Kistau konbentzimenduak
Ez goaz hutsetik hutsera
Banaka-banaka hiltzen ari ziren Jesus ezagutu zuten ikasleak. Gelditzen zirenek hura ikusi gabe sinesten zuten haren baitan. Eukaristian ezin ikusizko moduan presente zegoela aitortzen zuten, baina noiz ikusiko zuten haren aurpegi bizi-bizi hura?, noiz beteko zen harekin betiko topo egiteko zuten gogo hura?
Jesusen hitza maitasunez eta fedez gogoratuz jarraitzen zuten. Horixe zuten beren janaria pertsekuzio-aldi latz haietan. Baina noiz egiaztatu behar zuten hitz haiek egiazkoak zirela? Ez ote ziren joango hitz haiek apurka-apurka ahantziz? Urteak joan urteak etorri, baina sekula ez zen iristen hain hertsiki irrikatzen zuten Azken Eguna; zer pentsatu handia ematen zien horrek.
Haien esperantza elikatu nahiz, hainbat konbentzimendu eskaini nahi ditu Markosek bere hitzaldi apokaliptikoan. Ez da hartu behar, ordea, hitzaldi hori letraren harira, baizik gaur hain arrotz gertatzen zaizkigun irudi eta sinbolo horietan datorren fedea aurkitzen ahalegindu behar dugu.
Lehenengo konbentzimendua. Gizadiaren historia zoragarri hau bere betera iritsiko da egun batean. Urteen segida adierazten duen «eguzkia» itzaliko da. Hilabeteen erritmoa markatzen duen «ilargiak» ez du gehiago distiratuko. Ez da izango gau-egun bikoterik, ez denborarik. Gainera, «zeruko izarrak eroriko dira», zeruaren eta lurraren arteko distantzia desegingo da, ez da orduz gero espaziorik izango. Oraingo bizitza hau ez da betirako. Egun batean behin betiko Bizia iritsiko da, espaziorik eta denborarik gabea. Jainkoaren Misterioan biziko gara.
Bigarren konbentzimendua. Jesus itzuliko da eta ikasleek ikusi ahal izango dute desiratzen duten haren aurpegia: «Gizonaren Semea etorri datorrela ikusiko dute». Eguzkia, ilargia eta astroak amatatuko dira, baina mundua ez da argirik gabe geldituko. Jesus izango du betiko argi, gaur abusuaren, injustiziaren eta gezurraren hain esklabo den giza historian egia, zuzentasuna eta bakea ezartzen dituela.
Hirugarren konbentzimendua. Berekin ekarriko du Jesusek Jainkoaren salbamendua. Aitaren ahalmen handia eta salbatzailea berekin duela etorriko da. Ez da etorriko mehatxuzko itxuraz. Ebanjelariak ez du aipatzen hemen auzi- eta gaitzespen-konturik. «Bere hautatuak elkartzera» dator, haren salbazio fedez espero dutenak biltzera.
Laugarren konbentzimendua. Jesusen hitzak «ez dira igaroko». Ez dute galduko beren indar salbatzailea. Jesusen jarraitzaileen esperantza eta pobreen arnasa elikatzen jarraituko dute. Ez goaz ezerezera eta hutsera. Jainkoa dugu zain gu besarkatzeko.
Jose Antonio Pagola
BERRI ONAK Sare Ebanjelizatzailea
Zabaldu kristau-esperantza. Bidali hau
2009ko azaroaren 15a
Urteko 33. Igandea (B)
Markos 13,24-32