Koordenatuak
Koordenatuak
Ibilbide baten amaiera da apirilaren 8a. ETAren armategien koordenatu zehatzak publiko egin ziren bakearen artisauak medio.
ETAren armategien koordenatuak publiko egin ziren unean bertan Iñigo Urkullu lehendakaria Bilbon zegoen. Etxebarri, Txurdinaga, Otxarkoaga, Zurbaran, Zazpi Kale eta Uribarri lotzen dituen metro ibilbide berriaren irekiera ekitaldian.
Korrikaren testigua, Gipuzkoa zeharkatzen ari zen, Seguran eta Zerainen barna. Nafarroara bidean.
Erremediorik gabe, biktimak zuloetan segitzen zuten. Batzuk hilarria lorez estalita, besteak sasiz, belarrez eta zuhaitzez. Batzuk koordenatu ezagunetan, besteak batek daki non.
Eta euskal presoak ziegetan zeuden. Beren etxeetatik milaka kilometrora sakabanatuta. Bapaumen, Rennesen, Herreran, Algecirasen, Curtisen eta Clairvauxen, besteak beste.
Mariano Rajoy ixilik zegoen, Madrilgo bulego batean eta Juan Ignacio Zoido bere diskurtsoa prestatzen, bertatik ez oso urrun.
ETAren armategien kokapenak publiko egin ziren unean bertan, herritar saldoa zegoen Baionan, aro berri bat zabaltzeko prest. Jatorri eta kolore ezberdineko jende andana, esperantza eta gogoa partekatzen.
Ibilbide berri bat hartzeko tenorean gaudela iduri du.
Baina iduri du, baita ere, geolokalizazio zehatz eta uneorokoaren garaiotan, kartografoek ezinbesteko izaten jarraitzen dutela. Geure koordenatuak zeintzuk diren asmatzeko.