Kosta Nostra
Kosta Nostra
Maite Garrastazu EAJ-ko zinegotzia da Zarautzen, eta bera eta bere familia etxe bat eraikitzen ari dira; horraino ezer arrarorik ez. Baina etxea Orioko hondartzaren gainean kokatzen da, eta ez ditu eraikuntza legeak betetzen, Arartekoak zein Foru Aldundiak baieztatu dutenaren arabera. Une honetan ikerketa judiziala zabalik da.
Informazio ugari plazaratu zuen bere blogean Alberto Uriona kazetariak. Garrastazuren sendiak baserri bat zeukan gain horretan, eta 2010ean baserria berreraikitzeko lizentzia eskaera luzatu zioten Aiako udaletxeari, bertan kokatzen baita terrenoa. Baina bi urte beranduago beste lizentzia mota bat eskatu zuten, baserria bota eta beste eraikuntza bat egiteko, askoz ere handiagoa: baserriak 309m2 zeuzkan; eraikuntza berriak, 567m2.
Azpimarratzekoa da, tamainaz gain, barruko banaketa. Izan ere, Urionak sukaldea “industriala” dela dio; horretaz gain, deigarria da hamaika gela dauzkala etxeak, bakoitza bere komunarekin. Etxearen banaketak agerian uzten du jokaera susmagarri bat, azpijoko posible bat: etxea erabilera pribaturako balitz bezala eraiki, ondoren ostalaritzarekin lotutako negozio bihurtzeko. Garrastazu familiak erantzun dezakeena: hamaika anai-arreba direla.
Hori da SOS Talaimendi elkarteak salatzen duena. Kolektibo hau parapentea praktikatzen duten hainbat lagunek osatzen dute. Izan ere, parapentean aritzen zirenek gune hori erabiltzen zuten aireratu, hegan egin zein lurreratzeko, eta horrela aintzatesten zuen Gipuzkoako Aldundiak; horrela izan da azkeneko 26 urteetan, egun batean hurbildu eta eremua itxiturez josia zela jabetu arte. Salaketa bat jarri zuten ertzainetxean, eta prebarikazioaren aferari lurralde banaketaren aurkako delitua ere gehitu zaio.
Giza-txoriez gain, badira beste txori ugari bertan; ezin da parapentea praktikatu otsailaren 1etik ekainaren 1era, zapelatzek bertan jartzen baitituzte habiak. Horretaz aparte, bizilagun eta mendizale ugari igarotzen dira bertatik. Aranzadi Zientzia Elkarteak proiektu hau gelditzeko eskatu du, sentsibilitate handiko naturgune batean daukan eraginarengatik.
Iaz, Gipuzkoako Fiskaltzak ohartarazio zion Aiako Udalari “desobedientzia delitu” bat leporatu liezaiokela, urtebete inguru kostatu zitzaiolako kasuarekin lotutako hirigintza txostena Ertzaintzari eta eskatzaileei entregatzea.