Konfinamendukoak
Konfinamendukoak –
Pantaila baten bidez ikusi ditut koronabirus kasu berriak ehunka kontatzen eta hildakoen kopurua igotzen.
Pantaila baten bidez ikusi dut Katalunian hainbat lagun atxilotu dituztela independentzia prozesuarekin lotuta.
Pantaila baten bidez ikusi dut Sabino Arana fundazioak eta VOXek Lorent Saleh venezuelar ultraeskuindarra gonbidatu dutela giza eskubideez hitz egiteko.
Pantaila baten bidez ikusi dut La Veneno telesaileko hiru aktorek Ondas saria jaso ondorengo mezu eta irain transfoboak.
Pantaila baten bidez ikusi dut irakasle bati burua moztu diola ikasle batek Mahomaren karikatura batengatik. Ondoren atentatu gehiago etorri direla ere ikusi dut.
Pantaila baten bidez ikusi dut Nafarroa itxi dutela. EAEko herriak itxi dituztela. Iparraldea konfinatu dutela.
Kanpoan hotz dela dirudi etxetik.
Baina, era berean, pantaila baten bidez ikusi dut Bolivian demokraziak irabazi duela. Pantaila beretik ikusi dut Txileko herria berpizten eta emakume poloniarrak borrokan. Pantailaren bidez transen hitzaldiak jarraitu ditut –urria zela eta–, eta pantailak esan dit Xistor kaleratuko dutela.
Ez da hain hotz.
Egunotan, dena pantaila baten bidez ikusi dut.
Konfinamendukoak