Hau eta gero zer?

Hau eta gero zer? –

Covid 19-ak eragiten dituen oinaze eta kalteak ez dira bakarrik osasun arazoak: krisi sistemiko baten aitzinean gaude. Pandemiak sistema politiko eta ekonomikoaren axolagabekeriak agerian ezartzen ditu.

Hau eta gero zer?
Baionako Lauga gela konfinamendu garaian aterpegabeei harrera egiteko antolatua.

Bizi dugun egoera ez da irri egitekoa, ez da gripe ttipi baten idurikoa. Txoke publiko bezain intimoa da, gure hurbileko edozoin beldurrarazten duena, bereziki ahulen eta zaharrenak. Urrunago so eginez erran daiteke ere lur ikara geopolitiko baten itxura guzia duela. Alabainan krisi honek mundializazio neoliberal salbaia karta gaztelu bat bezala eroraraztea lortzen ahal luke, krisi sistemiko baten itxura guziekin. Pandemia honek sistema politiko eta ekonomiko funtsgabe baten mugak eta alde nardagarrienak edozein herriatarren aurpegirat zapartarazi ditu Txinatik Kanadarat edo Brasiletik Euskal Herrirat.

Hastapenean soberaxko lasai egon ondoan, Macron frantses lehendakariak hitz eman du “estatuak dena ordainduko zuela, kosta ahala kosta”. Segidan “mobilizazio orokorra” dekretatzen zuen ahoa beteka goraipatuz “gerlan gira ezinikusizko etsai baten kontra”. Erretolika militarista horren aitzinean, ez ote da alta beste logika bat aldarrikatu eta landu behar? «Batasun nazionalari» ez ote zaio elkarlan eta elkarlaguntza orokorra oihukatu behar? «Gerlari» gure eginbidea litaike gure hurbilekoen zaintza eta artatzea segurtatzea, mundu guziko populuen arteko orekak zainduz. Gure hurbilekoekin, familiekin eta laneko lagunekin ez ote gara gai izaiten ahal, gure baserrietan, kartierretan, hirietako auzoguneetan buru egitea epidemia huni, isolamendu inposatua elkartasun kolektibo eta autoantolakuntza oldar bilakaraziz?

Begien irekitzeko tenorea

Krisia horrek begiak irekiarazi behar ditu gutarteko bakoitzari elkarlaguntza hori obratzeko. Gure inguruan bakartuak direnei etxerat beharrezko janari eta hazkurriak ekarriz, lanerat joan behar duen auzoari haurrak atxikiz, hain urrun prekaritatean ezin biziz denari, entzumena eta laguntza xume bezain praktikoena obratuz.

Baliatu beharko genuke ere egoera hau krisi honen iturburuaz mintzatzeko gure hurbileko, auzo edota laneko kidearekin, buru gainean dugun krisi ekonomikoa, bankari eta finantziarioa salatzeko, nahiz eta Parisen boterean direnek kontrakoa errepikatu ozenki. Nahiz eta Macronek “elkartasunean asmatu” behar dugula erran, ez gara elkartasun nozio berdinen jabe. Urratsez urrats eraiki behar dugun elkartasuna ez da estatu neoliberal baten sukurtsala, ez da ere Troikako zaldi bat telelanez betea, zerbitzu publiko mendratuez inguraturik, lorpen sozialak apurtzen segituz gainera “urgentziazko egoera sanitarioaren” izenean gainera, trufa musika baino gorago!

Sekulan alternatiba ez da hain argi izan, eskandaluaren heinekoa funtsean. Batzuk beren bizia jokatzen eta beste batzuk ekonomia kudeatzen. Sortu behar dugun elkartasunak nazioartekoa izan behar du, edo ez da funtsezkoa eta eraginkorra izanen. Momentukotz konfinamendua beharrezkoa bada ere, laster gai izan behar ginuke demokratikoki, fermuki bezain baketsuki aldarrikatzeko “sistemak” bilatzen duela soilik errenta eta etekina eta ez oinarrizko artatze politika, nahiago duela ere etengabeko poderea eta konpetizio mugagabea eta ez funtsezko elkar laguntza.

Politika publikoak errotik aldatu behar dira

Pandemia hau ez da soilik errealitate biologiko bat. Urteetan metatutako politika neoliberalen ondorio zuzen bat da ere, lekuko ospitale publikoaren eta orohar zerbitzu publikoen suntsitzea(k). Birus horrek hainbeste hiltzen badu Europa mendebalde honetan ere, da ez delako aski artatzaile eta oherik, arnasketa tresneriarik edo osasun politika enpresa komertzial sinple bat bezala kudeatua delako.

Gauza ederra da dudarik gabe, gauero 8etan leiho eta balkoietarik mediku eta erizainak txalotzea, bainan horietarik zenbait ziren azken aste eta hilabeteetan erizainen aldarrikapen funtsezkoekin bat egiten manifestazioetan?

Ez gauden beldurturik, ikaran eta mututurik egon egoera honen aitzinean. Pandemia bururatua izanen delarik, beste gisa bereko krisi batzu etorriko dira ez badira politika publikoak arduratsuki aldatzen.

Anartean ardurak salatu behar dira, batzuek kontuak eman beharko dituzte, zauriak sendatu beharko dira eta “mundu berri” bat behin eta berriz eraiki beharko da. Bakoitzari doakio lehenik krisi honetatik ondorioak ateratzea, ohartzea bizi giren lur honetako izaite eta iraute baldintzak puntaren puntarat helduak direla agian. Ez da “krisia ateratzerik” izanen nazioarteko antolakuntza sozial eta ekonomiko eradalketarik gabe. Guri dagokio frogatzea, izaten ahal dela krisi honen aitzin eta gero bat. Gaur egun konfinaturik, bihar hobekiago antolaturik?

Andde Saiten-Marie

Hau eta gero zer?
Hau eta gero zer?

Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.