Koldo Izagirre (II): “Donostiak ez daki zer egin bere biztanleekin”

Donostia_La_concha_15

(Lehen zatitik dator)

*

Zeuk, Bertolt Brechten estilora, liburuan, halere, historia handi horren azpian dauden gainerako herritar txikiei buruzko pare bat poema dituzu..

Lehen poeman geografia bat aurkezten dut. Leku ideal posible bat: nire belaunaldikoentzat Paris izan da hori. Izan dugun lekurik inportanteena izan da, iraultzaren espazio izateaz gainera ederra baita.

Agur Xiberua kantuan esaten da, “zu bezalakorik / Paris ez besterik / zu bezalakorik”. Ez dakit esan nahi ote duen Paris dela Zuberoaren neurrira heltzen den bakarra ala Paris bera ere ez den heltzen Zuberoaren neurrira.

Galderari erantzunez, Dramatis personaen, gatazka honetan honaino ekarri gaituzten pertsonaien aurkezpen bat egiten dut. Beraz, hizkuntzari maitasun poema bat egin aurretik, aitortu egin behar ditut gu baino lehen hizkuntza hau edertzen aritu direnak. Azken batean, ondorioz, geografia bat, eta denak poetak diren lagun edo kolega taldea aurkezten ditut.

*

Zer izan zitekeen Donostia eta ez da? Hori da funtsean liburuan kritikan dagoena.

Maila askotan beste zerbait izan zitekeen Donostia. Hizkuntzaren eremuan zer esanik ez. Potentzialitatea du, intelektualekin, duen idazle kopuru handiarekin, dituen kantariekin… kultur dinamika garrantzitsu baterako aukera du, baina ez dut kultur dinamika aurrerazale eta erakargarri bat ikusten. Euskararen erabileran eta inposaketan ere oso atzeratuta ikusten dut.

Hainbeste monarkiko eta sozialista epelen herentzia hori guztia ezin gainditurik ikusten dut. Donostia, ongizatearen hiria bihurtu nahi izan dute, bidegorri faltsu eta oinezko kaleekin. Baina nik uste dut, ongizatea askozaz ere konplikatuagoa eta interesanteagoa dela, eta inplikazio handiagoa eskatzen duela.

*

Baina Zarautz, Hondarribia… herri askok izan nahi dute Donostia. Eurentzat ongizatearen paradigma eskuragarria da.

Pio Barojak aipatzen zuenez, Euskal Herriak beste kapitalidade bat behar zuen. Bilbori kapitalidade ekonomikoa aitortzen zion, eta turistikoa, aldiz, Donostiari. Bere ustean, Tolosak edo Bergarak behar zuten izan hiriburu politikoak. Horrela, uste dut, esan gabe, bertakotasun bat desiratzen zuela hiriburu politikoarentzat, ez lanaren edo turismoaren bitartez esentzia galdu duen hiri kosmopolita bat. Garapen autonomoagoa egin zezaketen hiriak hautatu zituen, ausaz. Zentzu horretan, interesgarria da apunte hori, problemak ikusten baitzizkien Donostia eta Bilbori eredu izateko, kutsatuak zeudelako.

*

Ze balio zuten hiri horiek?

Nortasuna. Esentzialista da Barojaren apuntea, baina interesgarria, Bilbori eta Donostiari ikusten zizkien hutsuneak gaur egungoak ere badirelako neurri batean. Mailarik gabeko kosmopolitismoa, medriokritatea, konformismoa…

*

Turismoak lekuak eskaintzen ditu, hondartzak, mendiak, plazak, abenidak… Ez du hiri hori bizi duen jendea, jende horrek egiten duena, bere bizimodua apenas eskaintzen. Liburuan jendeak kokatzen dituzu hiriaren identifikagarri.

Ez dakit Mikel Laboa izeneko kalerik badagoen, plaka bat jarri zioten. Kalitatezko herritar bat izan zen! Berak, aldiz, modu anonimoan bizi zuen, oso berandu etorri zitzaion ospea, ia-ia beste donostiar batek bezala, Zumetak erakutsi duen xumetasun berberarekin.

Laboa hil zenean, Miren Azkaratek, donostiarra, Jaurlaritzako Kultur Sailburu, hauxe esan zuen, irratiz entzun nion: “Ez dakit zer, baina zerbait egin behar diogu”.

Donostiak ez daki zer egin bere biztanleekin. Portuarekin ere problema gertatu da. Portua ez da Donostiarrentzat: gero eta arazo gehiago daude leku publiko bezala gozatzeko. Biztanlearen mobilizazioa problema bihurtu da. Ez dakigu Okendok zer meritu daukan, Mikel Laboari plaka bat jarri diogu.

*

(jarraipena du)

Azaroa 15, 2013

Koldo Izagirre (I) : “Gaur jada hiria ez da plaza”

Parisen bizi naiz (Susa, 2013) du Koldo Izagirreren (Pasaia, 1953) zazpigarren poema bildumak izenburu. Paris ez eta Donostia du ardatz. Eta hor auzoak eta jendea, kritika eta paradoxa, gaur hiria bihurtu dutena baina batez ere izan zitekeena; finean,iragan ez hain loriatsu bat eta orainaldi hau.

Hiru zatitan, elkarrizketa bat, Pasai Antxon grabatua, ostiral arratsalde batez.

*

Zer da hiri bat, ez bada elkarbizitzarako espazio publiko eta politiko bat.

Hiri bat plaza da: espazio publikoa. Onerako, txarrerako, eztabaidarako, altxamendurako, motinak eta mitinak egiteko eta, zergatik ez, baita festarako ere. Publikotasunera eta herritartasunera hurbiltzeko espazio bat ere bada, ondorio guztiekin. Hori izan liteke hiria eta plaza.

Hirigintza ikuspegitik gero eta bakanagoak dira plazak eta jendearekin egoteko tokiak. Buenavistan suntsitu egin dute horrelako plaza bat: platanoen azpira hurbiltzen zen jendea eguraldi onarekin. Orain ez dago horrelakorik. Atzera eraman dute plaza, parking baten sabaia da eta aldapan da, gainera.

Zenbat eta biztanle gehiago, orduan eta espazio publiko gutxiago dago. Gaur jada hiria ez da plaza, eta izan behar luke, hitzaren trasmisioa bermatzen duen leku bat izan nahi badu.

*

Donostiak ez duela bere historia soziala onartu diozu. Ze zentzu emango dio historia sozial horrek hiriari?

Bere buruaren narrazioa, hasteko. Erabaki liteke, gero, une batetik aurrera, zer egin zantzuekin eta, batez ere, monumentuekin. Historiaren aldian aldiko garaileek idatzi eta eraiki dituzte: Zer egin behar dugu arrasto horiekin? Denak suntsitu? Aukera bat da. Denak berritu? Era kritiko eta autokritiko batean mantendu? Francoren estatuak kendu egin behar dira? Franco egon ez balitz bezalako mundu bat eraiki behar dugu? Ez dakit. Pedagogia modernoak hori gomendatzen du haur eta gazte literaturan: gatazkarik ez erakutsi eta mundu fiktizio perfektu bat sortu umeen ontasunerako.

Francoren estatua bat, hiriaren autokritikarekin, datuekin, mantentzea, interesgarria litzateke. Okendoren estatuak niretzat ez du arte bezala balio handirik, nahiz eta arte mota baten eredu izan daitekeen, baina egun hiria inkontzienteki paseatzen da estatua horren ondotik. Francoren estatua bat balitz, aldiz, jendea horren aurka altxatuko litzateke.

*

(jarraipena du).

(Jatorrizkoa nire blogean)

EHUN GINEN - Idazlea, gidoilaria