Elkartasunak epeldu du atxiloaldiaren hotza

Seinale batzuk ezabatzea leporatuta auzipetuak eta zigortuak izan diren Claver eta Ramirez de Aldak ez dute babes faltarik izan gaurkoan. 80 lagun bildu dira bertso bazkarian eta 300 pasatxo manifestazioan. “Espaloitik” ez direla jaitsiko berresteaz bat, “euskararen alde egotetik, alde egitera” pasatzeko deia egin diete euskaldunei. Bihar ere izango da ekimenik.

Elkartasunak epeldu du atxiloaldiaren hotza

Sei mila euroz gaindiko isuna ordaindu ostean 48 orduko lokalizazio iraunkorra betetzen ari diren Altsasuko EHEko kideak euskaltzale andanaren elkartasuna eta babesa jasotzen ari dira.

Goizeko lehen ordutik aurrera hainbat izan dira Altsasuko Gure Etxea eraikinera hurbildu direnak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati edota Altsasuko Alkatea tartean. Euskal Herriko beste herri eta auzoetatik bertaratutako EHEko hamarnaka kideez gain, herriko bizilagunek ere auziperatuen alboan egon nahi izan dute. Zentzu berean, Sakanako Ernaik elkarretaratzea egin du eguerdian.

Horren ostean, Xabier Silveira eta Eneko Lazkoz bertsolarien hitzak eta doinuak lagun, bertso-bazkari umoretsuaz gozatzeko parada izan dute mahaiaren bueltan ziren 80 bat lagunek.

Berau bukatu eta gutxira, iluntzeko 18:30ak aldera hasi da “Euskaraz bizitzeari zigorrik ez. Ezabatu eta euskaraz bizi!” lelopean Altsasuko kaleak zeharkatu dituen manifestazio jendetsua. 300 euskaltzale pasatxo bildu dituen mobilizazioak abiapuntu izan duen lekuan bertan, Foruen Plazan bukatu du ibilbidea.  Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda auzipetuak Gure Etxea eraikineko balkoi nagusian ziren manifestarien zain ekimenari txapela jarriko zion idazkia irakurtzeko prest.

Zigorrak zigor “espaloitik” ez direla jaitsiko ozen aldarrikatzeaz gain, euskaldunei “euskararen alde egotetik euskara alde egitera” pasatzeko deia egin diete.

Aldarrikapenaren ondotik iritsi da berriz ere festarako tenorea. Pintxo-potea bukatuta, gaueko 22:00ak aldera da hastekoa Kinada taldearen kontzertua. Karaokearekin emango zaio bukaera gaurko eguneko egitarauari.

Hala ere, Altsasuko EHEk aste osorako egitaraua prestatu du, eta bihar (azaroak 24) ere izango da ekimenik. Horien artean azpimarratzekoa izango da Eneko Garaialdek “Desobedientziatik intsumisiorantz: bide bat” goiburupean emango duen hitzaldia.

Euskaraz bizitzeagatik zigortuta
Altsasuko EHEko Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda 48 orduko lokalizazio iraunkorrera eta 6.000 euroz gaindiko isuna ordaintzera kondenatu zituzten iaz, trafiko seinale batzuk ezabatzea leporatuta, ekintza konkretu bakar bat ere frogatu ez zen epaiketa baten baitan.

Atzo gauerditik igande gauerdira bitartean beteko dute zigorra Ramirez de Aldak eta Claverrek. Alta, atxiloaldia euren etxean bete ordez, Altsasuko Gure Etxea eraikinean ari dira berau betetzen beste hainbat euskaltzalerekin batera. Euren helburua, baina, ez da “azpiratu nahi gaituztenen zigorra betetzea”, epaiari buelta eman eta 48 orduok euskaraz bizitzearen alde egiteko baliatzea baizik.
Biharko egitaraua:

Azaroak 24, igandea:
12:00etan Photoshop ikastaroa
17:00etan Hitzaldia: “Desobedientziatik intsumisiorantz: bide bat” (Eneko Garaialde)
19:00etan elkarretaratzea (manifestazioaren leloarekin)
00:00etan: itxialdiaren amaiera

 

Hona hemen manifestazioko ekitaldiko manifestua:

Bi urte pasatu dira iada euskaldun izatearen harrotasunak kalera atera gintuenetik asimilazioaren aztarnak ezabatzeko asmoarekin, eta, gaur ere harrotasun berdinaz esan nahi dugu zigor honek ez gaituela kikildu, ez duela gure jarrera apur bat ere higatu, eta aurrerantzean ere euskaraz bizi ahal izateko gogotsu egingo dugula lan. Espaloian tinko jarraituko dugu. Euskaraz bizitzea desobedientzia den bitartean desobedienteak izango gara, jarrera hori babestu eta bultzatuko dugu, eta jendartea ere bide horretan urratsak ematera deitu nahi dugu.

Euskaldunon hizkuntza eskubideen ukazioa eta zapalketa etengabekoak dira eta egunerokoan ikusten da euskaldunok ezin dugula geure hizkuntzan, bertako hizkuntza propioan bizi.

Ingurura begiratzearekin soilik, aski da euskaldunon problemaz jabetzeko. Adibide lazgarriak ditugu nonahi. Kale izendegia euskaraz jarri nahi duela herriak? Laster etorriko dira goragoko administrazioen mehatxuak. Poliziaren aurrean euskaraz jarduteko dugun eskubidea exijitzen dugula? Komisaldegitik pasa ostean iritsiko zaigu isuna desobedientzia leporatuta. Adibide ezberdinak biltzen hasiz gero, amaigabea da zerrenda. Euskaldunon hizkuntza eskubideen zapalketak, aldiz, ez du inolako ondorio legal edo penalik.

Euskaldunok etengabeko zapalkuntzak jasaten ditugu eta paisaia linguistiko arrotza euskaldunok bizi dugun eraso horren beste adierazleetako bat da. Ezabatu eta Euskaraz Bizi Ekimenak berau eraldatzea du helburu, eta agerikoa da ekimen honen aurkako jazarpena. Azken urteotan hainbat isun eta zigor ezagutu ditugu honi lotuta.

Gu geu gara horren adibide, seinale batzuk ezabatzea leporatuta hemen baikaude 48 orduko lokalizazio iraunkorra betetzen, aurretik 6.000ko isuna ordaindu ondoren.

Hala ere, guk oso garbi dugu. Ez gaude hemen azpiratu nahi gaituztenen zigorra betetzeko. Epaiari buelta eman euskaraz bizitzeko hautua hedatzen jarraituko dugu, egunero bezala, 48 orduotan. Ez gara espaloitik jaitsiko. Euskaldun eta euskaltzale pasiboaren figura ez doa gurekin. Euskaltzale konprometitu eta aktibo gisara erantzungo diegu eraso guztiei, eta, Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herri euskalduna eraikitzen jarraituko dugu.

Beraz, euskaldun guztiei deia luzatzen dizuegu euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko. Asko baikara zentzu oso ezberdinetan euskaraz bizitzeagatik jazarpena eta bazterkeria pairatzen dugunak, gure elkartasuna adierazi nahi diegu errealitate krudel hau bizi duten beste guztiei, eta mezu garbi bat helarazi nahi dugu: urratsez urrats, egunez egun, herriz herri, euskaraz biziko den herria eraiki dezagun!

Euskaldunak gara eta harro gaude! Euskaraz bizitzeari zigorrik ez! Ezabatu eta euskaraz bizi! Gora euskal herri euskalduna!

Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
Altsasun, 2013ko azaroaren 23an.

4 pentsamendu “Elkartasunak epeldu du atxiloaldiaren hotza”-ri buruz