Koldo Sarasuaren “Atentatu antimilitarista”
Joan Mari Irigoienek liburu zoragarri bat argitaratu berri du: Arma, tiro, bammm. Liburu horrek azken hamarkadotan antimilitaristok plazaratu nahi izan ditugun hainbat eztabaida eta salaketa agertu ditu: armagintzaren benetako izaera, sektore horrek jasotzen duen babesa, “negozio“ horrek ekoitzitako armek zer eragin duten jasaten dituzten herritarrengan… Liburuak lagundu egingo du eztabaida horretan . Baina Joan Mari Irigoienen liburuak bestelako gai interesgarri batzuk ere erabiltzen ditu, eta guk geuk, antimilitarista gisa, horien inguruan jardun eta eztabaida plazaratu nahi dugu, batez ere, liburuaren protagonistak (Koldo Sarasuak) oso hilgarriak diren bonba batzuk egiten dituen fabrika baten kontra erabiltzen duen indarkeriaren erabileraren inguruko eztabaida. Eztabaida dagoeneko plazaratuta dago, batetik antimilitariston artean hainbat iritzi dagoelako, eta bestetik, gaur egun gizartea eraldatzeko borroketan edozein motatako indarkeriaren erabileraz hitz egitea debekatuta dagoela ematen duelako.
Irigoienen liburua irakurrita ondo ulertzen dira Koldo Sarasuaren erabakiaren nondik norakoak, pertsonaiaren egoerak ezaugarri bereziak baititu (ez da berak bizi nahi duen egoera, eta gainera bere gain hartzen du, talde antimilitaristaren gain inolako ardurarik utzi gabe). Egoera hori bi hitzetan esanda ondoko hau da: oso izaera eta motibazio politiko, kultural, etiko eta sentimental ezberdinetako hiru pertsona ados jartzen dira ahalik eta modurik arinenean lehergailu fabrika bat desagerrarazteko, horretarako fabrika horretan bertan dauden lehergailuak erabilita. Baina horretaz gain, ekintza prestatzen dute eragina ahalik eta txikiena izan dadin pertsonengan (ahal den neurrian kalte hori saihestu nahi dute) eta, aldi berean, euren heriotza onartzen dute, ezinbestekoa baita ekintza egin ahal izateko.
Ekintzaren ondorioz, zinpeko zaindari bat hiltzen da, eta berrehun zauritu baino gehiago (hiru larri) izaten dira fabrikaren leherketak eragiten duen eztanda uhinagatik (kalte material ugari eragiten ditu hainbat kilometrotan). Halaber, hiru ekintzaileak hil egiten dira. Horiek guztiak aintzat hartuta, hala ere, esan behar dugu, gu ere Koldo Sarasuaren (ekintzan parte hartzen duen antimilitaristaren) egoeran egon izan bagina, berdin jokatuko genuela.
Zaila da lerro gutxi batzuetan ondo azaltzea baieztapen hori, baina proposatzen dugun eztabaidari ekiteko (gure ustez beharrezkoa den eztabaida, gai honen inguruan dagoen hipokresia ikusita) hainbat puntu aipatuko ditugu. Lehenik eta behin, azaldu behar dugu, gure izaera antimilitarista ez dagoela lotuta ez bakezaletasunari, ez berez eta egoera guztietan indarkeria erabiltzeari uko egiten dion indarkeria-ezari. Guri indarkeria ez zaigu estrategia eraikigarria iruditzen, baina egoera jakin batzuetan erabiltzea zilegia iruditzen zaigu, eta Koldo Sarasuarena horietako bat da. Horiek esanda, ez dugu uste mendebaldeko gizarte kapitalistako partaideok zapaldutako herrialdeei eta pertsonei haien borroka bideen inguruan inolako irakaspena emateko moduan gaudenik; izan ere, gure gizartearen aberaskeria inbasioetan, lapurretetan eta munduaren zati handi bat miseria gorrira eramatean oinarritu da, eta gainera, menderatutako herri eta pertsona horiek ezin izan dute beste borroka biderik aukeratu.
Baina berriro ere liburura itzulita, Koldoren ekintzaren inguruan badira kontuan hartu beharreko bestelakoak. Ados gaude Irigoienekin liburuaren bukaeran esaten duenean ekintzaren ondorengo egunetan komunikabideetako eztabaida ondoko honetan oinarrituko zela: ekintzaileak deabrutzat hartzean eta ekintza hori terroristatzat hartzean, bestelako eztabaidarik eragin gabe. Horrek berak erakusten du argi eta garbi zein hipokritak garen, izan ere, komunikabideek ez zuten inoiz aipatuko Koldoren ekintzan suntsitutako bonbek zenbat hildako eragingo zituzten eta zer nolako kalteak eta albo kalteak eragingo zituzten beste herrialde batzuetan erabili izan balituzte gure “zaindariek”, inoiz terroristatzat hartzen ez diren “heroi” horiek. Bada, Koldoren ekintzak zer saihesten duen aintzat hartuta, gure ondorioa garbia da: merezi izan du.
Esanak esan, ez dugu adierazi nahi hori denik antimilitarismoak armagintzari aurre egiteko duen biderik aproposena, baina gure izaera antimilitarista gogoan hartuta, ez dugu uste Koldoren ekintza gaitzetsi behar denik eta ekintzaileak deabruaren pare jarri. Egoera eta testuingurua aintzat hartuta erabakia zuzena dela iruditzen zaigu .
Indarkeri(ar)en inguruko eztabaida baztertu egin nahi da, nahiz eta gero eta gizarte bortitzagoetan bizi. Gizarte hauetan helburu bakarra aldez aurretik botearen kontra daudela esanda gaizkiletzat hartzen diren pertsonek erabiltzen duten indarkeria gaitzestea da. Baina indarkeriak hamaika aurpegi ditu: lehenik, indarkeria fisikoa baino askoz ere heriotza gehiago eragiten duen indarkeria estrukturala; izan ere, erakundeek, ekonomiak, erlijioek, legeek, espetxeek… alegia, gure “ordenaren” bidegabekeriek edozein gerrak baino hildako gehiago eragiten ditu egunero; bigarrenik, legez indarkeria erabiltzeko baimena duten militarrak eta poliziak ditugu, horiek baimen hori ematen dietenen zerbitzariak baino ez dira; hirugarrenik, indarkeria bideratzen duen arma merkataritzan aritzen direnen nahiak eta gurariak, eta abar, eta abar… Horien guztien inguruan aritu beharko genuke gure gizartean inolako mugarik gabe eta zintzo, hipokresiak eta zurikeriak alde batera lagata. Joan Mari Irigoienen liburuak horietako batzuk bultzatzen ditu, eta lerro hauek bide horretan laguntzea baino ez dute helburu, eztabaida hasi baino lehen ezerezean gera ez dadin. Gai honen inguruan eztabaidan jarraitu behako dugu.
Estitxu Martinez de Guevara Gasteizkoak Talde Antimilitaristaren izenean