Kirikoketa besta, sagar-jotzearen doinua
Arizkunen (Baztan) sagardoa egiteko prozesuan ohikoa zen besta bat berreskuratu zuten orain hamasei urte. Geroztik, urtero, Kirikoketa besta antolatzen du Jo ala Jo elkarteak. Baina zer da kirikoketa?
Sagardoa egiteko garaian, sagarra puskatzeko lanaren bukaerako besta da. Kirikoketa-jotzea, funtsean, laneko tresnek, mazek, pats-oholak jotzerakoan egiten duten soinua dira (hitz onomatopeikoa). Lanean erritmoa mantentzeko sortu ziren, lana eramangarri egiteko. Eta horrela sortu zen, kirikoketa bera musika-tresna gisa. Bere kantuak ere baditu.
Lana egiteko tenorean ez ezik, lana bukatutakoan, etxeko atarian, larrainean, jotzen zen, lana bukatu zela iragartzeko gainerako bizilagunei, eta hori besta-giroan egiteko.
Sagardoa egiteko lanean makinak sartzearekin, eta batez ere sagarra xehetzeko makinak sartu zirenean, galtzen joan zen kirikoketa doinua eta besta bera, ia-ia desagertzeraino. Baztanen, baina, eta bereziki Arizkunen, hori berreskuratzeko eta zabaltzeko lan eskerga egiten ari da azken urteotan Jo ala Jo elkartea.
Datorren larunbatean, hilaren 24ean, bertan ikusi eta aditu ahal izanen da kirikoketa, egun osoko egitaraua antolatu baitute horretarako. Goizeko 11:00etatik aitzinera, sagardogintza erakustaldia izanen da XVIII. Mendeko Dolaretxean (sagar-jotzea, tinkatzea, kupelaratzea eta kirikoketa-jotzea). 14:30ean herri bazkaria eginen da, eta 20:00etatik aitzinera Parti aparta prestatu dute, musika doinuekin. Sagardorik ez da faltako, jakina!