Koronabirusaren aurkako gidaritza
Koronabirusaren aurkako gidaritza –
Josu Amezaga EHUko irakasleak Euskadi Irratiko Faktorian.
Industri jardueraren inguruan egunotan dagoen eztabaidak, agerian uzten du gure gizarteko ideologia nagusia. Ideologia horren arabera, besteak beste, enpresaburuak dira gehien dakitenak ekonomiaz. Ekonomilariek baino gehiago dakite ekonomiaz. Langileen ordezkariek baino hobeto dakite langileei zer komeni zaien. Pentsiodunek baino zabalago ikusten dute pentsio sistemaren problematika. Unibertsitateak baino zorrotzago dakite unibertsitateak gizarteari aportatu behar dionaz. Pandemia garaitzeko hartu behar diren eta hartu behar ez diren neurriei buruz ere, medikuak baino zuzenago ari direla dirudi.
Esageratzen ari naiz, bi minututan ezin bestela ideia potolorik aurkeztu. Esageratzen ari naiz, baina gutxi. Orobat, politikan eta gizartean beste inori aitortzen ez zaion autoritatea aitortzen zaie enpresaburuen ordezkariei. Gauza jakina baita sindikatuek eta pentsiodunek beren interesari begiratzen dietela, unibertsitateak bere endogamiari, medikuek, borondate onekoak izanagatik, osasunaz baino ez dakitela. Ondo, denok dakigu hori. Eta enpresaburuen ordezkariek, ez ote dute interes propiorik, ez ote dute ezagutza mugatu eta partzialik, endogamiarik?
Ulertzen dut krisi hau kudeatzea oso gauza zaila dela, zintzoa izanda, ez dakit hartzen ari diren erabakiak egokiak ala desegokiak diren; haietako bakoitza apustu bat iruditzen zait, eta inork ezin du ziurtatu haren arrakasta. Ulertzen ez dudana, ordea, kudeaketa modua da, partzialtasunetik, guztiei entzun gabe, batzuei autoritatea aitortuz eta besteei ukatuz.
Industri jarduera ez eteteko erabakia ondo ateratzen bada, hainbat hobe, baina orain arte aurreikuspen askok egin dute huts, eta hau txarto ateratzen bada, jende gehiago gaixotuko da. Miloika euskal herritar etxeratuta egiten ari garen esfortsu ikaragarria alferrikakoa izango da, eta luzatu baino ez da egingo gehienon itxialdia. Bestalde, produkzioa behar baino gehiago gelditzeak ere ondorio larriak izango lituzke.
Erabakien inplikazioak hain handiak direlako, ez dut ulertzen krisia kudeatzeko modu eskluientea, ardura guztia gutxi batzuen esku hartzea; zama hori guzti hori bere lepo gainean hartzera behartuta ez dago inor. Ez ote litzateke egokiagoa guztion interes, ikuspuntu eta ezagutzak bilduta aritzea, ez ote genuke asmatzeko aukera gehiago izango, ahalik eta eragile gehienek partekatutako gidaritzarekin? Azken batean, inork ez genuen egoera honetarako gidaritzarik aukeratu, krisi honi aurre egitea ez baitzegoen inoren hauteskunde programan. Mendia inork ez du osorik ikusten. Nondik begiratzen den, mendi ezberdina dirudi. Ikuspegi guztiekin soilik eraikitzen da irudi osatuena.