Korona birusa eta tentsioak

Korona birusa eta tentsioak –

Korona birusa eta tentsioakGeure bizimoduak gainbeheratu ditu Txinatik mundu zabalera hedatu zaigun koronabirus pandemiak. Lehenago gripe sinple bat zelako arazoa zabaltzen zutenak, temati euren pentsamendu hertsian gelditzen dira, edo euren jarrera urratsez urrats berrikusten dute. Gauza egia da mende askotan zehar munduak ez zuela halako egoera gogor bat jasan. Alabaina, ez da ahantzi behar herrialde txiroetan beste eritasun larriek giza hondamendiak eragiten dituztela: ebola, paludismoa, gosea, hiesa. Baina Europa eta Amerikaren Iparraldea ukitu ez dituelakoan, eta geure bizi modu goxoak desorekatu ez dituelakoan, kasu gutxiago eman diegu, eta zoritxarrez askoren artean ezaxolakeria nagusitzen da. Horiek dira geure eurozentrokoikeriaren ondorioa. Orain gertatzen ari dena ailedi guretzat irakaspen on bat, geure sistema osoa iker, alda eta hobe dezagun.

Lehen erreakzioak Txinaren kontra izan dira, non batzuetan Beijingo agintariek Txinatarren kontrako arrazakeria salatu baitute. Pandemia Europan aitortu aitzin gure kontinentean bizi diren Txinatarrengan – Haiek aspalditik edo betidanik bertan bizi arren- ez ziren fidatzen, Txinatar soilik izateagatik birusaren ekarle zitezkeela pentsatzen baitzuten. Haatik, Txinatarren aurka, ez izan arren onartu behar da gaitz asko handik heldu zaigula: Asiako gripea, hegaztien sukarra, SARS-a, Asiako kuruminoa. Napoleonek aldarrikatu zuen lema bera errepikatu zuen Peyrefitte ministroak 1973-an, Peril Horia alegia. Mehatxa komunista baino iratzartze ekonomikoa aipa zezakeen ministroak; jadanik ikusten genuen Japonian eta Hego Korean gertatzen ari ziren aurrerapen ekonomikoak eta nola haien ekoizpena zabaltzen ari zen Mundura; baina ezin zitekeen esan inperialismo berri bat gertatzean ari zela ez erresuma hauetako mugen barnean ezta kanpoan ere. Mao-ren ondoko Txina aldiz, inperialismo ekonomiko bat bihurtu da, duten prezio apalengatik alde batetik, eta frogatzen diguten antolaketa indarrarengatik bestetik. Haien inurritegi antolaketa Ekialdean ez dugu. Baina ohartu behar da Europako ekonomia gainbehera ezarri dutela, Afrikan inportatzaile handienetako bat bihurtu dela eta Itsaso Barean nagusitze militar baten bila dabiltzala. Barneko politika ez da batere ona giza eskubide eta herri menperatuei dagokienez: errepresioa jarraitzen du, bai Txinan bertan, baita Xin-Kiang eta Tibeten ere. Horren aurrean, lumaren puntan kontratu dirudun askoren izenpea dagoenez gero, elkorrarena egiten dute gure buruzagiek eta enpresaburuek. Kuba eta Ipar Koreako komunismoa gaitzetsi, baina Txinakoa « sakratua » da. Txinako garapena laudagarria izan arren, ez da haren politika bide itsu batez sostengatu.

Maiatzeko lehena hurbiltzen zaigu, eta naski kaleko manifestaziorik ez da izanen. Hala ere, klaseen borroka agertzen da egoera berri horretan. Jendeen osasuna eta sektore ekonomikoaren ekoizpenaren arteko konpromisoa aurkitu behar da. Kapitalismoak presa dauka ekoizpenari eusteko, baita kasu batzuetan langileen osasuna arriskuan jartzen bada ere: Frantziako kasuan gainerako orduak derrigortu nahi dituzte; Estatu Batuetan eta Brasilen ekonomia eta politikakeriak (AEB-etako hauteskundeak batik bat) lehenetsi nahi dituzte. Egoera normaltasunera itzultzear egonen delarik, ekoizpena berreskuratzeko hobeki litzateke enplegu gehiago sortzea langileek gainerako orduak egin baino.

Pentsamendu bat badut zigortuenetako den sektore batentzat, ostalaritza hain zuzen. Aspalditik menuak saldu gabe porrotaren hurbil daude asko; deskonfinamenduaren garaietan, jangelak erdizka betez gainera, etxera eramateko bazkariak eta afariak saldu beharko lituzkete, galtzen diren tokien ordainsari baten lortzeko.

Deskonfinatzeko garaietan, baita krisia kudeatzekotan ere, bertako agintarien aholkuak lehenetsi beharko lituzkete erresumek agintari zentralenak ordez. Auzapezek, gobernadoreek, erkidegoen presidenteek bertako errealitateak hobeki ezagutzen dituzte eta gai dira zer egin behar den jakiteko.  Munduko bi estatu boteretsuetan (Ameriketako Estatu Batuetan eta Brasilen) erdi ero batek eta faxista batek zuzentzen dute erresuma, baina zorionez estatu federatuen buruzagiak orokorki neurri baikorragorik hartzen ari dira, eta oso zaila da sistema federalari esker haien kontra egitea. Espainiako Estatuan Madrileko azken hitza inposatu nahi luke Pedro Sanchez lehen ministroak, baina Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian bereziki oposizio sendo eta baikor bat aurkituko duelakoan nago.

Korona birusa eta tentsioak

Jakes Lafitte

Korona birusa eta tentsioak
Korona birusa eta tentsioak

Ingeniaria.