Klasismo naturalizatua
Klasismo naturalizatua –
Leire Narbaizak, Gipuzkoako Hitzan.
Gipuzkoako herri ertain bateko enparantzan nago, herriko plazan, plaza nagusian. Ez dabil automobilik bertatik, oinezkoentzako gunea baita. Umeak jolasean ari dira. Zehaztapena egin behar dut: mutikoek dihardute futbolean plazaren erdian. Mutikoek. Baloia jaun eta jabe da, beraz.
Alboetan, tabernetako terrazak dauzkagu, eta azken boladan baino giro epelagoa denez gaurkoa, jendez beteta daude ia. Ertz batean bankuak daude, jesarlekuak, gaurkoan nahiko hutsik, igandea den arren.
Enparantza botereguneetako eraikinek (faktiko eta praktikoek) zedarritzen dute, hiru erpineko triangelua zirkulu zentripetu bihurtuz: eliza, udaletxea eta batzokia. Sorgin-gurpil infinitua kalean irudikatuta.
Plazan daude uso-pasea eta tontodromoa ere. Bertan azaltzen ez dena, ez da nor. Plazaratzen ez dena, ez da existitzen herrian, auzotegi periferikoetako bizilagunei gertatzen zaien bezala. Herriaren imajinarioan agertu ere ez dira egiten; eta agertzekotan, anekdota hutsa dira. Horregatik da zuria plaza; edo hobeto esanda, plazakideak dira zuriak.
Herriaren bihotza ei den leku honek argi adierazten digu hiribilduko hierarkia. Erdigunean mutiko futbolariak daude, dena okupatzen, pilotakada galdu baten mehatxuak mugatzen duelako euren espazio izugarria. Erdigunean daude, espazioa eskuratu dute. Ez, baimendu egin zaie plazaren zorua okupatzea, guraso eta zaintzaile axolagabeek onartu diete molesta ez dezaten.
Mutiko ez-futbolista eta neskatilak arkupeen barrunbeetan aterpetuta dabiltza, aldiz; euren jolas eta berbaldi ezkutuak babesteko asmoz, jakin badakitelako inoiz ez dutela erdigunea lortuko pilotaren erreinu despotikoan.
Terraza eta tabernetan umeen gurasoak daude, lasai eta patxadaz. Batzuk egon beharraz ere aspertuta badaudela esango nuke. Euren ondoan herriko señoraz osatutako korro eseriak, betiere, lehenengo ilaretan, ikusgarriagoak izan daitezen, okasiorako jantzita eta orraztuak. Era berean, señor gutxiago ikusten dira jesarrita terrazetan, euren jarrera zutikakoa baita. Bertikaltasuna praktikatzen dute aginpidea halakoa da-eta.
Bankuetan, ostera, zaharrak dauzkagu. Oso zaharrak, edota ezgaituak direnak, terrazetarako zaharregiak edo baldarregiak. Beste zirkulu batekoak dira horiek. Eta, zelan ez, euren zaintzaile atzerritarrak, betiere jarleku publiko horietako ertzetan jarrita, enparantzaren periferian ere hierarkiak agintzen duelako, jakina. Eserlekuetan, noizean behin andrazko zapidunak ere egoten dira, euren seme-alabak futbolean edo arkupeetan ibiltzen direlako, betiere eskolatik irten ostean. Baina gaur, igandea izanda, periferian geratzea tokatzen zaie, herrigunea asteburuetan ez delako eurendako. Jesarleku publikoetako okupatzaileek ez dute dirurik gastatu nahi, edo ezin dute. Hierarkia eta klasea gurutzatzen diren lekua dira bankuak.
Mundu oso bat da plaza, edozein herri txikitako enparantza izan litekeelako Euskal Herri osoa. Konplexutasuna agerian lagatzen duelako bizitzaren ordena honek. Ordena betierekoa.
Terrazan eta banku publikoetan eserita egoteak eragin dizkit burutazio hauek. Leku bietan jesarrita, ikuspegi ezberdinak izan ditut, elkarrengandik hogei metrora, plazaren erradiografia egiteko. Eta orain arte normalena egiten zaidana aztertzeko aukera izanda, emaitza argi bat izan dut: klasismo naturalizatua da plaza nagusia, herria ere halakoa delako.
Ah, ze behaketa hain argia!
Ingenieritza sozial edo araudi ideologikoen eraginetatik at, organikoki egituratzen dira era natural eta espontaneoan antolatzen diren giza-talde guztiak, hots, hierarkikoki, baita komuna hippie eta talde asanblearioetakoak ere. Hierarkia ordena natural ororen ezaugarria da. Berau ukatzea, natura bera ukatzea da.
Zeinen oker zeuden nire aitonamona euskaldun elebakarrak: Batak Franco eta maketo espainolei botatzen zien bere bazterketaren errua. Amonak berriz, elizatarra izaki, jaingoikoaren legea zela zioen eta (a)men. Naturak eragindako pariak biak ere.
Ezin da ukatu talde sozial guztietan botere harreman espezifikoak egituratzen direla, baina, era berean, arau sozialak aurretiaz ezartzen zaizkio norbanakoari, berau moldatuz eta instituzionalizatuz. Norbanako-talde sozial sinbiosi horretan, ordea, norbanakoak ere badu eragite ahalmen jakin bat. Ezarritako ordenaren gainetik, desordena bilatzen duena, berrikuntza eta etekin sozial hobea bilatze asmoz batzutan. Ezarritako ordenaren onuradun direnak ordea, ordenaren aldaezintasuna aldarrikatzen dute. Azken finean, gizateriaren historiako paradigma laburtua.
Zu non kokatzen zara?
Hierarkia eta bazterketa ez dira gauza berdinak. Naturako ekosistema guztietan ematen da hierarkia bat bertan parte hartzen duten espezien artean. Horrek bazterketarik ote du atzean? Ez, “espontaneoki” gauzatzen da, hierarkikoa delako naturak bere burua ordenatzeko duen bidea.
Gizakia naturaren parte da, eta era hierakikoan antolatuko dira giza-talde guztiak, pakean uzten bazaie behintzat. Hor ditugu Ijitoak, zeinak patriaraka eta matriarken autoritatepean ezartzen diren era natural batean. Hor ditugu komunitate juduak, Rabinoen eta Sinagogaren inguruan artikulatzen direnak, horiek direlarik komunitate barneko epaile eta lege. Hor ditugu Libanoko shiitak ere, zeinak Hezbollah erresistentzia-mugimendu hierarkizatu baten baitan antolatuak dauden. Uste duzu talde guzti horiek era kohertzitibo batean antolatzen direla modu horretan?
Eta euskaldunak? Bada, euskaldunak antzinarotikan antolatu gara Buruzagi baten inguruan, hasi zaitez Iñigo Aritzatik (buruzagien buruzagi), Nafarroako errege guztietatik, ahaide nagusien leinuetatik, Zumalakarregi eta Santa Kruzen inguruan antolatu ziren partida karlistetatik igaroz, ETA eta ENAM mugimendu politiko hierarkizatuetara iritsi arte.
Izan zarete Ezker Abertzaleko militanteak gatazken garaietan? Bada, jakingo duzue bere barne-antolamendua guztiz hierarkizatua zela. Guzti hori ere zapalkuntzagatik ote?
Ba euskal herrietako plazetan, berdin. Aiton-amonak ez dira poteatzaile sutsuak izan ohi, ez dute gastatzeko beharrik eta ez dira terrazetan eseritzen. Gazteak, aldiz, diru feskoa dute eta garagardozaleak dira, beraz terrazetan jarriko dira. Mutikoak futbolean jolastu ohi dute, beraz toki aproposa bilatuko dute horretarako. Talde bakoitzean kapitain bat izango da, gizonezkoaren izaera naturalari jarraiki, zeina mamut-ehiztarien taldeetara atzeratzen den. Neskek nahiago dute soka-saltoan edo kontu-kontari ibili, beraz horretarako aproposak diren guneak egingo dituzte. Eta jakina, euskal herri batetaz ari garela, normalena izango da euskaldunak “okupatzea” euren herriko plaza. Non dago arazoa? Nahiago dituzue mairu edo banda-latinoak plazaren jabe egitea herriko neska-mutilak kanporatuz? Arazoa artikulugilearen eta zenbait iruzkingileen kazkezurrean dago, eta ez herriko plazan.