan azaroan aurkeztuko den Erakustaldiaren aurrerapena da zikloa, eta haren zuzendari Judith Ruiz-ek aurkeztuko du
- Artiumek aurkeztuko dituen lau dokumentalek, kritikoen oniritzia jasoak, uharte barruko eta kanpoko bizimoduaren irudi anitza aurkezten dute
Artium, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak zuzendari kubatarren lau pelikulako ziklo bat eskainiko du Bartzelonako Kubatar Zinema Independientearen Erakustaldiarekin elkarlanean. Pelikulak, guztiak dokumentalak, iraileko ostiraletan proiektatuko dira: uharteko zinemagintzaren irudi kondentsatua eskaintzen dute, eta gaur egungo Kubako bizitzaren alderdi ugariak islatzen dituzte. Herrialdetik alde egin zutenen benetako istorioak, iraultzaren ametsari gogor heltzen diotenenak, edota iraun ahal izateko unibertso propio bat sortu dutenenak. Bartzelonako erakustaldiaren zuzendari Judith Ruizek aurkeztuko du zikloa irailaren 4ko proiekzioaren aurretik, hau da, lehen pelikularen aurretik. Saio bakoitzaen prezioa 2 eurokoa da, eta ziklo osorako txartel bat erosteko ere aukera badago, 4 euroren truke. Artiumen adiskideentzako sarrera doan da. Zikloak Eulen zerbitzu-enpresaren babesa du.
Zikloa Otra isla-rekin hasiko da (irailak 4, ostirala), Heidi Hassánek zuzendutako pelikula, Espainian babestutako kubatar disidenteen gertakizunak kontatzen dituena. Sabina Martín-en familia da pelikularen protagonista, «Zurizko damak» taldearen kidea, Kubatik erbesteratu eta Espainian iheslari politiko gisa babestua, bi herrien arteko hitzarmen bati esker, zeinak, besteak beste, ehun bat disidente ingururentzako ostatua eta lana ziurtatzen baitzuen. Promesa horiek ez ziren bete, ordea, eta zenbait harrera-zentrotatik igaro ondoren, iheslari haietako asko kalean geratu zen. Sabina Martín-en kasuan, gose-greba bat hasi ondoren, familiak Atzerri Ministerioaren aurrean kanpatzea erabaki zuen. Hassán-en esanetan, protagonisten ingenuitate politikoa, eta elkarturik mantentzeko borondatea islatzeaz gainera, espainiar agintarien nagikeria ere islatzen du pelikulak; baina, batez ere, «ama baten, Sabinaren, setaren istorioa da, adorez eta autoritatez ezerezaren erdian etxe bat egiteko borrokatzen denarena».
Kubako zinema-ziklo honen barruan, Haliam Pérez-ek zuzendutako Marina pelikula proiektatuko da iraileko bigarren ostiralean. Marinaren izena Caridad Marina Pérez da, 1926an jaioa, Fidel Castro bere «lider miretsia» baino hilabete lehenago. Marinak eta bere seme-alabek kubatar iraultzaren utopia bizi izan dute; batzuek Estatu Batuetara emigratu dute, eta beste batzuk amarekin bizi dira, bilobaz betetako familia-etxean. «Marinak etsipenez darama bere seme-alaben sakabanatzea. Sakrifizio handiak egitera ohituta dagoen familia baten bihotza da, (…) eskasia-garaiak, gerrak, egoera zail ugariak bizi izan ditu». Haliam Pérez haren bilobetako bat da, Espaniara emigratu eta handik hamahiru urtera lehendabiziko aldiz Kubara itzultzen dena «geratzen direnekin» elkartzera. «Zalantza handi bat daramat barru-barruan: merezi izan ote dute hainbeste urteko sakrifizioek?
Zikloko hirugarren dokumentala Entropía da (irailaren 18a, ostirala), Eliecer Jiménez zuzendariarena. Kritikaren oniritzia jaso duen pelikula hau beste pelikula batzuetatik eta albisteetatik hartutako milaka zatiz eginda dago. Jiménezek osatzen duenak begiratu batean irudien eta ahotsen collage disonante bat dirudi, baina, azkenean, saiakera artistiko koherente bihurtzen da. Pelikula New Yorkeko Kubatar Kulturunean aurkeztu zenean esandakoaren arabera, pelikulak «inplosio sozio-politiko kaotiko baten lekuko, biktima, protagonista eta epaile aldi berean izateko» erronka jotzen dio ikusleari.
Zikloa irailaren 25ean amaituko da, ostiralarekin, sari ugari jaso dituen Hotel Nueva Isla pelikularen proiekzioarekin, Irene Gutiérrez-ek eta Javier Labrador-ek zuzendua. Erroizteko arriskua gorabehera, Jorgek, garai batean luxuzko hotela izan eta gaur egun hondatzeko zorian dagoenaren azken biztanlea, ez du eraikinetik alde egin nahi, etsita baitago horma haiek antzinako bizilagunek ezkutatutako altxorrez beteta daudela. Carlos Loureda kritikoak dioen bezala: «istorio hunkigarri eta iradokitzaile honen pertsonaia nagusi eta ia bakarraren seta, Quijoteren beharrezko eromenaren antzekoa da. Etorkizunik gabeko balentria bat, lehenago edo geroago ke bihurtuko diren ahalegin batzuk, eta bizirik irauteko gorde behar den ilusio bat, hormetan zizelkatzen dituen amaitu gabeko esaldiak bezala».
Proiekzio guztiak arratsaldeko zortzietatik aurrera izango dira, lehendabizikoa izan ezik, Judith Ruiz komisarioak egingo duen zikloaren aurpezpenaren ondoren hasiko baita. Emanaldi bakoitzaren prezioa 2 eurokoa da, baina lau pelikulak ikusteko 4 euroko txartel bat eros daiteke. Artiumen Adiskideentzat doan da. Zikloak Eulen-en babesa du.
Arabako Artium Fundazioa
Kubako zinema independientearen erakustaldia
Iconocracia erakusketarekin lotutako jarduera
Irailaren 4, 11, 18 eta 25ean, ostirala
Otra isla; Marina; Entropía; Hotel Nueva Isla
Aurkezpena (lehen saioan): Judith Ruiz, Bartzelonako kubatar zinemaren erakustaldiaren zuzendaria
Proiekzio guztiak 20.00etan
Prezioa: pelikulako 2 €. Ziklo osorako txartela: 4 €. Artiumen Adiskideak: sarrera doan
Babeslea: Eulen