Batzuek dena dakite beti

cc-nby-sa: epsos.de
cc-nby-sa: epsos.de

Lerroburuak jotzen dizu begian eta deblauki jabetzen zara, esaterako, Iruñean atxilotu zutela atzo, “Aljerian dabiltzan Yihad-en zelulak finantzatzen dituen” morroi bat. Eta hori gutxi bailitzan, Sennia Rabah delakoa, harremanetan dagoela erakunde batekin. Aldi berean jakiten duzu, erakunde horrek, adarrak dauzkala Europako herrialde zenbaitetan,  eta finantza eta logistika aldetiko laguntza eskaintzen diela terroristei. Arraioa!

Hori dena irensten duzu albistea bera irakurtzen hasi aitzinetik, letra txikira joandakoan aurkitzen baituzu lehen aldiz “ustez” hitza. Literalki: “presuntamente relacionado con una organización islamista…”.

Kontxo kontxo, aldrebeskoa ulertuko nukeen, lehenbizi omenka eta ustezkoka hasi eta aurrerago balizkoaren aipamena ahaztea, baina alderantzizkoa ez da onartzeko modukoa.

Batez ere irakurleak halako zaputz modukoa jasotzen baitu alferrik,  gaizoak, lehenbizi  kriminal handia atxilotu dutela irakurri, hementxe bertan, Iruñean,  eta gero, konturatzen denean Sennia Rabah delakoaren etxean ordenagailu eramangarria, telefono txartelak, telefono mugikor batzuk eta “zenbait dokumentazio” atxeman duela guardia zibilak. Ez pistola, bonba edo tankerik. Eta omenka ari direla, gainera.

Segur naiz gure etxean gauza okerragoak eta terroristagoak  aurkituko lituzketela, bai baitaude aizkorak, Cubatik ekarritako matxeta zahar bat, motozerra txiki bat, mila telefono zahar birziklatzera eraman gabeak, eta terremotoa den gure alaba txikia ere bai, eta mota desberdinetako aparailu elektronikoak, sokak, mailu bat eta pare bat destorniladore. Roald Dahlen ipuin batean asasinatzeko erabiltzen zen arkume izter izoztu baten parekoa ere bai konjeladorean eta, liburuen artean, Korana ere bai, deskuidatzen bazara. Eta Xalbadorren Odolaren mintzoa (Habla sangre, habla!)

Ondo pentsatuta, hobe gaude ixilik, albisterako ezezik, erreportaje luze bat egiteko gaia ere emango genuke eta.

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.