Konponbidearen giltzak

Konponbidearen giltzak –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Bi gertakari nahi ditut hurbildu. Bi gertakariak gai berari lotuak ditugu, baina iduritzen zait badela zerbait errateko hala ere. Joan den urtarrilaren 13an, milaka pertsona biltzen ziren Bilbon “konponbiderako giltzak“ lemapean. Pasa diren urteetan bezala, deialdia luzatua zuten euskal preso eta iheslariei sustengua ekartzeko, eta bereziki konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatzeko. Urte hasierako manifa hitzordu politiko nagusi bilakatua da eta Euskal Herriko gizarteak erantzuten dio behar den bezala. Urtero Iparralde eta Hegoaldeko herri gehienetan zabaltzen dira parte hartze deialdiak.

Konponbidearen giltzak

Aurten 70.000 lagun bildu ziren. Horietan jende ezagunak. Espainiako Estatuan eztabaida sortu zuen zenbaiten parte hartzeak. Horietarik bi pertsonarena partikulazki, Joxe Mari Agirretxe, Pirritx Porrotx eta Marimotots taldekoa, eta Itziar Ituño, Basauritarra sortzez eta “La casa de papel“ telebista filmetako jokalari bezala ezagutua. Salaketak eskuin muturreko sektoreetatik atera ziren baina beste batzuek ere ildo beretik segitu zuten, aktorearekin merkataritza eta promozio harremanak moztuz. Horietan Araba, Bizkaia eta Nafarroako BMW auto saltzailea eta Iberia, Espainiako hegazkin konpainia. Estakurua zuten ez zituztela gauzak politizatu nahi. Ez ote dute gehiago politizatzen beren jokamoldeagatik? Ez dira denak prest elkarbizitza baten prestatzeko.

Bilboko manifaren hastapeneko banderolan beste bi kide besteak beste: Beatrice Molle Haran eta Txetx Etcheverry. Bi lagun horiek epaituak izanen dira datozen apirilaren 2 eta 3an 2016ko Luhusoko aferan. Bigarren gertakari honi nahi diot lehen aipatu egoera lotu. Ehun bat izenpetzailek galdegiten dute Bakebideko bi militanteen errugabetzea. Besterik ez. Ikusiz nor diren lehen ehun izenpetzaile horiek, garbiki erran dezakegu zerbait berri irekitzen ari dela. Hamarbat frantses ministro ohi, horietan Luhusoko gertakariaren garaiko barne-ministroa, alderdi desberdinetako diputatu batzuk. Iparraldeko eta Euskal Herriko ordezkariak, Aznarez Nafarroako parlamentuburu ohia, Garaikoetxea eta Ibarretxe lehendakari ohiak, diputatu, senatari, legebiltzarkideak, eskualdeko eta departamenduko lehendakariak… eta beste anitz. Sustengu guzi horiek ezin dute epaileen erabakia segurtatu baina seinale azkarra igortzen diote gizarteari.

Bilbon ziren 70.000 lagunek, Porrotx eta Itziar Ituñok, Beatrice Molle Haran eta Txetx Etxeverryri sustengua ekartzen dieten izenpetzaileek frogatzen dute badela konponbide nahikaria Euskal Herrian, baita elkarbizitza gutizia ere beste garai baten irekitzeko. BMW-k eta Iberiak beharko dute errealitate horrekin egin…

Konponbidearen giltzak

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude