Krutwigen berrirakurketa bere mendeurrenean
Krutwigen berrirakurketa bere mendeurrenean –
Maiatzaren 15ean, Federico Krutwig Sagredoren jaiotzaren mendeurrena bete da; izan ere, 1921ean jaio zen eta 1998an zendu. Tarte horretan, ekarpen asko eta hausnarketa ugari utzi zizkigun. Hala ere, bere obra erraldoiaz lerro xume batzuk idaztera goaz gure gazteriak jakin ditzan bere ideia batzuk, laburki bederen. Zalantzarik gabe, bere luma oso oparoa eta zorrotza izan zen eta ekarpen andana egin zizkion euskarari, euskal politikagintzari, literaturari edo ekonomia berari ere.
Erromako exilioan bera ezagutzeko parada izan genuen 1970ean eta aukera paregabea berarekin intelektualki aberasteko eta azterketa sozioekonomikoari beste modu batean heltzeko. Gerora ere, berarekin Bruselan eta Euskal Herrian egoteko zortea izan genuen eta beti, bere buruan, Euskal Herria zegoen. Harreman pertsonaletarako zakar samarra zen, baina, halere, bere ingurura ezkertiar jende andana hurbiltzen zitzaion: politikariak, gerrillari ohiak, kazetariak, intelektualak, eta abar.
Federico euskaldun berria zen eta 26 urterekin, Azkueren eskutik, euskaltzain oso izendatu zuten. Euskaltzaindian ere ez zen ezkutuan ibili; hasteko bertako bilerak euskaraz egitea lortu zuen; euskara batuaren alde jo zuen eta, bere ustez, euskara batuaren oinarriak lapurtera klasikoan zeuden historikoki finkatuta. Bere ustez, egon bazegoen tradizioko euskara kultua, hain zuzen, jadanik Leizarragak eta Axularrek idatzi zuten euskara, eta hori indartu eta garatu behar zen. Aranismoak erabiltzen zuen euskara garbiaren aurka zegoen eta bere iritzian greziera klasikotik zetozen termino kultuak maileguan hartu behar zituen euskarak, hizkuntza aurreratu eta aberatsa izan nahi bazuen. Berak euskara hori erabiltzen zuen: lapurtera klasikoa.
Eliza Katolikoa Euskal Herriaren etsaitzat zeukan, betidanik euskararen aurka egon zelako. Aurkakotasun hori, gainera, Pio XII.ak Espainiako gerla zibilean euskaldunekiko izan zuen jarrera maltzurrak areagotzen zuen. Horrela, Euskaltzaindiko ekitaldi batean, Eliza Katolikoa goitik behera gogor kritikatu zuen euskara baztertzeko zeraman politika koloniala zela-eta. Eta, ondorioz, ihes egin behar izan zuen Iparraldera, non Likiniano, Kasilda, Legasse, Miangolarra eta beste hainbat iheslarirekin elkartuko zen.
Erbesteratutako lehen urteetan, euskal enpresarien biltzarra eratu nahi izan zuen, hain zuen, Miarritzen eta euskaraz. Horretarako Londresetik laguntza paregabea eman zion Irujok, begi onez ikusi baitzuen gerraosteko garaietan euskal enpresarien lobby antzeko bat sortzea euskal ekonomiari indar berritzailea eranste aldera. Gestio horiek hirurogeiko hamarkadaren hasieran burutu zituen, baina, dirudienez, Krutwigek ez zuen arrakasta handirik izan.
Hizkuntzak ikasteko erraztasuna zuen eta, berak zioenez, hamabost hizkuntza menperatzen zituen persiar zaharra ahaztu ondoren, inor ez zuelako aurkitzen praktikatzeko. Horregatik, prentsa agentzietan oso erraz aurkitzen zuen itzultzaile lana. Maoren aipuak ere itzuli zituen.
Krutwigek euskal abertzaletasuna berritze aldera lan eskerga burutu zuen eta bere ekarpen nagusiak hiru liburutan jasoko genituzke, nahiz eta bere obra politikoa arras oparoagoa izan: “Vasconia” (1963), “La Cuestión Vasca” (1965) eta “Computer Shock. Vasconia. 2001” (1984).
“Vasconia”-n aurkituko dugu Euskal Herri Handiaren historia, zein gaur egungo Akitania Berriak, Nafarroak eta EAEk osatzen duten euroeskualdera hurbiltzen den. Halaber, euskal nazioaren oinarri nagusia ez da arraza Krutwigentzat, aranismoak zioen bezala, hizkuntza baizik; bigarren maila batean jartzen ditu kultura eta mentalitatea, erlijioa, arraza eta ezaugarri ekonomiko-sozialak. Naziogintza prozesu dialektikoa da, kontraesanez betea, eta ikertzeko metodo gisa materialismo historikoa erabiliko du, marxismoari jarraituz. Halaber, esplotazioa ekidin nahi bada, jabetza pribatuaren aurka azalduko da. Oraindik bizirik zegoen euskal jabetza komunala ere defendatuko du.
Aipatu liburuan, Euskal Herria Handiaren azpiegiturak eta ekonomia antolatzeko ildoak emango dizkigu, nekazaritza aurreratu, industria moderno, komunikabide lehiakor, zerbitzu eraginkor eta unibertsitate egokiak eratu beharra beharrezkotzat joz. Ideia horiek mapetan jasota daude, hirurogei urte geroago aldera ditzagun. Eta egiari zor, ideia ugari bat datoz gaur egungo euroeskualdearekin. Beraz, hein batean, Federico euskal igarlea ere izan genuen.
Bestalde, euskal administrazio politikoak nolakoa izan behar zuen ere marraztu zigun. Horretarako, oinarri-oinarrian biltzarra ipiniko du, erakundetze demokratikoa erdietsi nahi badugu. Diseinu horretan Kropotkinen eragina nabarmena da.
Hirurogeiko hamarkadaren hasieran Euskal Herriaren etorkizun politikoa marxismoaz blaitzen hasita zegoen eta “La Cuestión Vasca” iturriko ur freskoa bezala etorri zitzaigun demostratzeko marxismoak (Lenin) ere bidea ematen zigula autodeterminatzeko eskubidea onesteko gure independentziarako bide eta borrokan. Hamarkada horren amaiera aldera eta Franco hil aurretik, ezkerreko abertzaleok oinarrizko liburu gisa erabili genuen.
Bestalde, prozesu politiko hori baketsua izango da, alabaina, diktadurak edo demokrazia ezak galarazten badio Euskal Herriari independentea izatea, zapaltzaileen estatuaren aurka borroka armatura jauzi egitea zilegia litzateke. ETAren V. Biltzarrean parte hartuko du eta onartuko dira bere hainbat teoria, hala nola antolakuntza lau frontetan banatzea (kulturala garrantzitsuena, Krutwigen aburuz). V. Asanblada horretan Biltzar Ttipiko kide izendatuko zuten.
Erbestetik itzulita, Krutwigek “Computer Shock” idatziko du, non, igarle moduan, konputagailuen iraultzak dakarrena aurreikusiko duen, baita Euskal Herriak zer egin behar duen progresuaren gurpila ez galtzeko ere. Etorkizunean makinek pertsonen adimena eskuratuko dute eta makina batzuek, robotek, proletalgoa ordezkatu. Ondorioz, Marxek aurreikusten zuen langileriaren iraultzak zentzurik ez du izango, iraultza burutzeko proletalgoak gaitasunik ez baitu, bai ordea jakintza gorena duen eliteak.
Baleren,
Bicain aritu çara.
Anhitz esquer!
“Eliza Katolikoa Euskal Herriaren etsaitzat zeukan, betidanik euskararen aurka egon zelako.”
Betidanik? Frankismoan? Axularren garaian? Noiz? Betiere?
Ez nago ados esaldiarekin.
Ba ote da nunbait da testu edo libururtto bat, ez erraldoia eta euskarazkoa, Krutwigen ideia nausiei buruzkoa, deus guti dakitenentzat?
E ren aldera joaiteko, beharrik beti egon da euskal apaizeria herrikoi xehe bat, baita hainbat apezpiku ere euskararen alde beti egin dutena.
Gainera ez eiki da nahasi behar giza-instituzioa eta bere hierarkia askotan botere politikoarekin konprometitu direnak, eta transmititzen beharko luketen jatorriko mezuarekin zeinak deus ez baitu euskararen kontra
BainaKrutwigen gogoeta bera irakurri behar litzateke eta osotasunean
Aldiz artikuluaren esaldi honek:
” Horretarako, oinarri-oinarrian biltzarra ipiniko du, erakundetze demokratikoa erdietsi nahi badugu” ene kuriositatea piztu du.
Milesker Baleren artikulu egileari.
Arratsalde on, Beñat. Nik egia esan ez dut bere inguruan zehazki den euskarazko liburu edo testurik ezagutzen. Baina atzo bertan egon nintzen irakurtzen Jakin aldizkarian 1997an egin zioten elkarrizketa bat, bera zendu baino urtebete lehenagokoa. Esteka txertatuko dut. Bertan bai elkarrizketa ageri den zenbakia zein elkarrizketaren audioak aurkituko dituzu. Diferentzia nabarmena da eduki aldetik. Idatzia jasotako audioen laburpena denez nik hori irakurri eta ostean gai konkreturen batean sakondu nahi izatekotan audioa entzungo nuke. Ondo izan.
https://www.jakin.eus/memoria/historia-bizia/federiko-krutwig/767
https://www.dropbox.com/s/zy63ndqa2egk72s/computer%20shock%20euskaraz.pdf?dl=0
Beñat,
Computer Shock Krutwig euskaraz
Orai badut zer irakur
Milesker biei