Neguko uzta jasoko dugu larunbatean, Beltxaren Bikotearekin

Neguko uzta jasoko dugu larunbatean, Beltxaren Bikotearekin –

«Jasotzeko erein egin behar da» esanda, urtaro bakoitzeko Euskal Herriko baserri bat zabaldu eta kontzertu plaza bihurtzeko asmoz aurkeztu zen Baserriko uzta egitasmoa. Eta modu horretan, musikak erakarrita, nekazarien eguneroko jarduna bertatik-bertara ezagutu eta mahaiaren bueltan bazkaria egiteko gonbitea luzatzen dio bisitariari.

Lehen sektoreko eskaintza kulturala Antzuolako Pikunieta baserrian abiatu zen, bertaratu ginenok ondo gogoan gorde dugun jardun gogoangarriarekin. Eta udazkenekoaren ostean neguko uzta jasotzeko garaia heldu zaigu orain; datorren larunbatean, otsailak 3, Etxarri Larraungo Arbegain baserrian eta Beltxaren Bikotearekin.

Bertaratu gura duenak oraindik ere badu aukera, baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzita. Jardunaldiak 20 euro balio ditu (gaztetxoen kasuan, 12 euro), etxalderako bisita, kontzertua eta bazkaria barne; azkar ibili, tokiak mugatuak baitira.

Arbegain baserriko nagusi Mikel Lasarte izango dugu larunbatean gonbidatzaile. Berarengana jo dugu, bisitaldiaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz.

.

Lastotegitik oilategira

Negua bukatzerakoan bost urte beteko dira Lasartek Arbegainen oilategia gobernatzen duenetik. “Nekazari ingeniaritza tekniko ikasketak egin nituen, eta beti egin izan dut lan nekazaritzaren inguruan -aitak ere 50 txerramako etxaldea ei zuen-. Baina beti besteentzako lan egiteaz nazka nazka eginda, bizitzan beste zerbait behar nuela-eta, oilategia jartzea erabaki nuen”. Hegazti txikiak maneiatzen errazak izango zirelakoan zegoen, arrautzak saldu ahal izateko bete beharreko agiri eta arautegiak ezagutu zituen arte!

Arbegaingo oilategia, gainera, EHKOlektiboko kide da, modu ekologikoan egiten baitu ekoizpena, “etxaldeko neurrietara egokituta eta bertatik-bertara merkaturatua, gertutasunari garrantzia emanda”.

Neguko uzta jasoko dugu larunbatean, Beltxaren Bikotearekin
Arbegain baserriko baratza eta oilategia.

Oilategiaz aparte “baratza majoa” ere ba omen du Lasartek, eta saiatzen da hegaztientzako ere ahalik eta barazki gehien ekoizten -orain aza ematen omen die-. “Elikaduraren ehuneko handia pentsua da, eta beraz, kanpotik ekarri behar bazka, hor dugu handicapa; bi fabrika ditugu inguruan eta lortu dugu estaltzea pentsu beharra, baina izugarri garestia da eta arrautza ekologikoen prezioan eragiten du horrek. Gainera, libre ibil daitezen, oiloko lau metro karratu behar dira, legez eskoletan ikasleko baino gehiago (kar, kar)”.

Ekoizpen txikiak bere abantailak ere badituen arren -Lasartek bakar-bakarrik egiten du lan-, zailtasunak ere franko dira, aurrera egiterako orduan uste baino motelago doan Etxarriko oilozainak agertu digunez. “Nire kasuan, 450 oilo izateko gaitasuna dut, baina bi lote izaten ditut ekoizpenean -150 oilo loteko-, eta hirugarren bat ekartzen dut beti neurri eta adin ezberdinetako arrautzak izateko, ez beti gazteak ala zaharrak. Ez da asko; legalki dagoen ukuilurik txikiena da”.

Nekazaritzari emana dagoen arren, Lasarteri ez omen zaio gustatzen “explotación agraria” izendapena, “ez baititugu lurra ezta abereak ustiatzen”. Ados dago “explotación familiar” diotenekin ordea, “familia bai, familia guztia gure mesedetan ustiatuta dugu-eta! (kar, kar)“. Laguntza handia ematen omen diote, gutxitan izan dituen oporrak hartzeko, esaterako.

Neguko uzta jasoko dugu larunbatean, Beltxaren Bikotearekin
Arbegain baserriko baratza eta oilategia

Arbegain baserriko nagusiaren aburuz, bere eskualdeko nekazaritzak “gainbehera handia izan du. Aktibitate nagusia esne behia eta ardiak izan dira, baina orain `de pena´ daude. Eta ekoizpen ekologikoen aldetik, basamortu bat da”. Bere etxaldeaz gain, orain neska bat hasi omen da ogi ekologikoa egiten Azpirotzen -larunbateko bazkarian izango dena-, eta ezer gutxi gehiago. “Gure merkatu nagusia, esaterako, ez dago hemen, Iruñean baino”.

Alta, jendartean nabari du Mikel Lasartek elikadura ekologikoarekiko kezka. “Arrautzak merkaturatzen hasi nintzenean kontsumo taldeak sortu nituen, eta egia da jendeak galdetzen zidala ea filosofia berarekin ekoizle gehiago ezagutzen nituen, eta zeintzuk elikagai zituzten”. Horregatik da garrantzitsua EHKOlektiboa, eta honek egiten duen lana; “elkartzeko”.

90eko hamarkadan, Lasarte Unibertsitatean zegoela, entzun omen zuen kontsumo ekologikoaren berri. “Badator, esaten zuten, eta kostatu zitzaion etortzea; baina bi urtetik hona saltoa nabaria izan da, oso handia. Iruñea aldean, esaterako, jantokia duten haur-eskolek menu ekologikoaren aldeko apustua egin dute, eta bultzada handi bat izan da on fire zegoen sektorearentzat. Pentsa, Nafarroan guk aukeratutako bidea arrakastaz hilko zela uste nuen, eta inork modu ekologikoan ez ekoiztetik kolpera hamar etxalde ezartzera pasa ginen”. Hasieran beldur baziren ere, non eta zenbatetan saldu, guztien artean banaketa zabala egitea lortu dute, Iruñerriko kasik edozein tokitan aurki baitaitezke gaur ekologikoki ekoiztutako arrautzak.

.

Elizan, a capella

Eta larunbateko bisitaldian zer? Baserriko Uzta egitasmoaren bitartez bere etxaldea ezagutzera emateko aukera izango du Lasartek. “Ingurunea erakutsiko dut, Larraun, bailara xelebre samarra -Gipuzkoan ezaguna omen da Kutxak haurren udaleko bat duelako bertan-. Gero goiti-behiti baratza ezagutu eta oiloekin nola egiten dudan lan. Hilbeltzan lote bat aldatzea tokatu zait, eta beraz jendeari oiloak egoten diren toki horretan sartzeko aukera emango diot…”.

“Ekimen polita da Baserriko Uzta”, dio, normalean behiak dituzten etxaldeak bisitatzen direla adierazten duen bitartean, edo ardiak dituztenak, hau da, tradizionaltzat jotzen ditugunak. “Baina zergatik ez oiloekin lan egiten dugunona? Beste etxalde eta ekoizpen modelo batzuk ere badirela erakutsi behar dugu. Hurrengo hitzorduetako batean, esaterako, marmeladak egiten dituen etxaldea ezagutuko dugu Baserriko Uztan, eta niretzat dibertsitate horrek ematen dio balioa egiten dugunari, aspektu ezberdin asko osatzen baititugu”.

Lasartek berak aukeratu zuen Beltxaren Bikotea neguko uztan kanta zezaten, oso gustuko ditu-eta. “Bi emakumek osatutako taldea da -tresna ugari jotzen dituen musikari bat lagun dutela-, eta badute eskarmentua. Oso boz atenperatuak dituzte eta a capella kantatzen dute; niretzako horrek badu beste xarma bat. Gainera, baimena dugu larunbatean zuzenekoa elizan egiteko -ez dute bozgorailurik beharko-, eta emanaldi berezia atondu dute, hitzordurako propio aukeratutako kantuekin: Aita Donostiak eta Azkuek jasotako Etxarri eta Larraungo kantu tradizionalak kantatuko dituzte”.

Elizan? “Bai. Herriak baditu bere berezitasunak, eta bertan egingo dugu hitzordua, gure etxaldea kilometro erdira baitago. Harreraren ondoren etxaldera jo eta oilategia ezagutuko dugu, eta herrira itzuli, elizan izango baita kontzertua, eta ondoko gela batean bazkaria”.

Neguko uzta jasoko dugu larunbatean, Beltxaren Bikotearekin
Neguko uzta jasoko dugu larunbatean, Beltxaren Bikotearekin
Arbegain, baserria, Baserriko Uzta, Beltxaren Bikotea, Beltxaren Bikotearekin, EHKolektiboa, musika, Neguko uzta jasoko dugu larunbatean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude