Kontentuxeago bizitzeko adibidezko neurri batzuk

Kontentuxeago bizitzeko adibidezko neurri batzuk –

Lourdes Oñederrak Galde aldizkariko “Ibiltari baten egunkaritik” atalean.

Ibiltzeaz nekatuta, euri zaparrada aitzakia, autobus geltokian babesten naiz perfume baten iragarkiaren ondoan. Perfumea saltzeko argazkian jarri duten emakumearen besoari erreparatzen diot eta hanken luzeari. Ez dut inor ezagutzen halako hankak dituenik, halako besoak, halako gorputza. Halako hanka, beso, gorputz “perfektoak” esan behar nuen, akats-gabeak… perfekzioa neurtzeko irensarazten dizkiguten erreferentziak onartuz hori esateko unean.

Onartzen al ditut? Onartzen al ditugu? Ezetz esan nahi genuke, ezetz, kontsumo gizarte honetako edertasun-kanonak ez gaituela harrapatzen, beste ideologia bat dugulako. Zenbatek? Zenbat aldiz eusten digu?

Laguntzarik onena denbora da ziurrenik, urteak, eskarmentua, edertasuntzat saltzen diguten horren gainetik hobesteko osasuna, pozik bizitzea eta adiskidetasuna. Pena da gazte-gaztetatik garbi ez izatea hori, ez erakustea hala pentsatzen ume guztiei eskolan, etxean (ai, etxean!). Pena da asko, zahartzean ere, ez iristea pentsamolde horretara eta, esate baterako, adiskideak zaindu beharrean, ezpain edo bular puztuak zaintzen galtzea denbora, dirua eta indarrak (nola erakutsi gero etxean umeei!). Egia da adiskidetasuna lantzea ez dela gauza erraza. Gainera, horretan ere gure gizarte itsu honek ez du laguntzen, familia jarriaz beste ororen gainetik. Baina beste baterako utziko dugu gai hori.

Kontentuxeago bizitzeko adibidezko neurri batzukGatozen berriro edertasun estandarretara. Nork ditu filmetan ikusten diren gorputzak, batez ere emakumeen gorputzak, horiek baitira maizen eta osoen ikusten direnak? Lehen planoan ikusten diren azalak ohean edo dutxatik ateratzean, zenbat dira benetakoak? Berrogeita hamartik gorako gizonen bizkar horiek?

Zenbat eskertzen den orbana, edo koipe pixka bat, edo bixarren bat lekuz kanpo. Eskertzen “den”? Eskertuko “litzatekeen”, ez baita halakorik ikusten, ez bada oso egoera ilunak eta pertsonaia malapartatuak islatzen dituzten (eta gutxik ikusten dituzten) filmetan.

Nago bat baino gehiago, gaztetxo asko, eta ez hain gazteak, eta zahartzen hasiak lasaiago (beraz kontentuago) ibiliko liratekeela pelikuletako protagonistenak hondartzan ikusten ditugun gorputzak bezalakoagoak balira, nahi hasieran kostatu, batik bat gertutik ikusita, larru gorrian. Baten batek esango luke, seguru, horretarako ez dituela berak filmak ikusten. Gizon heteroa bada hori esan duena… ez nuke bere laguna izan nahi ezta afari baterako ere.

Autobusa etorri denean, igo egin naiz, euriak gehiagora egin baitu eta berandu delako… “A estas horas muchos de ustedes estarán celebrando el día del patrón de la ciudad comiendo con sus familiares o amigos…”, dio gidariak ozenegi jarri duen irratiak. Beste neurri bat, pentsatzen dut, denok kontentuago bizitzek: kendu halako mezuak edo, etxekoiez eta lagunez batera, aipatu txakurrak, geranioak, bakardadeak edo santuekiko eta jai jendetsuekiko bateraezinen arrazoizkotasun miresgarriak eta alergiak.

Arropa estuegia zabaltzeak bezala arnasa hartzea erraztuko lukete errealitatea normaltzeko halako neurriek eta badakigu arnasa ondo hartzeak nola lasaitzen gaituen, oxigenoa sartzea zein osasuntsu den. Lasaitasuna zoriona ez bada ere nahitaez, lasaitasunik eza gauza txarra dela gauza ziurra da. Hizkuntzek jaso dute jendearen kontzientziak erraz ahanzten duen jakituria: “estu ibili”, “pasar estrechecez”, “estualdiak”… Bide batez, gaztelaniazko “estrecho” eta “estricto” leku beretik datoz. “Estu” ona den gauza bakarra besarkadak dira eta, besarkatzeko gogoa duenari benetan ez etorri edertasun kanonaren ziztrinkeriekin.

galde

Kontentuxeago bizitzeko Kontentuxeago bizitzeko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.