Kleopatra: eskerrik asko, ahari eder hori

Kleopatra: eskerrik asko, ahari eder hori –

Kleopatra: eskerrik asko, ahari eder hori

Orain dela hamar bat egun idatzi nahi nuen. Orain dela hamar bat egun, hilaren 6an, hain zuzen. Kleopatra hil zen egunean, Kleopatra hil behar izan genuen egunean, zehazki. Minaren minez hil eta idatzi ere. Baina denborak eta lanak irentsi egin naute, eta ordenagailutik urrun mantendu. Bihotzak eta buruak horretan jarraitu dute, alabaina.

Hilaren hasieran joan ginen ahariak eta antzuak –aurten erditu ez diren ardiak, gehi-gehienak urtekoak– ikustera, eta Kleopatra gaizki ikusi genuen, makal. Aurpegira begiratu eta aurpegiko ekzema zuen –ilea galduta izaten dute, eta larrua erretzen zaie, batez ere eguzkipean egonez gero– eta buruan euli mordoxka, burua eta adarra batzen diren tarte horretan.

Kleopatra: eskerrik asko, ahari eder horiBiharamunean eraman genituen denak etxera, eta Kleopatraren burua ondo behatuta, konturatu ginen euliek euren lana egina zutela: harrak zituen buru barruan. Epaia bazegoen: hil egingo zen. Hil egin beharko genuke, ezinbestean, nahi ez bagenuen ahariak sufritzen pasatzea azken egunak. Gazta egin genuen egun hartan; eta gaztak prentsan sartu berritan, aukera izan nuen artegira joan eta nire ahari kuttunetako bati –bestea Xaltarin da– azken agurra emateko. Azken agurra eman horrek esan nahi du odolusten den bitartean berarekin egon, laztandu eta eskerrak eman.

Badakit bere hobe beharrez hartu genuela hiltzeko erabakia, maite genuelako, sufritzea nahi ez genuelako; eta halere, hain da mingarria badoala ikustea… Une horietan hil zorian dagoena goxatu eta eskerrak ematea besterik ez dut gogoan. Eskerrak eman diguten guztiagatik, bizitzagatik.

Kleopatrari asko diot eskertzeko: bere dotoretasuna eta edertasuna, bere jarrera, tarteka emandako mimoak… eta batez ere bere alabak. Alaba sorta polita utzi digu; bera bezala, adardunak. Kleopatratarrek maiteminduta naukate, guztiz.

Kleopatra: eskerrik asko, ahari eder horiBitxia da artzaina eta artaldearen artean sortzen den harremana. Ardi edo ahari batzuekin ez duzu lotura handirik, beste batzuk, aldiz, oso gertukoak dira. Edozein dela harremana, dena den, hil behar diren horretan, beti ere eskerrak ematen dizkiet. Haiek ematen baitidate ogibidea, betetzen baitizkidate egunak eta gauak, egiten bainaute artzain. Haiek gabe beste bat nintzatekeelako.

Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari ea beste artzainek ere antzeko zer edo zer sentituko ote duten. Eta oraingo honetan neure buruari galdetu diot ez ote nukeen bizi beharko ardiekiko harremana beste modu batean, halako egoeratan larregi ez sufritzearren.

Bigarren galderarako erantzuna ezetza da. Distantzian biziko banitu ardiak ziur naiz mundu oso bat galduko nukeela; eta galera sentitzeak esan nahi du asko jaso dudala, aberasgarria izan dela gure artekoa. Ziur naiz urruneko harremana izango banu, haiek zaintzeko orduan, ñabardura asko galduko nituzkeela eta artaldearen kalterako litzatekeela.

Ez dut ahaztu nahi gure ardiei zor dizkiedala naizen hau, bizi dudan hori, jaten dudan bestea, janzten nauen hura… Izan ere, ahantziz gero, artzain izateari utziko nioke eta abere kudeatzaile bilakatuko nintzateke.

Horregatik guztiagatik –eta gehiagogatik–, mila esker Kleopatrari. Eta gure etxeko ardi eta ahari guzti-guztiei.

Kleopatra: eskerrik asko, ahari eder hori

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN