Ezkertiar eta Abertzale irabazi arte

Ezkertiar eta Abertzale irabazi arte – 

“Agian hasieran bertan ekibokatu ginen mundura euskaldun sortzean eta gero, gero ez genuen iraultzaren borrokatik apartatzen, apartatzen jakin” honelaxe dio Ken zazpi musika taldearen kanta ezagun batek. Eta beste euskal herritar askori bezala hori gertatu zitzaidan niri ere. Jaio eta 3 hilabetera 2 senide bahitu, torturatu eta kartzelatu zituzten. Urte luzeetan zehar Valdemoro, Valentzia, Dueñaseko kartzeletako bidea hartu dut besteak beste.

Horrelako bizipenek zer pentsatu ematen dizute, eta autoan pasatutako ordu mordoek gogoeta eta galdeketarako denbora eskaintzen dizute. Zergatik ditut senideak kartzelan? Zer egin dute gaizki? Zergatik daude hain urrun? Baina kartzelara iritsi eta ematen zidaten besarkada bakoitzak sentiarazten zidan ez zirela gaizkileak. Eta bueltako bidean, hurrengo bisita noiz iritsiko irrikatzen nengoen.

Horrela pixkanaka pixkanaka ulertzen joan nintzen herri zahar honek aspaldidanik bizi zuen zapalkuntza nazionala, eta milaka pertsona eskuzabalek Euskal Herriaren aldeko konpromiso osoa hartu, hartzen eta hartuko zutela.

Naturalki eta maitasunez gazte-gaztetik nire aportazioa egiteko asmoz gazte mugimenduan inplikatu nintzen buru belarri. Familia berri bat deskubritu nuen, nirekin batera, ni bezala herri hau maite eta honen alde borrokatzeko prest zegoen familia alegia.

15 urte nituela nire azken senidea kartzelatik atera zen, baina ez zen inondik inora borrokaren amaiera izan, presoak askatzearen gaia oso bihotzekoa nuen arren, nire borroka ez baitzen horretara mugatzen. Nire herriaren independentzia bainuen helburu.

Urte gogorrak baina oso politak izan ziren, eta haiek gabe ez nintzen gaur egun naizena izanen. Gure gaztetasunetik aske eta errebelde ginela aldarrikatzen genuen, gure izarra independentzia zela kantatzen genuen eta borrokan eta antolakuntzan jarduten genuela oihukatzen genuen, Urruña beste kolore batez marraztuz. Ezin ahantzi urte horietan nire alboan izan nituenak. Poza, kezka, harrotasuna, beldurra, emozio guztiak partekatu genituen lotura sendoak eraikiz. Berriki, garaiko kide bat gurutzatu dut eta hitz gutxi batzuk nahikoa izan dira hainbeste bizipen gogora ekartzeko.

Borroka hau joan ahala honi lotutako beste errealitate bat ikusten joan nintzen: nire herri askea ez nuela espainiar edo frantziar estatuak bezalakoa izatea nahi. Aberastasun ekonomikoak gutxi batzuen esku zeuden, eta egunez egun gehiago aberasten ziren langileen esplotazioaren bidez, kalean jendeak bizitza duin bat eskuratzeko gorriak ikusten zituen bitartean. Horrela nire nazio askapen borrokari proiektu politiko askatzailea txertatu nion, batak bestea ordezkatu gabe.

Azken hamarkadan gertatzen ari den guztia gertatuta ere, oraindik ilusio berdinarekin, nire mailan, independentzia eta sozialismoaren alde borrokan dihardut, baina inoiz ahantzi gabe nondik natorren ez eta nora noan ere. Iraultzaren borrokatik apartatzen jakin baino, ez baitut apartatu nahi izan.

Eta malko artean idazten ditut lerro hauek, maitasunez oroitzen ditut besarkada goxo haiek, eta irri lotsatu batez gogora ekartzen ditut nire haur ikuskeraz osabari barroteak nola moztu eta ihes egiteko ematen nizkion plan eta aholku horiek.

Izan zinetelako naiz, naizelako izanen dira.

Ezkertiar eta Abertzale irabazi arte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude