Jai Alai Blues

Jai Alai BluesGure kirol nazionala maite dut. Bere forma guztietan: esku-pelota, pala, zesta-punta…  Sexia iruditzen zait. Eta ez naiz hori pentsatzen duen bakarra. Uda honetan Ingalaterrako bi (neska) lagun Carmelo Baldara eraman ditut Jai-Alive Masterseries final aurrekoa ikustera: Egiguren-Erkiaga vs. Zulaika-Israel. Partidua hasi orduko nire lagunetako batek, gin-tonikari zurrutada ederra eman ondoren, begiak bere lekutik atera beharrean, hau bota zidan: “That’s very phallic!”. Pilotarien lan-tresnaz ari zen, bai. Baina ez dut uste hori (bakarrik) denik zesta-punta sexia egiten duena.

Jai Alai BluesHorretaz (ere)  hitz egiten da  Gorka Bilbao-ren Jai Alai Blues dokumental zoragarrian. Kirolaren internazionalizazioa, bere “urrezko-aroa” eta gainbehera aztertzen ditu artxibuzko irudi interesgarri eta ezezagun ugarien bidez eta gaur egungo pilotarien testigantzaz lagunduta. Bilbaoren lehenengo film luzea pasa den Zinemaldian estreinatu zen Zinemira atalean eta oso  harrera ona izan zuen.

Filmaren lehenengo zatian Zesta-punta Asian nola ezarri zen erakusten digu, gure kirolak Shanghai eta Filipinetan izan zuen ongietorri beroa eta handik nola bidaitu zuen Cubara eta Mexikora. Bigarren zatia EEBBetan izandako finkapen eta garapena, hedapena eta gainbeheran zentratzen den bitartean.

Istorio hunkigarriak, bitxiak, barregarriak entzuten ditugu pelotariek lehen pertsonan pasatako esperientziak kontatzen dituztenean eta horreta datza, nire uste xumean, film honen indarra. Gure pelotariak “super-star” statusa lortu zuten EEBB-etan batez ere eta pertsonaia ikoniko bihurtu ziren: Groupiez inguratzen ziren Amutxastegi, Zulaika, Angelito Ugarte,  Rementeria, Bereikua… Hollywood-eko izarrak ezagutu zituzten: Esther Williams, Paul Newman, John Travolta… Living the American Dream!

Jai Alai BluesJai Alai Blues-en atzean dago Berde Produkzioak ekoiztetxe Zornotzarra, 2010ean Amerikanuak dokumental deliziosoa ekarri zigun ekoiztetxe bera. Urte dexente pasa dituzte azken hau gauzatzen baina egindako lanak beste maila batera igo ditu zinegile bizkaitarrak.

Jai Alai BluesFilmaren estrukturak batzutan kontakizuna geldotzen duen arren, filma momentu ederrez dago josita  eta dokumentazio eta muntai-lan itzela dago atzean. Izan ere, gaur egungo Euskal Herriko dokumentalgintzaren maila altuaren adierazleetako bat da Jai Alai Blues.

Filma azaroan izango da ikusgai Euskal Herriko zine aretoetan ATERA Films banatzailearen eskutik. Eta konfidantza ematen du honelako dokumental bat ATERA bezalako banatzaile batek mimatuko duela eta bere ibilbide komertziala duina emango diola jakiteak.

Aurre-estrenaldiak Gernikan, Bilbon eta Zumaian asteburu honetan hasita eta zine aretoetan azaroaren 6tik aurrera.

Deigarria: Billabonako Angelito Ugarte, 50. hamarkadan EEBBetan ibili zen pilotari mitikoa, pertsonaia xelebrea, interesgarria, karismatikoa, bizi-grinaz betea eta Gorka Bilbao zuzendariaren hitzetan, dokumental oso bat berari buruz bakarrik egiteko modukoa.

Izarrak4/5

4-izar

Jai Alai Blues. Teaser from Berde Produkzioak on Vimeo.

Jai Alai Blues
Amerikanuak, banatzaile, dokumental, Donostiako Zinemaldia, jai alai, Pelota, Zinemira
Izaskun Arandia

Zinegilea izarfilms.com hemen.me tinkoeuskara.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude